Ollo lehendakariordeak euskara Nafarroako belaunaldi gazteenentzako etorkizunez beteriko ondare gisa nabarmendu du

0

Nafarroako Gobernuko lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuko zuzendari kudeatzaile Javier Arakamak euskararen balio sozial eta kulturala sustatzeko kanpaina aurkeztu dute gaur, seme-alaba adingabeak dituzten Nafarroako familiei zuzenduta. «Dales nuestro legado, dales euskera / Emaiezu hemengoa, emaiezu euskara» lelopean, Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentutik, Euskarabidearen bitartez, sustatutako kanpaina hau urtarrilaren 26tik eta otsailaren 15 artean garatuko da. Horrekin, Foru Gobernuak euskararen ezagutzaren aldeko mezu positiboa helarazten dio nafar gizarteari, berezko hizkuntza hau belaunaldi berrientzat baliabide baliotsua dela azpimarratuz, gero eta ingurune anitzago eta eleaniztunagoan.

Ekimen hau haurren eremuari eskainitako beste (bideoak, gurasoen prestakuntza, musika-programak, etab.) jarduera-ildo osagarri baten barruan kokatzen da, departamentuak hiztun berriak sustatzeko egiten duen apustu estrategikoarekin bat eginez, hala nola helduen prestakuntza sustatzeko eta laguntzeko apustuarekin. Horri dagokionez, Ollo lehendakariordeak gogorarazi du, duela gutxi Parlamentuan azaldu zuen bezala, 2025eko iraileko azken matrikulazioan jauzi kuantitatibo eta kualitatibo handia egon dela. «2025/2026 ikasturteko matrikula orokorra aurrekoaren aldean % 32 igo da, 4.127 ikasle izatetik 5.443 izatera igaro baita», adierazi du.

Gogoan izan behar da euskara sustatzeko kanpainak Euskararen Foru Legeak ezarritako sustapenaren aldeko konpromisoaren barruan sartzen direla. Halaber, jarraipena ematen diote Nafarroako Gobernuaren ekintza-ildoari, herritarrak hizkuntza propio honen inguruan sentsibilizatzeko, euskara aukera-iturritzat hartuta. Ildo horretan, Ollo lehendakariordeak adierazi duenez, «hizkuntzak komunikazio baliabideak dira, eta Nafarroa bezalako komunitate batean, non berezko bi hizkuntza ditugun, bien ezagutza aukera iturri bat da. Hizkuntzak batzen dute eta euskara ematea gure seme-alabei aukera gehiago ematea da, haien eleaniztasun goiztiarra indartuz».

Nafarroak bi hizkuntza propio ditu, gaztelania eta euskara, eta Ollo lehendakariordeak adierazitakoaren arabera, «biak dira beharrezkoak eta erabilgarriak. Hori da kanpainak familiei zuzentzen dien mezua, Nafarroak bi hizkuntza izaten jarraituko duelako, familiek seme-alabentzako etorkizuneko balio gisa kontuan hartzen dituzten heinean».

Era berean, Ollok azpimarratu du aniztasuna gehien errespetatzen duen eleaniztasuna hurbileko hizkuntzen ezagutzarekin hasten dena dela, berezko hizkuntzekin. Eta Nafarroako hizkuntzekiko eleaniztasunik iraunkorrena gaztelaniarekin eta euskararekin hasten dena dela defendatu du, eta atzerriko hizkuntzen ezagutzarekin zabaltzen dela, euskara Nafarroaren nortasunaren funtsezko parte eta herritar guztien ondarea dela kontuan hartuta.

Etorkizunez betetako ondarea

«Familia orok bere seme-alabentzat onena nahi duela ideiatik abiatuta, ahalik eta garapen-aukera handienak eskainiz, Gobernutik euskara oso baliabide baliotsua dela uste dugu erabateko hazkunderako eta Nafarroan bizitzeko, bai eta gizartean aurrera egiteko tresna ere. Hau da, etorkizunez betetako ondarea. Hizkuntzak ikasi egiten dira, eta komunikazioa eta ezagutza errazten duten bitartekoak dira, bai hitz egiten den inguruneari dagokionez, bai hizkuntza bera partekatzen duten pertsonei dagokienez», jarraitu du Ollok.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak azpimarratu nahi izan du errealitateak erakusten duela jatorri desberdineko familietako haurrek zailtasunik gabe ikas dezaketela euskara, bai irakasgai gisa, bai irakaskuntzako komunikazio-hizkuntza gisa. Ildo horretan, kanpaina biztanleria migratzaileari eta beste lurralde batzuetatik etorritako eta Foru Komunitatean seme-alabei etorkizuna eskaini nahi dieten familia guztiei ere zuzentzen zaie.

