- Eskualdetako administrazioek politika berritzaileak diseinatzeko orduan duten gaitasuna indartzeko estrategia europarraren parte da Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailarekin egindako topaketa, eta balio izan du laneratzearen eta kooperatibismoaren arloko politikak, legeria eta esperientzia arrakastatsuak partekatzeko
Eslovakiako ordezkaritza batek hainbat eguneko bisita hasi du Euskadin gaur, astelehena, Gizarte Ekonomiaren euskal eredua sakon ezagutzeko. Eredu hori Europan aitortuta dago duen sendotasunagatik, berritzeko gaitasunagatik eta enplegagarritasunean eta laneratzean duen eraginagatik. Prešov Eskualde Autonomoak, Eslovakiako jendetsuenak, lehen bilera egin du goizean Eusko Jaurlaritzaren egoitzan, Gasteizen, Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordearekin eta Jokin Díaz Arsuaga Gizarte Ekonomiako zuzendariarekin. Euskal lege esparruari, kooperatibismoa sustatzeko politikei eta laneratzeko enpresei laguntzeko neurriei buruzko xehetasunak aztertu dituzte.
Europako Batzordearen TAIEX-REGIO programaren esparruan antolatu dute misioa, eta hainbat helburu ditu: berrikuntza bultzatzea, eskualde horren administrazio gaitasunak indartzea eta tokiko erronkei nola heldu jakitea; hala nola, talde zaurgarriak eta baztertuak lan merkatuan integratzea, gizarte ekonomiako esku hartzeen bidez, enplegu inklusiboak eta produktiboak sortzeko.
Gaurko jardunaldian, Eusko Jaurlaritzako talde teknikoak –aholkularitza juridikoko, fiskalitate kooperatiboko eta Gizarte Ekonomiaren sustapeneko arduradunak barne– euskal ereduaren gakoak partekatu ditu Eslovakiako ordezkaritzarekin: araudiaren egonkortasuna, lankidetza publiko pribatua, ekosistema kooperatibo finkatua eta pertsona zaurgarrienen laneratzea bultzatzen duten erakundeen sarea.
Gasteizen egindako bileren ondoren, ordezkaritzak Euskadin barrena jarraituko du, erreferentziazko erakundeak bisitatuz; besteak beste, Gizarte Zerbitzu Integratuak (SSI), ASLE, Gizatea, EHLABE, Lantegi Batuak, Koopera eta Mondragon Taldea, munduko kooperatiba talderik handiena. Esperientzia horiei esker, Prešov eskualdeak bertatik bertara ezagutuko ditu enpresa lehiakortasuna, gizarte kohesioa eta enplegu inklusiboa uztartzen dituzten ekimenak.
Bisita datorren asteazkenera arte, urtarrilak 28ra arte, luzatuko da, eta eskualdeetako administrazioek politika berritzaileak diseinatzeko duten gaitasuna indartzeko Europako estrategiaren parte da. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak, anfitrioi gisa, berretsi egin du Gizarte Ekonomian nazioarteko erreferente gisa eta Europar Batasunaren barruko eskualdeen arteko lankidetzan bazkide aktibo gisa duen eginkizuna.
Eslovakiako ipar ekialdean dagoen Prešov eskualde autonomoan merkataritza, industria arina eta zuraren sektorea ditu nagusi, eta historikoki altuak izan dira langabezia tasak (% 17,88koa, eta, aldiz, Estatukoa % 13,5ekoa).






