Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio nekazaritza-sektorean lan egiten duten sasoikako langileei ostatu emateko higiezinak sortu, egokitu edo ekipatzeko 2025erako laguntzak deitzeko Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren aginduari. Helburu horretara 40.000 euro bideratuko dira.
Laguntza horiek Europako Batzordeak 2023an minimis laguntzei buruz ezarritako araubideari atxikita daude. Inbertsioak eta gastuak urtekoak izango dira. Pertsona fisiko edo juridikoei, publiko edo pribatuei, zuzenduta daude, betiere nekazaritza-ustiategi baten titularrak edo titularkideak badira.
Nortasun juridikorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoen elkarte pribatuek eta ondasun-erkidegoek nekazaritza-ustiategi baten titularrak edo titularkideak izan beharko dute. Horietan parte hartzen duten pertsona guztiak eta bakoitza hartuko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte dekretuan ezarritako baldintzak eta betekizunak.
Eskabidea aurkezteko, egunean egon beharko dute zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzako betebeharretan, bai eta dirulaguntzak itzultzeagatiko betebeharren ordainketan ere. Horrez gain, jakinarazi beharko dute eskatu eta lortu al duten dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo bestelako baliabide ekonomikorik, diruz lagundu daitekeen gastu bererako, edozein administrazio publiko edo ente publiko edo pribatutatik.
Laguntzen eskatzaileek honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute: Hirugarrenaren alta, egoitza elektronikoan izapidetu ahal izango da https://www.euskadi.eus/altaterceros/ estekan; pertsona juridikoa izanez gero, erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen egiazko kopia, dagokion erregistroan inskribatu izanaren zigilua duena, eta zuzendaritza-organoen osaera egiaztatzen duen ziurtagiria. Erakunde publikoa izanez gero, nekazaritza-ustiategiaren titularra edo titularkidea izatearen egiaztagiria, jabetza osoan edo partekatuan, errentamenduan, gozamenean edo prekarioan duen ondasun higiezina ostatu gisa erabiltzeko egokitzea ahalbidetzen dion tituluaren kopia.
Nortasun juridikorik ez duten pertsona fisikoen edo juridikoen elkarte pribatuen eta ondasun-erkidegoen kasuan, berariaz jaso beharko dira, eskabideari erantsitako dokumentuan, taldeko kide bakoitzak bere gain hartutako egikaritze-konpromisoak, bai eta horietako bakoitzak gauzatu beharreko aurrekontuaren zenbatekoa ere, eta horiek ere onuraduntzat hartuko dira.
Nolanahi ere, Nekazaritzako Zuzendaritzak beharrezkotzat jotzen duen dokumentazio eta informazio osagarria eskatu ahal izango dio eskatzaileari, aurkeztutako eskaera behar bezala ulertu, ebaluatu eta izapidetzeko. Dokumentazioa aurkezteko epea agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den hurrengo egunean hasiko da, eta helburu horretarako izendatutako aurrekontua agortzen denean edo 2025eko abuztuaren 31n amaituko da.