Obrak egin bitartean nabarmen kaltetuta geratu den 3.000 metro karratuko Ibai-ondo plaza berreskuratuko da herritarrentzat gaur arratsaldean
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailaren esku dagoen Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak gaur goizean egin du Errenteriako Galtzaraborda auzoa Pasaiarekin lotzen duen tuneleko bigarren kalea edo bi fronteen bat egitea. Horrek esan nahi du amaitu direla Altza eta Galtzaraborda artean lurpean dagoen saihesbidearen lineako tunel osoa hondeatzeko lanak –lehen kalea edo bat egitea 2024ko otsailean egin zen Altza eta Pasaia arteko tunelean–. Halaber, obrak egin bitartean nabarmen kaltetuta geratu den 3.000 metro karratuko Ibai-ondo plaza gaur arratsaldean bertan irekiko da.
Susana García Chueca Mugikortasun Jasangarriaren sailburua, Miguel Ángel Páez sailburuordea eta Antonio López ETSko zuzendari nagusia izan dira Galtzarabordatik (Errenteria) zetorren marruskagailuak Pasaiatik zetorren tuneletik bereizten zituen harria eta horma bota dituen unearen lekuko. Obra garrantzitsu hori Pasaiako lurpeko geltokitik metro gutxira gertatu da, Molinao errekastoaren parean.
Langileek harkaitzean irekitako zuloa gurutzatu dute, eta Pasaia aldean zeudenak agurtu eta haiekin eta agintariekin ospatu dute emandako urratsa, “obra izaten ari den aurrerapenaren sinboloa”, García Chuecak adierazi duen bezala, “funtsezko esku-hartzea da Gipuzkoako trenbide mugikortasuna iraultzeko gauzatzen ari garen jarduketen sarean”.
Euskadiko garraio arduraduna aireztapen galeriatik sartu da haitzulora, eta bertatik ikusi ahal izan du Pasaian etorkizunean egongo den geltokiko lanen egoera eta ondoren bertan zehar ibili. Erabat lauza azpian hondeatuta, orain hormigoi armatuzko egiturak, nasen egitura, larrialdietako irteeraren egitura eta sarbidearen eta mezzanina edo atariaren egiturak egiten ari dira.
Pasai Antxoko lurpeko geltoki berria Gure Zumardia kalearen ondoko plazaren azpian dago. Eskalantegi kalean egongo da sarbidea, eta igogailua, plazan bertan, elizaren ondoan. Larrialdietarako irteera Hamarretxea kalearen inguruan egongo da. Konfigurazioa nasak alboan dituena izango da, baina eskailerek atari bakar batera emango dute, eta handik irtengo da kalera. Bi nasak ere igogailu baten bidez egongo dira lotuta atariarekin.
Kalearen edo bat egitearen ondoren, Altza-Galtzaraborda tarteko bi kilometroko tunela, ia amaituta dago aurrerantz, Galtzarabordarako noranzkoan. Altza-Pasaia azpitartean, berriz, erabat hondeatuta dago duela hilabete batzuetatik, eta, gaur egun, masa-hormigoizko estalduran eta kanalizazioen dadoetan ari dira lanean.
Kalea edo bat egitea egin den tokira joan aurretik, sailburuak Ibai-ondo plaza gaur arratsalderako irekiko dutela berriro iragarri du plazaren ondoan, obren ia hasieratik jasandako eragina amaitu ondoren. “Ekainean, behin-behineko konfigurazioarekin izan arren plaza libre utzi genuenean, egin genuen bezala, kasu honetan herritarrentzat aisialdirako beste espazio bat berreskuratuko dugu, orain behin betiko. Horrek guztiak adierazten digu obrak bide onetik doazela, eta datorren urtean zehar azpiegitura berriaz bere osotasunean gozatu ahal izango dugula”, azaldu du García Chuecak.
Kalearen ondoren egindako adierazpenetan García Chuecak nabarmendu duenez “gero eta hurbilago dagoen etorkizunean, trenbide bikoitzeko korridore jarraitua izango dugu, Topoak edukiera eta maiztasun handiagoak izan ditzan; jada ez da beharrezkoa izango ordutegiak begiratzea automobila edo Euskotren aukeratzeko, trena beti izango baita aukerarik azkarrena eta erosoena, baita jasangarriena ere”.
Hiri-berroneratzea Pasai Antxon eta Galtzarabordan
Era berean, trenbidea integratzeko obra horrek herriari ekarriko dion hirigintza arloko berroneratzea nabarmendu du. “Zubibidearen hurrengo desagerpenak hesi fisiko bat hautsiko du, eta pasaiatarrek erabiltzeko eta gozatzeko espazio bat berreskuratzea ahalbidetuko du”, adierazi du. Testuinguru horretan, joan den martxoan ETSk lizitaziora atera zuen Pasai Antxoko Topoaren zubibidea eraisteko eraikuntza-proiektuaren idazketa. Azpiegitura berria martxan jarri bezain laster ekin nahi zaio.
EAEko trenbide-administratzaileak martxoan lizitaziora atera zuen, halaber, trenbidea Errenteriako Galtzaraborda eremuan integratzeko eraikuntza-proiektuaren idazketa, trenbideak estaltzea bere gain hartzeko, trenak eremu horretan duen inpaktu bisual eta akustikoa ahalik eta gehien murrizteko.
Altza eta Galtzaraborda arteko tartea eraikita, 2016ko irailean Topoa Herreratik Altzaraino eraman zuen trenbide bikoitzeko trenbide-saihesbidea osatuko da. Horrela, tren batzuk ‘errebotatu’ egiten duten Altzako zaku hondoarekin amaituko da, igarobide bihurtuz.