Eusko Jaurlaritzak Finantzaketa Jasangarriko Esparrua eguneratu du, ingurumen- eta gizarte-inpaktua duten proiektuak sustatzeko

0

Ogasun eta Finantza Sailak Finantzaketa Jasangarriko Esparrua eguneratu du. Esparru horrek ezartzen du nola jaulki eta kudeatuko diren ingurumen- eta gizarte-inpaktua duten proiektuetarako soilik erabiliko diren finantza-tresnak (bonuak, kokapen pribatuak eta maileguak). Esparru horrek, halaber, Eusko Jaurlaritzaren inbertsio publikoa 2030 Agendarekin bat etortzeko egindako apustua indartzen du, eta baliabide publikoen erabileraren gardentasuna eta efizientzia errazten duten hautaketa-, kudeaketa- eta txosten-prozesuak bermatzen ditu.

2024-2028 aldirako diseinatutako esparru berriak agintzen duenez, tresna bakoitzetik jasotako diru-sarrera garbien zenbateko baliokidea jarri beharko da ingurumen-helburuetan (energia berriztagarriak, garraio garbia, uraren kudeaketa, biodibertsitatearen kontserbazioa, energia-efizientzia eta klima-aldaketara egokitzea) eta gizarte-helburuetan (etxebizitza eskuragarria, hezkuntza, osasuna, aurrerapen sozioekonomikoa eta enplegua sortzea) lagunduko duten proiektu hautagarrietarako.

Prozesu horrek BBVAren laguntza izan du; izatez, entitate horrek egitura solidoen definizioan duen esperientzia eskaini du, hautagarritasun-irizpide zehatzekin eta gardentasun-mekanismoekin, betiere merkatuko jardunbide onenekin zorrotz bat etorrita.

Proiektuen hautaketa zuzenean lotzen da Eusko Jaurlaritzaren indarreko aurrekontu-programekin, eta inbertsioek identifikatutako premia publikoei erantzutea bermatzen du.

Gizarte-jarduketaren arloko ildoen artean, nabarmentzen dira, batetik, etxebizitza duina eskuratzea erraztuko duten politika publikoen finantzaketa (etxebizitza sozialak eraikitzea, Bizigune programa, Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa eta Gaztelagun bidez gazteei laguntzea), eta, bestetik, kolektibo zaurgarrientzako hezkuntza- eta osasun-programen babesa. Arlo ekonomikoan, baliabideen bidez babestu ahal izango dira gizarteratzeko neurriak, larrialdietarako prestazioak, lan-munduratzeko programak eta enplegagarritasunerako prestakuntza, Euskal Autonomia Erkidegoko ongizate-eredua indartuta.

Ingurumenaren arloan, Finantzaketa Jasangarriko Esparruaren bidez kanalizatutako baliabideek ahalbidetuko dute energia berriztagarrietako inbertsioak bizkortzea (eguzki-energia, eolikoa, biomasa eta itsas energia), garraioaren deskarbonizazioa bultzatzea, hondakin-uren kudeaketa-azpiegiturak finantzatzea, kutsaduraren prebentzio- eta kontrol-programak finantzatzea, eta ekosistemak kontserbatzeko eta lehengoratzeko ekintzak egitea. Esparru horrek hautagarritasun- eta bazterketa-irizpideak txertatzen ditu, eta, horien bidez, jarduera eztabaidagarrien finantzaketa saihestuko da, hala nola tabakoaren ekoizpena edo ikatzaren erauzketa adierazgarria.

Proiektuen ebaluazioa eta hautespena

Zorroztasuna eta kontrola bermatze aldera, proiektuak ebaluatzeko eta hautatzeko prozesua Finantzaketa Jasangarriko Batzordean zentralizatuta dago. Batzorde hori Ogasun eta Finantza Saileko eta arlo garrantzitsuetan ardura duten sailetako ordezkariek osatzen dute (Hezkuntza, Osasuna, Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuna, Etxebizitza, Mugikortasuna, Ongizatea eta beste batzuk). Sail bakoitzak, a priori, inpaktuko ebaluazioak egiten ditu eta, bidezkoa denean, proiektuen hautagarritasuna babesten duten ingurumen-ebaluazioak egiten ditu.

Eusko Jaurlaritzak diru-sarrerak kudeatzeko mekanismo argiak zehaztu ditu: funtsak zuzenean esleituko zaizkie ekitaldi fiskaleko aurrekontu-programa hautagarriei, eta, esleipena atzeratzen bada, likidezia-posizio seguruetan zainduko dira, aplikatzen diren arte. Era berean, proiektu batek hautagarri izaera galtzen badu, baliabideak berresleitzea aurreikusten da, kontabilizazio bikoitz oro saihestuta. Eusko Jaurlaritzaren webgunean eskuragarri egongo da esleipenei buruzko informazioa, eta urteko inpaktu-txostenak eskainiko dira, betiere sexuaren eta garrantzizko beste aldagai batzuen arabera banakatutako adierazleekin.

“Esparru hori abian jartzearekin, Eusko Jaurlaritzak Euskadi 2030 Agendarekin eta 2024-2028 legealdirako onartutako plan estrategikoekin duen konpromisoa indartzen du, eta ingurumen- eta gizarte-irizpideak barne hartzen ditu finantza-plangintzan”, eman du aditzera José Enrique Corchón Finantza Politikako eta Aurrekontuetako sailburuordeak, eta, argitu duenez, “tresna dinamikoa da eta eboluzionatu egingo du, Bonu Berdeen Europako sailkapenarekiko lerrokatze teknikoan aurrera egin ahala eta egiaztapen- eta ebaluazio-mekanismoen hobekuntzan aurrera egin ahala”.

Azken batean, tresnaren helburua da finantzaketa publikoa modu arduratsu eta eraginkorrean bideratzea, lurraldearen trantsizio ekologikoa eta soziala bizkortu dadin, herritarren bizi-kalitatea hobetu dadin eta inbertitzaileei eta merkatuei gardentasun-, inpaktu- eta kontrol-bermeak eskain dakizkien.