Eusko Jaurlaritzak finantzaketa jasangarriko estrategia eta zor-jaulkipen berriak aurkeztu dizkie Europako inbertitzaileei, milanen geldialdia egin duen roadshow-ean

0

Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailak nazioarteko roadshow bati hasiera eman dio gaur Milanen, Europako merkatuko lehen mailako inbertitzaile instituzionalekin topaketak egitera begira. Bira horren helburua da Eusko Jaurlaritzaren finantzaketa jasangarriko estrategiaren berritasunak aurkeztea eta nazioarteko inbertitzaileen komunitatearekin dituen harremanak sendotzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaritzaren buru Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburua izan da, eta harekin izan dira José Corchón Finantza Politikako sailburuordea, Arantza Larrauri Finantza Politikako zuzendaria eta Eneritz Bilbao Kabinete eta Komunikazioko zuzendaria.

Ordezkaritzak bilerak egin ditu Euromobiliare AM, Intesa, Unicredit eta Eurizon Capital entitateetako ordezkariekin, eta, bilera horietan, Euskadiren egoera ekonomikoaren, finantza-estrategiaren eta jasangarritasunarekiko konpromisoaren ikuspegi integrala helarazi zaie.

Saio horietan, Noël d’Anjou sailburuak Eusko Jaurlaritzaren ibilbide koherentea eta iraunkorra nabarmendu du, finantzaketa jasangarria bihurtu baita Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu-politikaren egiturazko elementu. Azaldu duenez, jaulkipen horiek errepikatzeak argi islatzen du apustu garbia egin dela gizarte- eta ingurumen-irizpideak finantza-kudeaketa arruntean txertatzeko, eta ez dela unean uneko edo salbuespenezko jarduera.

Sailburuak adierazi du finantzaketa-eragiketa horiek 2026ko Aurrekontuetan biltzen direla, eta hazkunde ekonomikoa, gizarte-kohesioa eta trantsizio ekologikoa indartzeko tresna gisa sortu direla. Ildo horretan, aditzera eman duenez, finantzaketa jasangarriak ahalbidetuko du merkatuetan erakartzen diren baliabide horiek zuzenean lotzea herritarrengan benetako inpaktua duten politika publiko zehatzekin.

D’Anjou sailburuak egonkortasun, aurreikusgarritasun eta sinesgarritasun instituzionaleko mezua helarazi die inbertitzaileei, eta jakinarazi die Euskadik nazioarteko merkatuetara jotzen duela estrategia argiarekin, plangintza zorrotzarekin eta finantza publikoen kudeaketa zuhurrarekin. Gehitu du konbinazio horrek aukera ematen duela merkatuaren konfiantzari eusteko, baita nazioarteko testuinguru ekonomiko zailetan ere.

Bestalde, José Corchón sailburuordeak Euskadiko testuinguru makroekonomikoa azaldu du, eta Euskal Autonomia Erkidegoko produkzio-ereduaren sendotasuna azpimarratu. Zenbait adierazle nabarmendu ditu, hala nola biztanleko barne-produktu gordin handia, industria aurreratuaren pisua, enpleguaren indarra eta berrikuntzaren eta nazioartekotzearen aldeko apustu iraunkorra. Elementu horiek aurrekontu- eta finantza-plangintzarako oinarri sendoa eskaintzen dutela erantsi du.

Corchón sailburuordeak adierazi duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren portaerari esker, Eusko Jaurlaritzak kaudimen-posiziotik hel diezaieke bere finantzaketa-premiei, zerga-oinarri egonkor batekin eta inbertitzaileei ziurtasuna ematen dien epe ertain eta luzeko ikuspegian oinarrituta.

Arantza Larrauri Finantza Politikako zuzendariak alderdi teknikoak eta finantzarioak izan ditu hizpide. Zorraren estrategia orokorra zehaztu du, baita tresnak eta epeak dibertsifikatzeko politika ere —epemugen profil orekatua eta finantza-kostu lehiakorra mantentzera bideratzen da—.

Testuinguru horretan, ordezkaritzak Eusko Jaurlaritzaren Bonu Jasangarrien Esparrua aurkeztu du, finantzaketarako proiektu hautagarriak argi eta gardentasunez definitzen dituena. Horien artean barne hartzen dira gizarte-inpaktu handiko ekimenak (etxebizitza eskuragarria, hezkuntza, osasuna, enplegua eta gizarteratzea) eta energia berriztagarriekin, energia-efizientziarekin, garraio garbiarekin, uraren kudeaketa jasangarriarekin eta biodibertsitatearen babesarekin lotzen diren ingurumen-proiektuak.

Arantza Larrauri zuzendariak gobernantza- eta kontrol-mekanismoak nabarmendu ditu, barnean dela urteko esleipen-txostenak eta inpaktu-txosten espezifikoa argitaratzea —kanpo-berrikuspen independentea izango da—.Ikuspegi horrek gardentasuna indartzen du, eta inbertitzaileei errazten die funtsen xedearen jarraipen zorrotza egiten.

Noël d’Anjou sailburuak, bilerak ixtean, aditzera eman du finantza-jasangarritasuna ezin dela bereizi gizarte- eta ingurumen-jasangarritasunetik. Adierazi duenez, jaulkipen berriek finantza-efizientziaren irizpideei erantzuteaz gain, aurrekontu-politikaren eta herri-helburu estrategikoen arteko koherentzia indartzen dute, eta, hala, nazioarteko inbertitzaileekiko harreman egonkorra eta konfiantzazkoa sendotu.

Roadshow-ak jarraipena izango du bihar Frankfurten, non Eusko Jaurlaritzak bilera gehiago egingo dituen inbertitzaile instituzionalekin, aurkezpen-txanda osatze aldera.