Iñigo Urkullu Lehendakariaren Adierazpen Instituzionala, José Antonio Ardanza Lehendakariaren heriotza dela eta

0

Atzo goizean, 82 urterekin, José Antonio Ardanza Garro Lehendakaria zendu zen. Goian bego.

Bere senitartekoei doluminak, hurbiltasuna eta maitasuna helarazi nahi dizkiet, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Euskadiko erakunde guztien izenean, eta euskal gizartearen izenean. Bere hurbileko pertsona guztiei, bere lagun guztiei eta bere bizitzan bidelagun izan zituen lantalde guztiei ere sentimendu hauek helarazi nahi dizkiet.

Ardanza Lehendakariaren ibilbideak zerbitzu publiko ondradua irudikatzen du, euskal gizartearen hobe beharrari biziki lotua, bai eta Euskadiren eta bere Autogobernuaren orainari eta etorkizunari ere.

Arrasateko alkatea izan zen, 1979tik 1983ra; Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, 1983tik 1985era.

1985eko urtarrilaren 26an Lehendakari karguaren zina egin zuen Gernikako arbolaren aurrean. Bere konpromisoa adierazi zuen, Agirre Lehendakariak erabili zituen hitzekin:

“Jaungoikuaren aurrean apalik, Euzko-lur ganian zutunik, asabearen gomutaz, Gernika’ko zuaizpian nere aginduba ondo betetzia Zin dagit”. 

Lehendakaria izan zen 1999ko urtarrilaren 2ra arte.

Ardanza Lehendakaria Elorrion jaio zen, 1941ean, Frankoren diktadurapean bizi zen hiribildu batean, non gure herriko hamaika lekutan bezala, agerikoak ziren estatu-kolpearen ondorio politiko, ekonomiko eta sozialak, bai eta gerraren arrasto fisikoak ere.

Testuinguru horrek Ardanzaren eta belaunaldi oso baten gaztaroa baldintzatu zuen, uneoro gure Herriaren askatasuna eta demokrazia amesten.

Euzko Alderdi Jeltzalearen eta EGIren kide izan zen diktadura garaitik. Bere konpromiso politiko eta instituzionalaren aurretik, sozialki lotua eta atxikia egon zen, bai esparru kooperatibori, bai enpresa munduari.

Lehendakari gisa euskal gizartearen aurrerapenari utzitako ondarea luzea eta zabala da, Autogobernuaren garapenean bereziki. Bere ekarpenak laburbiltzeko, hiru zertzelada emango ditut.

Lehenengo eta behin, etenik gabe lan egin zuen, Euskadiren susperraldi ekonomikoa bultzatzeko, industria-krisi eta –birmoldaketa baten barruan eta bere ondoren. Bere gobernuek gizarte-neurri aitzindariak abiarazi zituzten, euskal gizartearen kohesioa bermatzeko.

Bigarrenik, bere borroka nekaezina Bakearen eta Bizikidetzaren alde. Bere sendotasun etikoa eta bortizkeriaren eta terrorismoaren baldintzarik gabeko gaitzespena, garairik latz eta odoltsuenetan, eta, horrekin batera, giza duintasunaren defentsa eta elkarrizketarako eta adostasunerako prestutasuna.

Hirugarrenik, desberdintasunen gainetik elkarrizketa bultzatzeko gaitasuna. Bere pazientzia eta bere ekina, unean-unean behar ziren adostasun sozial eta politikoak josteko. Beti leialtasunez eta duintasun instituzionalik altuenarekin.

Balio humanista eta demokratiko sendoak izan dituen pertsona izan da, beti defendatu zituen bere ideiak, giza balioak, aniztasuna eta elkarbizitza demokratikoa errespetuz. Ardanza Lehendakaria lehen mailako erreferente politiko eta instituzionala izan da Euskadin.

Bere ondarea euskal gizartearekiko entrega eta konpromiso eredua da, gure Herrian ardura publiko bat geure gain hartzen dugun pertsona guztiontzat. Berba batek ezin hobeto laburbiltzen du Ardanza Lehendakariak guztiongan pizten duen sentimendua: errespetua.

Errespetu eta aitortza osoa merezi du, esan, egin eta eman zuen guztiarengatik.

Ardanza lehendakaria, goian bego!