Azken alderdi hori kartelen protagonista diren haurrengan eta erabilitako hizkuntzetan islatzen da. Horrela, kartelen bertsioak egin dira atzerriko hainbat hizkuntzatan, zehazki bulgarieraz, errumanieraz eta arabieraz.

Nastat, Nafarroako Estatistika Institutuaren 2022ko azterlanean emandako datuen arabera, 3 urte edo gehiagoko ia 100.000 nafar daude euskaraz hitz egiten dutenak, eta beste 75.000, ondo hitz egiten ez dutenak, baina ulertzen dutenak. Guztira, gutxi gorabehera 175.000 nafarrek dute hizkuntza hori eguneroko bizitzan.

Euskara, familia askoren hautua

«Euskara jakin ala ez, familia orok eskain diezaieke gure berezko hizkuntza seme-alabei, eta horrek haien bizitzak aberastuko ditu. Milaka familia nafarrek hautu hori egin dute dagoeneko, familiako gazteenek hizkuntza hori txikitatik jakitea eta, eskolatzearen bidez, hitz egiten ikastea desiragarria dela iritzita», azaldu du Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Javier Arakamak. Halaber, Nafarroako berezko hizkuntza hau zaintzen eta transmititzen familia gehiagok bat egin dezaten laguntzea eta sustatzea Nafarroako Gobernuaren betebeharra dela gogorarazi du.

Arakamak zehaztu duenez, azken urteotan euskara familia askotan sartu da etxeko txikienekin, modu egoki eta arrakastatsuan. «Nastaten datuen arabera, euskararen ezagutza-ehunekorik handiena 15 urtetik beherako biztanlerian dago, % 50etik gertu».

Datu ofizialen arabera, euskaraz dakiten belaunaldi gazteak dira eleanitzenak. Hau da, atzerriko hizkuntzen ezagutza-tasa altuena dutenak. Beraz, gazte euskaldunak dira Nafarroan talderik eleanitzena, Nafarroako berezko hizkuntzak ez ezik atzerriko hizkuntzak ere gehien ezagutzen dituztenak. Arakamak adierazi duenez, goi mailako ikasketak dituztenen ehuneko handiena euskaraz dakiten nafarren artean dago. «Euskarak bere prestakuntza hobetzen laguntzen die haurrei, eta hori da oraingo kanpainak helarazi nahi duen oinarrizko mezua».

Kanpaina datuetan

‘Dales nuestro legado, dales euskera / Emaiezu hemengoa, emaiezu euskara’ kanpainak jarraipena ematen dio Euskarabidea azken urteotan burututako euskararen ikaskuntza sustatzeko lanari. Hala, ekimen honek hainbat material grafiko ditu, hala nola askotariko kartelak eta ikus-entzunezko piezak. Material horiek guztiak Euskarabidearen webgunean daude eskuragarri. Bertan, deskarga daitezkeen kartelen formatuak eskaintzen dira, bai eredu orokorretatik, bai 34 eredu pertsonalizatuetatik, Nafarroako hainbat herri eta biztanleria-guneetarako.

Oraingo honetan, Ablitas, Oibar, Arguedas, Azagra, Buñuel, Cabanillas, Cadreita, Caparroso, Zarrakaztelu, Cascante, Castejon, Cintruenigo, Corella, Cortes, Faltzes, Fitero, Fontellas, Fustiñana, Larraga, Lodosa, Murchante, Erriberri, Azkoien, Ribaforada, San Adrian, Zangoza, Sartaguda, Tafalla, Tutera, Valtierra, Viana eta Alesbes udalerrietarako kartelen bertsio pertsonalizatuak egin dira. Gainera, bertsio espezifikoak diseinatu eta ekoitzi dira Iruñeko Lezkairu eta Etxabakoitz auzoetarako.

Kanpaina honetako hedabideen plana karteletan, prentsa digitalean, tokiko aldizkarietan, irrati musikaletan, markesinetan eta publizitate-euskarri digital edo mupietan (Iruñerrian, Lizarran eta Tuteran), sare sozialetan, blog tematikoetan eta olana handi batean hedatzea aurreikusten da, Euskarabidearen egoitzaren fatxadan. Kanpaina honetan 75.000 euroko inbertsioa egin da.