Tolosako Amarotz paper-fabrika zaharrean eraikiko diren alokairuko 192 BOEen obrak otsailean zehar hasiko dira

0
  • Visesak elkarren ondoko bi partzelatan (111 + 81 etxebizitza) sustatuko duen proiektuak 34,76 milioi euroko inbertsioa eragingo du guztira, eta esparrua hirigintza- eta gizarte-arloan eraldatzea ekarriko du
  • Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak iragarri duenez, aurreikuspenen arabera, etxebizitzak «2028ko bigarren seihilekoan» entregatu ahal izango zaizkio Alokabideri, eta baieztatu du «Tolosa datozen egunetan ofizialki tentsionatutako eremu» izendatuko dutela

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak otsailean zehar hasiko ditu Tolosan alokairuko babes ofizialeko 192 etxebizitza (BOE) eraikitzeko obrak, Amarotz paper-fabrikako 20.1 esparruko 2.1 eta 2.2 partzelatan dauden bi sustapenetan banatuta. Hala aitortu du gaur goizean Denis Itxaso sailburuak, eta, nabarmendu duenez, «udalerria ofizialki tentsionatutako eremu izendatuko dute datozen egunetan, BOEk hiruhilekoko zerrenda eguneratzen duenean”. Exekuzioa Construcciones Sukia Eraikuntzak SL enpresari esleitu zaio, 24.247.767,21 euroko (gehi BEZa) obra-aurrekontuarekin (eraikuntza, lotutako urbanizazioa eta deskontaminazioa), eta 34.765.862,94 euroko inbertsioarekin. Lanak egikaritzeko 24 hilabeteko epea ezarri da.

Itxasok baieztatu du kontratua abenduaren 10ean sinatu zutela Visesak eta enpresa esleipendunak. Beraz, “lanak datozen hilabeteko lehen hamabostaldian hasiko dira”, zuinketa-akta sinatu ondoren, “eta aurreikuspenen arabera, 2028ko bigarren seihilekoan entregatuko zaizkio etxebizitzak Alokabideri”.

Amarotz paper-fabrikako industria-barruti zaharraren hiri-eraldaketaren behin betiko fasea da alokairuko 192 etxebizitza horien eraikuntza. Kokaleku historiko hori 1868an sortu zen, eta hainbat hamarkadatan auzoko bizitza soziala eta ekonomikoa markatu zuen. Fabrika 2009an itxi zuten, eta horrek aukera paregabea zabaldu zuen belaunaldiz belaunaldi bizitegi-ingurunean usainak, zaratak eta industria-presentzia handia bizi izan zituen espazioa birsortzeko.

Gerora, Uraren Euskal Agentziak (URA) 2014an egindako uholde-arriskuaren eguneratzeek baldintzatu zuten esparrua; izan ere, eguneratze horiek hirigintza-garapena erabat birplanteatzera behartu zuten. Eremuaren hegoaldeko guneak uholde-eremutzat katalogatuta geratu ziren —baita lehentasunezko fluxugune gisa ere—; horren ondorioz, hasieran 3. eta 4. partzeletan aurreikusitako eraikigarritasun guztia 1. eta 2. partzeletara eraman zen, hau da, jada urbanizatuta zegoen eta eraikuntzarako egokia den iparraldeko eremura.

Gaur egungo esku-hartzeak, beraz, honako hauek barne hartzen ditu: ibai-ingurunea birnaturalizatzea, Araxes ibaiarekiko lotura berreskuratzea, ibaiertzeko pasealeku bat sortzea, erabilera publikoko espazio libreak birkonfiguratzea, Amarotz kalean zeharreko berdegune berriak eta funtzio anitzeko aparkalekuak egitea; hala, gune horiek, aparkaleku-premiak konpontzeaz gain, jolas- eta kirol-jarduerak har ditzakete bertan. Hirigintza-operazio integrala da; hala, fabrika-instalazio zaharrak behin betiko ezabatzen ditu, lurzorua deskontaminatzen du eta udalerrian erabat integratuta egongo den bizitegi-auzo berri baten oinarriak ezartzen ditu.

Denis Itxaso sailburuak jarduera horrek Tolosarako eta Eusko Jaurlaritzaren estrategia orokorrerako duen garrantzia azpimarratu du; gainera, zehaztu duenez, «Tolosan eraikiko ditugun 192 etxebizitzak Jaurlaritzak legegintzaldi honetarako hitzemandako 7.000 etxebizitzen parte dira». Sailburuaren arabera, «jarduera honek historikoki degradatuta egon den industria-esparru bat berreskuratzea, ibai-ingurune bat birnaturalizatzea eta gehien behar duten pertsonei etxebizitza duin eta eskuragarria eskaintzea ahalbidetzen du».

