Adrian Lopez Saratxaga: «Eusko Jaurlaritza neurriak hartzen ari da Bernedoko kanpalekuan gertatutakoa berriro gerta ez dadin»

0

Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendariak gaur Radio Popular-Herri Irratian egindako elkarrizketa batean aipatutako neurrien artean honako hauek nabarmendu ditu: Eusko Jaurlaritzaren plataforman egongo den online inprimaki bakarra, erakundeek ulertzeko eta ondo betetzeko irakurketa errazeko gida eta erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duten erakundeei emango zaien publizitatea. Gainera, hiru ikuskatzailek araudia betetzen dela zainduko dute, kanpamenduen aurretik, bitartean eta ondoren.

«Hiru ikuskatzaile jarriko ditugu, bat lurralde bakoitzeko. Autonomia-erkidego guztiek ez duten neurria da. Profesional horiek kanpalekuak, aldez aurretik jakinarazi gabe, ezkutuan egiten dituzten erakundeak bilatuko dituzte eta araudia betetzen dutela ziurtatzeko dokumentazioa aurkeztu duten elkarteak eta enpresak ikertu eta gainbegiratuko dituzte» azaldu du Adrián López Saratxagak helburua familiei konfiantza eta segurtasuna ematea dela azpimarratuz.

Bernedoko udalekuaren ardura duen elkarteak, bere webgunean, 2026ko udarako udaleku hori antolatzeko asmoa argitaratu duela jakin bezain laster, administrazioak, elkarte horretara bidalitako gutun baten bidez, gogorarazi dio adingabeekin egiten diren jarduerak gutxienez 30 egun lehenago jakinarazi behar direla eta elkarteari berari administrazio-espediente bat izapidetzen ari zaiola. Era berean, gogorarazi zaio 21 salaketa aurkeztu ondoren bide judiziala ere abian dela. «Epaile batek kontrakoa esan arte administraziotik ezin dugu legez beste deialdi bat eragotzi» azaldu du Adrian Lopez Saratxagak.