Otsailaren 5ean Eibarren egingo den azokan 3.000 ikasle baino gehiago eta Lanbide Heziketako 622 proiektu ekintzaile bilduko dira.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak XV. Ikasenpresa Azoka aurkeztu du gaur goizean Eibarren. Azoka otsailaren 5ean egingo da, eta, aurten, ikasleen parte-hartzea bikoiztu egingo da aurreko edizioekin alderatuta. Euskadiko Lanbide Heziketako 61 ikastetxetako 3.000 ikaslek baino gehiagok ikasturtean zehar garatutako 622 proiektu ekintzaile aurkeztuko dituzte.
Ikasenpresa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatutako programa bat da, Lanbide Heziketan kultura ekintzailea sustatzeko, erronketan oinarritutako ikaskuntza kolaboratiboaren ereduan integratua. Ekimen horren bidez, ikasleek beren ideia ekintzaileak sortu eta kudeatzen dituzte ingurune praktiko eta errealista batean, gaitasun giltzarriak garatuz —hala nola talde-lana, berrikuntza, erantzukizuna eta komunikazioa— eta balioa emanez beren espezialitate teknikotik, pertsonen bizi-kalitatea eta ingurunearen ongizatea hobetzeko.
Eibarko azoka da prestakuntza prozesu horren unerik gorena. Hezkuntzaren ikuspegitik enpresa-simulazio bat bada ere, aurkeztuko diren produktuak eta zerbitzuak benetakoak izango dira, sektore profesional jakin batzuei lotuta egongo dira eta egungo behar sozial, teknologiko eta produktiboei erantzungo diete, ikastetxeetako irakasleen laguntzari esker.
Eibarko Udalean egin da aurkezpena, eta Inge Gorostiaga Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Eraldaketa Digitaleko eta Ikaskuntza Aurreratuetako Zuzendariak, Jon Iraola Eibarko alkateak eta Ergiña Urzelai ITLENTeko Kultura Ekintzaileko Saileko arduradunak hartu dute parte. Ekitaldian programan parte hartu duten ikasleen ordezkaritza batek ere parte hartu du.
Aurtengo berrikuntza gisa, azoka lau karpa tematikotan antolatuko da, hiriko hiru gunetan banatuta (Unzaga, Txaltxa-Zelai eta Errebal Plazia), eta proiektuak eremu profesional handien arabera antolatzeko aukera emango dute, hala nola industria eta fabrikazio aurreratua, digitalizazioa eta konektibitatea, merkataritza eta mugikortasuna, eta ongizatea.
Ikasenpresa 2026 azokaren datuak
• Parte hartzen duten ikastetxeak: LHko 61 zentro (31 publikoak eta 30 itunduak).
• Parte hartzen duten ikasenpresak: 622.
• Parte hartzen duten ikasleak: 3.000 pertsona baino gehiago.
• Parte hartzen duten irakasleak: 190 irakasle.






