Partaidetza prozesuaren ondorioz Martutenek izango duen eraldaketa aurkeztu du Donostiako Udalak

0

Plan Berezi berrian jasotako zentraltasunari, segurtasunari eta trafikoaren berrantolaketari buruzko hobekuntzak partekatu ditu bizilagunekin bilera irekian

Donostiako Udalak Martutene Pasealekua eta bere ingurua hobetzeko partaidetza prozesuaren emaitzak azaldu zizkien atzo Martutene auzoko bizilagunei bilera irekian. Udal gobernuak ingurua eraldatzeko proposamena aurkeztu du, eta Plan Berezi berrian gauzatu du auzoari entzuteko hartutako konpromisoa. Gobernu Batzarraren hasierako onarpena apirilerako aurreikusten da, irailean edo urrian Udalbatzan behin betiko onartu ahal izateko.

Dokumentu hau landuta, Udalak eraginkortasunez erantzun nahi izan dio prozesu honi, non auzoko elkarteek eta partikularrek aktiboki parte hartu duten. Olatz Yarza Mugikortasuneko eta Garraio Iraunkorreko zinegotzia, Nekane Arzallus Hirigintza Plangintza eta Etxebizitzako zinegotzia eta Idoia Gracia Auzoetako eta Herritarren Partaidetzako zinegotzia izan ziren bilera irekian.

Auzoa eraldatzeko aukera Martutenen bertan (Trinketean eta gasolindegian) egingo diren hirigintza-garapenek eragin dute. Nekane Arzallusek nabarmendu duenez, «etxebizitza-beharrak markatutako testuinguru batean, funtsezkoa da auzoko bizilagunekin batera egindako lana nabarmentzea, herritarren partaidetza-prozesu baten bidez, plangintza partekatua eta komunitatearentzat onuragarria den proposamena lortzea ahalbidetu duena. Hirigintza-antolamendu berri horrek hobekuntza argia ekarriko dio auzoari, eta, beraz, zorionak eman nahi dizkiet inplikatutako eragile guztiei, pertsonak eta lurraldea erdigunean jarriko dituen akordio bat posible egiteagatik «.

Bestalde, Olatz Yarzak azpimarratu duenez, «hiriko erdiguneko estandarrak aplikatu ditugu Martutenen, trafikoa gutxituz eta alboratuz, eta auzoaren erdigunean disfruterako oinezkoen espazioa sortuz”.

Izan ere, Plan Berezian jasotako hobekuntza nagusietako batek zentraltasunarekin du zerikusia. Martuteneko pasealekua ikastolaren aurrean boulevarizatzearen ondorioz, Marie Curie plaza oinezkoen pasealekuarekin bateratzen da, etxebizitza-eraikinaren ondoan sortzen den plaza berriarekin batera, eta auzoari zentralitate berri bat ematen dio, falta zuena.

Segurtasuna ere aintzat hartu da. Tranbia kaletik ibilgailuen zirkulazioa bideratzeko egungo «chicane» modukoa kendu denez, ibilgailuentzako eta oinezkoentzako eremu arriskutsu bat kendu da eta oinezkoentzako espazio seguru handi bat irabazi da Martutene pasealekuan.

Bestalde, antolamendu berriak auzoari hiriko auzo berrien antzeko bizikidetza-estandarra bermatzen dio, eta aisialdirako berdeguneak, jolas-guneak dituzten plaza berriak, oinezkoentzako kaleak, bidegorria eta merkataritza-lokal berriak (eraikin berriaren etxabeak) eta ekipamendua (gasolindegi-eraikina) ematen dizkio.

Bide-trazadura berriak auzoaren trafikoa sinplifikatzen du, Tranbia kalean ibilgailuen ardatz nagusi bat sortuz, Pilarearen koloniaren trafikoa banatzen den biribilgunean amaitzen dena, eta Martuteneko pasealekua pilarearen aurrean geratzen da, barneko trafikorako bakarrik. Bide-ardatz berri hori, auzoko ibilgailuen ardatz nagusia izan arren, trafiko motelekoa izango da (30 km/h), eta zebra-bide goratuak eta Dbusen hiru geltoki izango ditu, trafikoa baretzeko.

Prozesua testuinguruan jarriz, Idoia Gracia Auzoetako eta Herritarren Partaidetzako zinegotziak azaldu duenez, «Udal Gobernuak herritarren parte-hartzean jartzen du fokua, prozesuak, kanalak, espazioak eta elkarreragiteko modu berriak irekitzeko helburuarekin, hurbiltasunean, herritarrekiko harreman estuan, gardentasunean eta informazioaren kudeaketa demokratikoan oinarrituta. Horren adibide da Martutene auzoan herritarrek parte hartzeko egin den prozesua, non auzoko bizilagunek eta Donostiako Udaleko Mugikortasun eta Hirigintza sailek parte hartu duten «. Graciaren arabera, «parte-hartze prozesuak agerian uzten du, beste behin ere, herritarren eta udalen lankidetzaren garrantzia».

Esku-hartzeak

  • Martutene pasealekua oinezkoentzat izango da Arantzazuko Ama ikastolaren aurrealde osoan.
  • Ibilgailuen trafikoa eta bidegorria Tranbia kaletik proiektatzen dira.
  • «Marie Curie» parkea eraikin berriraino eta ikastolako hesiraino zabalduko da. «Marie Curie» parkea 1.304 m² handitzen da, gutxi gorabehera.
  • Plaza berri bat sortu da, gutxi gorabehera 2.037 m2-koa, ikastolaren pista estaliaren aurrean, eraikin berriaren beheko solairuko portxe edo arkupe aurrean.
  • Etxebizitza-eraikineko beheko solairuan portxe edo arkupea egitea aurreikusi da, plaza berrirako. Gutxi gorabehera, erabilera publikoko 288 m2-ko azalera izango dute portxeek.
  • Eraikin berriaren orientazioak betetzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien gutxieneko bizigarritasun-baldintzak eta diseinu-arauak arautzen dituen ekainaren 28ko 80/2022 Dekretuak ezarritako eguzkitze-baldintzak.
  • BS+5+ATIKOA izango duen eraikuntza-profila proiektatu da, eta BS+7+ATIKOA izango da eraikinaren bi muturretan.
  • Marie Curie parketik aurrera eta Tranbia kalearen amaierako biribilguneraino bizikidetzarako bide bat proiektatuko da, eta bidegorriaren bigarren zatia gehituko zaio.