Nafarroako Gobernuko Mememoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Eukarako Departamentuak, Kanpo Ekintzako Zuzendaritza Nagusiaren Europe Direct Navarra/Nafarroa atalaren bitartez eta Golemzinemekin batera, Europako Parlamentuaren Lux sariei dagokien europar zinemaren zikloaren edizio berri bat antolatu du. Film guztiak Iruñeko Golem Yamaguchi aretoetan proiektatuko dira, sarrera doan izango da lekua bete arte, jatorrizko bertsioan azpitituluekin.
Sari hauetan parte hartzeari esker, izendatutako bost filmek Batasuneko 24 hizkuntza ofizialetan azpitituluak izango dituzte. Gainera, 2026ko ediziorako eta lehen aldiz, bost film izendatuak gorrentzat eta entzumen-desgaitasuna dutenentzat azpitituluak jarriko dira Batasuneko 24 hizkuntzetan, eta, horrela, eskuragarriagoak izango dira.
LUX Publikoaren Saria Europako Parlamentuaren eta Europako Zinema Akademiaren urteroko ekimena da, Europako Batzordearekin eta Europa Cinemas sarearekin lankidetzan. Europako zinemari omenaldia egiten dio, eta publiko orokorrarekiko konpromisoa eta eztabaida sustatu nahi ditu, Europako gure balio komunak islatzen dituzten gizarte-gai garrantzitsuen inguruan, hala nola demokrazia, zuzenbide-estatua, pluralismoa eta adierazpen-askatasuna.
Urte bakoitzeko irabazlearen aukeraketak publikoaren kalifikazio zuzenaren eta Europako Parlamentuko diputatuen kalifikazioaren konbinazioa islatzen du, eta alderdi bakoitza azken puntuazioaren % 50 da. Ikusleek filmak webgune honetan puntuatu ditzakete, apirilaren 12ra arte. Parte-hartzaileak hainbat sariren zozketan sartuko dira, besteak beste, Europako Parlamentuaren Bruselako egoitzako sari-banaketara joateko aukera.
Edizio honetarako hautatutako bost pelikulak
Filmak ostiralero izango dira ikusgai, 19:30ean, urtarrilaren 30etik otsailaren 27ra, Golem Yamaguchiko zine aretoetan, sarrera librearekin, tokia bete arte, sarrerak leihatilan eskuratuz.
Europe Direct Nafarroa webgunean (https://luxaward-rating.europarl.europa.eu/es/) eskuragarri daude jada proiektatuko diren pelikulak eta 2026ko apirilaren 12ra arte bete ahal izango den bozketa egiteko formularioa ere. Filmak bozkatzen dituzten pertsonen artean Bruselarako bidaia bat zozketatuko da, sari-banaketako ekitaldira filmetako zuzendari eta aktoreekin batera egon ahal izateko.
Aurtengo gai nabarmenetako batzuk ezintasunen bizipena, Irango erregimena, homosexualitatea edo drama sozialak dira, besteak beste. Proiekzioen aurretik, Patxi Burillo zinema aditu eta kritikariak aurkezpen labur bat egingo du.
Honako pelikula hauek izango dira ikusgai: Sorda (Eva Libertad), urtarrilaren 30ean; It was just an accident (Jafar Pahani), otsailaren 6an; Love me tender (Anna Cazenave Cambet), otsailaren 13an; Sentimental Value (Joachim Trier), otsailaren 20an; eta Christy (Brendan Canty), otsailaren 27an.






