ETS aurrera egiten ari da 5. linearen eraikuntzan, lineako tunelaren lehen 1.200 metroak hondeatuta

0

Bengoetxeko geltokiak haitzulo erdia baino gehiago du zulatuta

Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak eta Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak gaur goizean egiaztatu dutenez, Eusko Jaurlaritzaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea (ETS) erakunde publikoa egikaritzen ari den Bilboko trenbide metropolitarraren 5. linea aurrera doa. Lan-taldeek etorkizuneko metro-unitateak igaroko diren lineako tunel osoaren % 20 hondeatu dute dagoeneko, ibilbideko 6,3 kilometroetatik 1.200 metro guztira, eta horiei Olabarrieta, Abusu eta Puentelatorreko eraso-galeriei dagozkien beste 780 metro gehitu behar zaizkie.

5. lineak Basauritik Usansoloko ospitalera eramango du metroa, Galdakaotik igarota, eta etorkizunean Busturialdetik eta Durangaldetik datorren Euskotrenen linearekin lotuko da. Bost geltoki ditu, eta erdibana finantzatzen dute Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak.

“Lurraldea kohesionatzen duen proiektua da, eta bere eragin-eremuan bizi edo lan egiten duten pertsona guztiak metro-sisteman sartzen ditu, 7,5 minutuz behingo maiztasunarekin. Tamaina horretako proiektuei kosta egiten zaie erritmoa hartzea, baina egiten dutenean, duela minutu batzuk egiaztatu ahal izan dugun bezala, haien aurrerapena geldiezina da”, adierazi du García Chueca sailburuak bisitan, eta ETS Bizkaian gauzatzen ari den obra garrantzitsuen balioa nabarmendu du, hala nola L5 bera eta hegoaldeko trenbide-saihesbidea, eta metroaren 4. linearen eta Euskal Y-a Abandora sartzeko tunelaren proiektuak.

Elixabete Etxanobe Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, bere aldetik, hau nabarmendu du: “Dakizuen bezala, proiektuaren erdia finantzatzen duen Aldundi honek metroa luzatzea lehentasuna zela esan zuen bere garaian, trenean oinarritutako mugikortasun jasangarriagoa gura dugulako, pertsonak batuko dituen eta haientzat aukera berriak sortuko dituen mugikortasuna, hain zuzen ere. Duela 30 urte Metroak Bizkaia aldatu zuen. Orain, 5. linea berriak metroak irabazten jarraitzen du, pertsonen bizi kalitatea hobetzeko. Eta eskualde hauen konektibitatea nabarmen hobetuta egingo du, ospitalearen ingurutik metroaren maiztasunak izango dituztelako. Hau da, 200.000 bizkaitar inguruk mugitzeko aukera gehiago izango dituzte, ibilbideak hobeto konektatuta egongo direlako”.

Garcia Chuecak eta Etxanobek oinez egin dituzte Puentelatorreko eraso-arrapalaren eta etorkizuneko larrialdi-galeriaren 330 metroak eta Bilborako noranzkoan hondeatutako ia 500 metroak. Beste aldean 350 metro zulatu dira, eta obrako beste bi tarteetan beste 350 hondeatu dira.

Gaur egun, lantaldeak Ibaizabal ibaiaren azpian ari dira hondeaketa-lanak egiten, ospitalearen eta Usansoloren arteko bidearen erdian, eta haren ondoan ari da eraikitzen etorkizuneko geltokirako bi sarbideetatik bat. Puntu horretan, ahokadura hondeatu da eraso-arrapalaren hasierako kotaraino. Ondorengo hondeaketa-lanak marruskatzeko makinarekin egingo dira. Beste sarbidea ospitalean bertan egongo da.

Eraikitzen ari diren beste bi tarte

Aperribai-Galdakao tartea 2,8 kilometro da luze, eta Bengoetxe eta Galdakaoko geltokien eraikuntza ere barne hartzen du. Tarte horrek, etorkizunean larrialdiko aireztapen-galeria bihurtuko diren bi eraso-galeria ditu: Olabarrieta eta Abusu.

126 metro luze den Olabarrietakoan, hondeaketa- eta euste-lanak erabat amaituta daude. Halaber, fronte horretatik lineako tunelaren 2.800 metroetatik 287 metroko hondeaketan eta euste-lanetan aurrera egin da.

Abusuko galeriari dagokionez, 325 metroko hondeaketa- eta euste-lanak egin dira, hau da, galeria osatzen duten 355 metro guztien % 92 inguru.

Azkenik, Bengoetxeko geltokian osorik kendu da landare-lurrezko geruza. Orain arte, 46.460 metro kubiko hondeatu dira, hau da, % 57ko aurrerapena. Ostalaritza-guneari dagokion euste-pantaila ere egin da, beste aurrerapen batzuen artean.

Sarratu-Aperribai tarteak bi geltoki ditu, bata Sarratun eta bestea Aperribain. Lanak hiru puntutan ari dira egiten: Larrazabalen, Sarratun eta Aperribain.

Larrazabal inguruan, 8″-ko gas linea desbideratu ondoren, bide berria martxan jarri da eta Larrazabal kale zaharreko egiturak eraisteko lanak hasi dira. Gasa kentzeari esker, merkantzien linearen behin-behineko trenbidea desbideratzen hasi ahal izan da, eta, lehen fasean, gaur egun Arcelor-Mittal lantegiari zerbitzua ematen dion trenbidearekin lotuko da. Horrez gain, merkantzien sarea Arcelor-Mittal lantegiarekin lotuko den etorkizuneko trenbidean ari dira lanak egiten. Lantegi hori Basconia lantegi zaharraren inguruan dago. Aurtengo maiatzean irekitzea aurreikusten den lantegirako trenbideko sarbide berria eraikitzeko lanak ere egiten ari dira.

Sarratu inguruan hasi dira Matxitxakoko zubia eraisteko lanak, eta, ondorioz, inguruko trafikoa berrantolatu behar izan da, Pozokoetxe kaletik Larrazabalera jaisteko bidea bi noranzkoetarako egokituz. Egitura eta estribuak eraitsi ondoren, trenbideko kaxoia egiten jarraituko da, merkantzien behin betiko trenbidea bertan egon dadin.

Era berean, Sarratu inguruan hasi dira lineako tunela hondeatzeko lanak, marruskatzeko makina erabiliz. Lehenengo metroak mikropiloteen 3 aterkin segidaren babesean egin dira, harri egokiagora iritsi arte.

Aperribai inguruan, auzorako beste sarbide bat jarri da martxan, eta horrek obrarako sarbideak independizatzea eta bertan bizi direnei eragindako eragozpenak murriztea ahalbidetuko du.