- Euskalmetek 38 ºC-rainoko maximoak aurreikusi ditu Kantauri isurialdeko barnealdean eta Ebro ardatzean.
- Igandean abisu horia egongo da aktibo Ebro ardatzean, eta maximoak 36 ºC ingurukoak izan daitezke.
Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatuko du astelehen honetan, uztailaren 6an, muturreko tenperatura altuengatik Kantauri isurialdeko barnealdean, trantsizio-eremuan eta Ebro ardatzean, Euskadin bero biziko gertakari berri bat aurreikusten delako.
Alerta laranja 12:00etatik 20:00etara egongo da aktibo. Euskalmeten arabera, tenperatura maximoak 38 ºC ingurukoak izan daitezke Kantauri isurialdeko barnealdean eta Ebro ardatzean, eta 37 ºC ingurukoak trantsizio-eremuan.
Era berean, astelehenean abisu horia egongo da aktibo muturreko tenperatura altuengatik kostaldean, 12:00etatik 18:00etara. Eremu horretan, tenperatura maximoak 33 ºC ingurukoak izan daitezke.
Biharko, iganderako, uztailaren 5erako, Eusko Jaurlaritzak abisu horia ere aktibatu du muturreko tenperatura altuengatik Ebro ardatzean, 13:00etatik 20:00etara. Eremu horretan, maximoak 36 ºC ingurukoak izan daitezke. Gainerako lurraldean, tenperaturak 28 ºC ingurukoak izan daitezke kostaldean, 32 ºC ingurukoak Kantauri isurialdeko barnealdean eta 33 ºC ingurukoak trantsizio-eremuan.
GOMENDIO ORROKORRAK
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, datozen egunetan aurreikusten diren muturreko tenperatura altu eta iraunkorren aurrean, eta horiek eragin ditzaketen ondorio negatiboak prebenitzeko edo arintzeko, Osasun Sailaren 2026ko Bero Planeanan Osasun Publikoko Zuzendaritzak jasotako autobabes-gomendioak jarraitzea aholkatzen du:
Aire zabaleko berotik babestea
- Saihestu eguneko erdiko orduetan eguzkitan egotea.
- Ez jarri inoiz zuzenean eguzkitan 6 hilabete baino gutxiagoko haurtxoak.
- Erabili kapela, eguzkitako betaurrekoak eta eguzki-babes egokia.
- Jantzi arropa arina, nasaia eta transpiragarria.
- Saihestu jarduera fisiko bizia egitea, batez ere tenperatura handieneko uneetan.
- Kontsultatu osasun-langileekin sintoma hauek agertzen badira: ahulezia, nekea, zorabioak, goragalea, ikusmen lausoa edo ordubetetik gora irauten duten alditxarrak.
Etxea fresko mantentzea
- Itxita eduki leihoak eta pertsianak bero gehien egiten duen orduetan.
- Gauez etxebizitza aireztatu, gelak freskatzeko.
- Saihestu eguneko erdiko orduetan beroa sortzen duten etxetresna elektrikoak erabiltzea.
- Haizegailuak kontuz erabili, 35 ° C-tik gora ez baitute gorputzeko tenperatura murrizten.
- Freskatu ur hotzeko dutxa edo bainuekin, edo zapi hezeak erabilita aurpegian eta eskuetan.
- Ezin bada etxebizitza fresko mantendu, igaro egunean 2-3 ordu klimatizatutako lekuetan, esaterako, eraikin publikoetan.
Deshidratazioa saihestea
- Edan maiz ura eta likidoak, egarri izan arte itxaron gabe.
- Saihestu kafeina, alkohola edo azukre asko duten edariak, deshidratazioa errazten baitute.
- Handitu fruta, barazki eta entsaladen kontsumoa gatz mineralak berritzeko.
- Saihestu berora egokitzea zailtzen duten otordu oparoak, koipetsuak edo astunak.
Pertsona zaurgarrienak zaintzea
- Arreta berezia eman haurtxoei, adingabeei, haurdun edo edoskitzaroan dauden emakumeei, adinekoei eta gaixotasunak dituztenei.
- Ez utzi inoiz inor ibilgailu itxi batean, ezta itzalean ere.
- Zaindu bereziki bakarrik bizi diren edo mendekotasuna duten adinekoak, haiek egunean behin gutxienez bisitatuta.
Laneko arriskuen prebentzioa:
- Lanak planifikatzea, bero handieneko orduetan ez egiteko.
- Etengabe hidratatzea.
- Ur edangarrirako sarbidea duten eremu hoztuak gaitzea, atsedenaldiak maiz egin ahal izateko.
- Arropa arina eta eguzki-babesa erabiltzea.
- Intsektuak uxatzea eta ur geldiko eremuak saihestea, bektoreek transmititutako gaixotasunak prebenitzeko.
Larrialdietan, 112 zenbakira deitu behar da.
Eguneratutako eguraldi-iragarpena Euskalmeten webgunean eta X sare sozialeko kontu ofizialean kontsulta daiteke.