111 etxebizitzaren sustapena (2.1 partzela): bi bloke L moduan, 9 altuerarekin eta energia-efizientziara bideratutako diseinuarekin

Lehenengo sustapena 2.1 partzelan kokatzen da, eta alokairuko babes ofizialeko 111 etxebizitza ditu —Alokabidek kudeatuko ditu—.Egikaritze-proiektua eta obra-zuzendaritza “Pedro Apaolaza y Asociados” enpresarenak dira. Proiektuak bi bloketan antolatutako eraikuntza bat proposatzen du, L bat osatuz, partzelaren zati bat liberatuz eta barruan egoteko eta sarrerarako espazioak sortuz.

Multzoak sotoko bi solairu izango ditu, garajeetarako —sarrera Amarotz kalean—, eta beheko solairu bat, bi atari independenterekin. Horien gainean bederatzi solairu egingo dira, honela banatuta:

  • Logela bateko 30 etxebizitza
  • 2 logelako 65 etxebizitza, horietatik 5 mugikortasun urriko pertsonentzat egokituak
  • 3 logelako 16 etxebizitza

Diseinu arkitektonikoak zehatz-mehatz erantzuten die ingurumen- eta orientazio-baldintzei, neguan eguzkitzea maximizatzen du eta udan erradiaziotik babesten du hegalen eta terrazen bidez. Fatxada aireztatua egongo da, eta aluminiozko xafla profilatuz eta konposite-panelez amaituko da, artile mineralezko isolamenduarekin; egitura, berriz, lauzazko zimenduekin eta hormigoi armatuzko forjaketekin egingo da.

Itxasok zehaztu duenez, “instalazio termikoa % 100 elektrikoa izango da, eta banakako erradiadoreak, aerotermia-sistemak eta estalkiko panel fotovoltaikoak izango ditu, ur bero sanitarioa produzitzen laguntzeko”. Sustapen horretan, eremu horri lotutako urbanizazioa ere sartzen da; urbanizazio horrek eremuaren barrualdea Araxes ibaiertzeko pasealekuarekin lotuko du.

81 etxebizitzaren sustapena (2.2 partzela): bi eraikin independente, beheko solairu + 8 solairukoa eta beheko solairu + 9 solairukoa, barrualdeko plaza batez lotuak

Bigarren sustapena, 2.2 partzelan, alokairuko babes ofizialeko 81 etxebizitzaz osatua dago. Obraren Egikaritze Proiektua eta Zuzendaritza “WARQS oficina de arquitectura SLP” enpresaren kontura izango da. Kasu honetan, programa bi eraikin independentek osatzen dute: bata beheko solairu +  goiko 9 solairuz osatua, eta bestea beheko solairu +  goiko 8 solairuz osatua. Eraikin horiek sotoko bi solairu partekatu —garajeetara bideratuak— dituzte azpian.

Etxebizitzen banaketa honako hau da:

  • Logela bateko 10 etxebizitza
  • 2 logelako 55 etxebizitza, horietatik 4 mugikortasun urriko pertsonentzat egokituak
  • 3 logelako 16 etxebizitza

Bi eraikinen artean erabilera publikoko plaza zolatu bat proiektatzen da, eta bertatik sartuko da atarietara; mendebalderantz, berriz, lorategidun ezponda bat antolatuko da, Araxes ibaiarekiko paraleloa den pasealekuarekin modu atseginean lotzeko. Partzelak % 5,5eko malda du, eta horrek eraikuntza-soluzio egokitua eskatzen du: iragazkortasun txikiko hormigoizko perimetro-hormak, zimendatze mistoak, zapata isolatu eta jarraituekin, eta egitura osatzen duten zutabe eta habedun arkupeak.

Fatxadak aireztatuak egongo dira, panel metalikoa eta SATE sistemak konbinatuz terraza-eremuetan. Energia-sistema ere elektrikoa izango da: banakako erradiadoreak, termoak, bero-ponpak, plaka fotovoltaikoz gain.

Inbertsioa, guztira, 34,76 milioi eurokoa

Bi sustapenen baterako inbertsioa 34.765.862,94 eurokoa da, honako alderdi hauek barne hartuta: lurzoruaren balioa, esparruaren urbanizazio osagarria, eraikuntza-lanak, deskontaminazioa, ordainsari teknikoak, ekipamenduak eta lizentziak. Tolosako Udalak eta Visesak 2022an eta 2024an sinatutako hitzarmenen arabera, Udalak 1.152.000 euro jarriko ditu, etxebizitza babestu bakoitzeko 6.000 euroko dirulaguntzari eta EIOZen % 95eko hobariari lotuta.

Tolosan etxebizitza babestuaren beharra Etxebideren datuetan islatzen da; bertan, udalerriari lotutako 1.144 bizikidetza-unitate daude izena emanda. Horietatik, 839k alokairu-erregimeneko etxebizitza eskatzen dute (516 erroldatu eta 323 erroldatu gabe). Itxasok aitortu duenez, «gazteen eta bakarrik bizi diren pertsonen egoera bereziki delikatua da». Eta horren ildotik, ziurtatu du «sustapen hauek errealitate horri erantzun zuzena eta eraginkorra» ematen diotela.