Chivite Lehendakariak nabarmendu duenez, “Nafarroak beste urrats bat eman du, Estatuarekin batera, bizikidetzaren, memoriaren eta demokraziaren alde”

0
Firma del convenio con el Ministro Torres.

María Chivite Navascués Nafarroako Presidenteak eta Ángel Víctor Torres Pérez Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministroak protokolo orokorra sinatu dute Estatuko Administrazio Orokorraren eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren artean jarduerak koordinatzeko San Kristobal gotorlekuari buruz, Memoria Demokratikoaren Toki gisa.

Bi administrazioen arteko konpromiso horren barruan, Nafarroako Gobernuak Proiektu Memoralista bat bultzatuko du, Nafarroako Memoriaren Institutuak diseinatua; halaber, Gotorlekuaren Interpretazio Historikorako Zentroa abian jarriko du, eta lekua ezagutzeko bisita-erregimen publikoa ezarriko du.

Protokoloa Nafarroako Jauregian sinatu dute, eta Defentsa Ministerioak ere sinatu du. Ondoren, Chivite Lehendakariak honela nabarmendu du: “Nafarroak, gaur, beste urrats bat eman du Estatuarekin batera, bizikidetzaren, memoriaren eta demokraziaren alde. Batasunetik egin behar dugu, arreta hezkuntzan eta dibulgazioan jarrita; zorroztasun historikotik eta egiarekiko konpromiso politikotik ere bai, gizarteak erabaki informatuak eta kontzienteak har ditzan, politika publikoei buruzko iritzia eman eta horiek baloratu behar dituenean”.

Ildo horretan, Lehendakariak ondorengoa azpimarratu du: “negazionismoa eta autoritarismoa aurrera egiten ari diren testuinguru batean, Gobernu honen ustez, Gotorlekua bezalako espazioak berreskuratzea beharrezkoa da konpromiso humanista, historiko eta demokratiko batetik. Gainera, Gobernu honek neurri eta proposamen sorta bat zabaltzen jarraituko du, tartea, bizikidetzako bi planak eta beste hainbat jarduera, eta horiek dagoeneko burutzen  ari direnei gehituko zaizkie”. “Akordio honek balio behar du, baita ere, herrialde gisa gehiago elkartzeko, Europan eta munduan gaur egun atzo baino beharrezkoagoak diren balioen oinarri demokratiko eta erreferente gisa, eta balio horiek informaziotik aldarrikatu behar ditugu eta ez polarizaziotik, bizikidetzatik eta ez konfrontaziotik eta etorkizuneko itxaropenetik eta ez iraganaren nostalgiatik”.

Bestalde, Torres ministroak honela adierazi du: “gaur egun handia da Nafarroarentzat eta logikoki historiarentzat, memoriarentzat eta herrialde osoarentzat; izan ere, orain dela 90 urte Gotorleku horretan zer gertatu zen gizarteari erakusteko protokolo bat argitaratu dugu”.  “Askatasuna berreskuratzen saiatzeagatik bizitza galdu zuten pertsona horien lekuan jartzen bazara —itsutu egin baitzituzten eta bortizkeriaz itsutu ere—, lehenik eta behin pena-sentimendua etortzen zaizu, baina baita haiek jasan zutena aitortzeko nolabaiteko poztasuna ere, haien duintasuna erreparatzeko ekintzaren bidez”. Horrez gain, ondorengoa azaldu du: “gaur Espainiako diktadura frankistaren eta gerraren errepresioaren biktimen senideei errekonozimendua egiteko eta erreparazioa emateko eguna ere bada”.

San Kristobal Gotorlekua, memoriaren lekua

Legez, gotorlekua jada definituta zegoen memoria-leku gisa 33/2013 Foru Legean, baina ez zen adierazpen horren irismena zehazten. Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legearen eta akordio berri honen bidez, erakunde-euskarri handiagoko adierazpena egin ahal izango da, memoria berreskuratu, babestu eta zabaldu eta horren inguruan jarduerak garatze aldera.

Protokoloari esker, Nafarroako Gobernuak orain  arte toki horren inguruan egin dituen jarduerak bultzatu eta hobetu ahal izango dira. Zehazki, azken urteetan, ihes egin eta askatasuna berreskuratu ahal izan zuen presoetako batek egindako bidea berregiten duen bidezidorra gauzatu da; Ezkaba 1938-2018 erakusketa ere badago, historia eta memoria elementuak biltzen zituena zigor-arloan, eta hainbat herri eta ikastetxetatik igaro dena; eta Memoria duten Eskolak lantzen dira, DBHko eta Batxilergoko milaka ikaslek parte hartu dute jada programa horretan.

Protokolo berri honen bidez, jada lantzen ari diren jarduerak bultzatu ahal izango dira gizarte- eta hezkuntza-arloan, eta orain areagotu eta hobetu ahal izango dira. Lau urteko iraupena izango du, luzatzeko aukerarekin, eta etorkizuneko hitzarmen espezifikoen bidez  garatu beharko da, dagokion unean sinatuta.