Imanol Pradales Lehendakariak agerraldia egin du egun erdi honetan, LABIren bigarren bileraren ondoren, Euskadi deseskalatze-fase berri batean sartuko dela iragartzeko. «Gaur LABIk 1. egoerarako larrialdi-fasera pasatzea erabaki du», adierazi du. Horrek esan nahi du Eusko Jaurlaritzak koordinazio- eta laguntza-rola izango duela, eta erakunde bakoitzak bere baliabideen eta zerbitzuen zuzeneko kudeaketa berreskuratuko duela.
Normaltasunerantz aurrera egin arren, egoerak oraindik zuhurtzia eskatzen duela azpimarratu du Pradalesek: «Larrialdi Fasean jarraitzen dugu, 1. egoeran, eta, beraz, zuhur jokatu behar dugu». Ildo horretan, azken 24 orduetan atsedenik hartu gabe lan egin duen LABIren mahai teknikoaren ahalegina aitortu du, eta Segurtasun Sailak herritarrak une oro informatuta edukitzeko egiten duen lana nabarmendu du.
Euskadiri eragin zion itzalaldi elektrikoari dagokionez, Lehendakariak baloratu du kalte materialak izan diren arren ez dela biktima pertsonalik izan. «Ondorioak handiagoak izan zitezkeen. Gure elkartasuna eta babesa kaltetutako pertsona eta enpresa guztiei «, adierazi du.
Era berean, azpimarratu du oraindik ez dakitela zergatik gertatu den: «24 ordu igarota, oraindik ez dakigu zergatik gertatu den. Funtsezkoa da arrazoiak ezagutzea, arazoari errotik aurre egiteko eta berriro gerta ez dadin neurriak hartzeko «.
Pradalesek positibotzat jo du larrialdi-sistemaren erantzuna, eta kontingentzia-planek behar bezala funtzionatzen dutela nabarmendu du, bereziki azpiegitura kritikoetan, hala nola ospitaleetan, gizarte-zerbitzuetan, herritarren segurtasunean eta babes zibilean. «41 urte daramatzagu geure sistema eraikitzen eta hobetzen. Horrek segurtasuna eta lasaitasuna ekarri dizkigu ordu kritiko hauetan «, adierazi du.
Hala ere, sistema ikasten eta indartzen jarraitzeko beharra azpimarratu du. «Hobetu behar dugu. Gertatutakotik ikastea. Gure prozedurak eta protokoloak etengabe berrikustea eta ebaluatzea «.
Azkenik, desinformazioa saihesteko eta segurtasuna helarazten jarraitzeko deia egin du lehendakariak. Amaitzeko, eskerrak eman dizkie herritar guztiei eta krisi honen kudeaketan lagundu duten langile guztiei: osasun-langileei, larrialdietako langileei, polizia-taldeei, suhiltzaileei, teknikariei eta babes zibileko boluntarioei, bai eta Euskotreneko, Metroko, RENFEko eta komunikabideetako langileei ere.