- Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak egiaztatu du hasierako lan baimenen kudeaketa propioak arrakasta izan duela, transferentziaren lehen sei hilabetetan 11.100 baimen baino gehiago izapidetu ondoren
Mikel Torres Lehendakariordeak eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak atzerritarren lan baimenak kudeatzeko lehen sei hilabeteen balantzea egin du astelehen honetan Bilbon. Haren sailak 2025eko uztailaren 1ean bereganatu zuen eskumen hori. Egindako hitzaldian azpimarratu duenez, transferentziak “ondo funtzionatzeaz gain, benetako balioa ematen ari zaio lan merkatuari, enpresei laguntzen eta langileen eskubideak indartzen ari da, eta, gainera, Euskadiren gizarte kohesioari laguntzen dio”.
Eskumena bereganatu zenetik urtarrilaren 16ra arte, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak zuzenean kudeatu ditu hasierako 11.171 lan baimen. Kudeatutako espediente guztietatik,
% 85 sustraitzeagatiko baimenei dagokie, batez ere gizarte eta lan arlokoei, eta % 10 hasierako lan baimenei. Sailburuaren arabera, datu horiek erakusten dute “kudeaketa modu arin eta eraginkorrean” ari dela funtzionatzen.
Balantze hori euskal ekonomiaren eta lan merkatuaren “indargune ukaezineko” testuinguruan egin behar da; izan ere, 2025. urtea itxi zen Gizarte Segurantzako afiliazioaren maximo historikoarekin, kotizatzaileen kopurua 1.037.000 pertsona inguru zela eta migratzaileen ekarpen erabakigarriarekin. “Euskadik dagoeneko 104.372 atzerritar ditu kotizatzen, eta presentzia bereziki garrantzitsua da sektore estrategikoetan; hala nola, ostalaritzan, eraikuntzan, logistikan eta industrian. Gainera, ia 17.000 autonomo atzerritarrak dira, joan den urtean baino % 5,4 gehiago, eta 2025ean Gizarte Segurantzan izandako alta berrien % 55 migratzaileei dagozkie”, azaldu du Torresek.
Ildo horretan, Lehendakariordeak argi adierazi du egungo enplegua eta hazkunde ekonomikoa ez direla “migratzaileen ekarpenik gabe azaltzen”, eta gogorarazi du sailaren eta transferentzia horren funtsezko helburuetako bat dela “eskaintza eta eskaria uztartzea, enpresen benetako beharrei erantzutea eta migrazio erregular, ordenatu eta eskubidedun baten bidez egitea”.
Sailburuak berretsi du, halaber, Eusko Jaurlaritzak konpromisoa duela enpleguaren kalitatearekin eta lan eskubideen babesarekin, eta azaldu du, lan agintaritza den aldetik, baimenak ukatzen ari direla kontratuek baldintza duinak bermatzen ez dituztenean: “Euskadik talentua behar badu, gure lan merkatuan pertsona gehiago sartu behar baditu, sortutako lana duina, onradua eta eskubideduna dela zainduko dugu, eta, horretarako, politika publiko arduratsuak eta etorkizuneko ikuspegia dutenak behar ditugu”.
Horregatik, Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak prozedurak hobetzen jarraituko du, erakundeen arteko koordinazioa indartuz eta eskumen hori Euskadiko enpleguaren eta gizarte kohesioaren etorkizunerako tresna estrategiko gisa erabiliz. Mikel Torresek ondorioztatu duenez, “ez gara ari soilik espedienteak kudeatzeaz, ari gara enpleguaren bidez gizarte kohesio handiagoa eraikitzeaz eta gero eta inklusiboagoa den lan merkatu baterantz aurrera egiteaz”.






