- 2026-2027 ikasturtean sei integrazio-prozesu garatuko dira Bizkaian, Bilboko, Basauriko, Getxoko eta Leioako 12 ikastetxe publikotan.
- Prozesuak Lurraldeko hainbat ikastetxek partekatutako errealitatean oinarritzen dira, hezkuntza-konplexutasunaren indize altuak, ikasleen osaera sozioekonomikoaren desorekak, matrikulazioen eta taldeen galera jarraitua eta matrikula oso baxuak, kasu batzuetan 60 ikasletik beherakoak.
- Hezkuntza Sailak hurbileko ikastetxeak integratzearen alde egiten du, hezkuntza-komunitate zabalagoak eta kohesionatuagoak sortuz, hezkuntza-baliabideak eta kalitatezko hezkuntza-proiektuak eskaintzeko gaitasun handiagoa dutenak, Eskola Bikaina Denontzat Mahaiaren printzipioekin bat etorriz.
Eusko Jaurlaritza hezkuntza-sistemaren hobekuntzan aurrera egiten ari da, ikasle guztientzako kalitatezko hezkuntza bermatzeko helburuarekin. Segregazioari aurre egiteko eta inklusioa, ekitatea eta eskola-eraginkortasuna indartzeko ildo estrategikoak, programak eta ekintzak ere landuko dira Eskola Bikaina Denontzat Mahaiaren bidez. Bere printzipioekin bat etorriz, eta inplikatutako ikastetxeekin prestakuntza- eta laguntza-prozesu baten bidez, Saila Euskadiko zenbait ikastetxeen integrazio-prozesuak garatzen ari da, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak gaur goizean komunikabideen aurrean azaldu duenez.
2026-2027 ikasturtean, sei integrazio-prozesu egingo dira Bizkaiko 12 ikastetxe publikotan, hezkuntza-proiektuak indartzeko, sistemaren ekitatea hobetzeko eta eskola-segregazioaren aurkako borrokan aurrera egiteko. Jardunek Bilbo, Basauri, Getxo eta Leioako zentroei eragingo diete eta, sailburuak adierazi duenez, “hezkuntza eta gizarte irizpidetan oinarritutako hezkuntza sistemaren plangintza arduratsuari erantzuten diote”.
Era berean, planteatutako aldaketei dagokienez, Begoña Pedrosak zehaztu du “epe ertain eta luzerako pentsatutako hezkuntza-proiektu sendoak, inklusiboak eta bideragarriak bermatu nahi dituztela, kalitate handiagoko hezkuntza, orekatuagoa eta ikasleei, familiei eta hezkuntza-komunitatea osatzen dutenei aukera hobeak eskainiko dizkiena”.
HEZKUNTZA- ETA EKITATE-IRIZPIDEAK
Iragarritako prozesuak Lurraldeko hainbat ikastetxek partekatutako errealitatean oinarritzen dira, hala nola, hezkuntza-konplexutasunaren indize altuak, ikasleen osaera sozioekonomikoaren desorekak, matrikulazioen eta taldeen galera jarraitua eta matrikula oso baxuak, kasu batzuetan 60 ikasletik beherakoak.
Egoera horren aurrean, Hezkuntza Sailak hurbileko ikastetxeak integratzearen alde egiten du, hezkuntza-komunitate zabalagoak eta kohesionatuagoak sortuz, hezkuntza-baliabideak eta kalitatezko hezkuntza-proiektuak eskaintzeko gaitasun handiagoa dutenak.
Ikuspegi pedagogikotik, integrazio horien helburua da ikasleek ikasteko eta elkarrekin bizitzeko aukera gehiago izatea. Gela batean, adibidez, 5 haur baino ez daudenean, ikaskideen arteko hartu-eman gutxiago dago, eta zailagoa da taldean lan egitea edo proiektuak garatzea. Integrazioarekin, talde anitzagoak eta orekatuagoak sortzen dira, harremanak zabaltzen dira eta ikasleen ongizatea indartzen da, irakasle-talde egonkorragoekin eta laguntza gehiagorekin.
SEI PROZESU BIZKAIKO 12 IKASTETXETAN
Bilbon, integrazio-prozesu hauek garatuko dira: Ingeniero Orbegozo HLHI eta Gabriel Aresti HLHI zentroen artean, Tomás Camacho HLHI eta Maestra Isabel Gallego Gorria HLHI artean, bai eta Deusto HLHI eta Deustuko Ikastola IPIren artean ere.
Basauriren kasuan, prozesuak Soloarte IPIri eragingo dio, ikasleak pixkanaka berrantolatuz Jose Etxegarai HLHIrantz, DBHko ikasleen eskolatzea etaparen amaierara arte mantenduz.
Getxon, berriz, Larrañazubi eta San Ignacio HLHI ikastetxeak integratuko dira, eta Leioan, Lamiako HLHI eta Artaza Piñueta HLHI ikastetxeak; bi kasuetan, eskolatze orekatuagoa eta jasangarriagoa eskaintzeko aukera emango duten hezkuntza-proiektua sendoak izango dituzte.
ELKARRIZKETA ETA AURRETIKO LANA HEZKUNTZA-KOMUNITATEEKIN
Ikastetxeen egoeraren azterketa zorrotza egin ondoren, Hezkuntza Sailak prozesu horiek bultzatu ditu, eta, sailburuak azpimarratu duenez, “ez dira bat-bateko erabakiak, aldez aurretik egindako azterketa- eta elkarrizketa-lan baten emaitza baizik. Lan horretan, bilerak egin dira zuzendaritza-taldeekin, klaustroekin eta familia-elkarteekin”. “Lehentasuna beti da ikasleen interes hezitzailea eta proiektu partekatuak eraikitzea, prozesu osoan hezkuntza-komunitateei entzunez eta lagunduz”, gaineratu du.
Integrazioak Bizkaiko hezkuntza-sistemaren osotasunaren ikuspegiaren parte dira, erronka demografiko eta sozialei erantzutea eta ikasle guztientzako aukera-berdintasuna bermatzea bilatzen duena.
Hezkuntza Sailak lanean jarraituko du, baita udalekin koordinatuta ere, hezkuntza-azpiegituren etorkizuneko erabileraren plangintzan, udalerri bakoitzaren beharretara egokitutako zerbitzu publikoko espazioak izaten jarrai dezaten.
ESKOLA BIKAINA DENONTZAT
Azken urteetako aldaketa demografiko eta sozialek Eskola Bikaina Denontzat Mahaiaren sorrera eragin dute. Jaiotza-tasaren jaitsierak —13.000 ikasle baino gehiago galdu dira Haur eta Lehen Hezkuntzan 2020tik— eta matrikula biziaren igoerak (2.500 ikasle 2020-2021ean eta 8.000 2024-2025ean) hezkuntza-premia berriak sortu dituzte, eta eskola-mapa birpentsatzera, ekitatea indartzera eta ikastetxe guztiek gero eta anitzagoak diren ikasleei arreta emateko proiektu sendoak eta gaitasuna dituztela ziurtatzera behartzen dute.






