Eusko Jaurlaritzak eta Fortuna klubak dei berezia egin diete emakumeei Behobia – San Sebastian lasterketan parte hartzeko eta BSS 50/50/25 proiektuari bultzada emateko

0

Ibone Bengoetxea: «Kirola gizartea eraldatzeko tresna bat da, eta BSS 50/50/25 proiektua horren isla da; genero-berdintasunaren aldeko beharrezko konpromisoa. Ezarritako helmugara aurten iritsiko gara, 2025ean. Baina gizarte aldaketa honek ez du mugarik. Bidea markatu dugu eta, orain, eraikitako bideari jarraipena eman behar diogu; bideari eutsi behar diogu».

Duela 7 urte, Behobia – San Sebastian lasterketak erronka handi bat ezarri zuen: BSS 50/50/25 proiektua. Konpromiso bat hartu zen genero berdintasunaren alde kirolean, 2025 urtean lasterketako partaideen erdia emakumeak izan zitezen. Aurtengo izen emate epe orokorra datorren maiatzaren 7an zabalduko da, asteazkenean, eta Fortuna Klubak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Donostiako Udalarekin batera, deialdi berezia egin die emakumeei aurtengo lasterketan parte hartu dezaten eta, hala, 2025 urterako ezarritako 50-50 helburu parekide horretara gerturatzeko, ‘Egin dezagun posible’ lelopean.

Lehen lehendakariordeak, Ibone Bengoetxeak, “Kirola gizarte eraldaketarak tresna dela eta BSS 50/50/25 proiektua horren isla dela” adierazi du aurkezpenean: “Proiektu honek badu zerbait berezia: gizartetik sortua izan da, gizartearentzat. Erakundeon lana proiektu hauek laguntzea eta bultzatzea da. Horregatik, gaur, emakumeak animatzen ditugu pauso bat aurrera ematera eta proiektu honen azken kilometroetara batzera. Izan ere, aurten iritsiko gara ezarritako helmugara. Baina, aldaketa sozial honek, ez du mugarik. Bidea markatu dugu eta, orain, eraikitako bideari jarraipena eman behar diogu, bideari eutsi behar diogu”.

Bestalde, Behobia – San Sebastian lasterketako koordinatzaileak, Iñigo Etxeberriak, emakumeen belaunaldi berri baten partaidetzan igoera handia egon dela azaldu du: “Poztasun handia ematen digu lasterketan emakumeen belaunaldi berri eta indartsu bat agertu izana, 20-30 urte bitarteko adin-tartean, eta dagoeneko %40ko partaidetza-langa gainditu dutenak azken edizioetan”.

Zentzu honetan, lehendakariordeakaldaketa ematen ari dela” azpimarratu du: “Egindako bidearen emaitzak ikusten ari gara orain. Eta, hau, azken urteetan belaunaldi berrientzat erreferente gisa jardun diren emakumeei esker da. Urteetako lanaren aitortza egiteko unea da gaurkoa: alde batetik, Fotuna klubari eta, bestetik, emakume korrikalari guztioi”.

Era berean, Etxeberriak gogorarazi du BSS 50/50/25 proiektua aurkeztu zutenean “bazekitela epea motza zela, baina honela adierazi nahi genuen normaltasun eza. Garbi dago mugak ez direla fisikoak, gizarte eta ohitura mailakoak baizik. Aurten, enfasi berezia jarri nahi izan dugu proiektuan, Behobia – San Sebastian parekide horretara iritsi ahal izateko”.

Bestalde, BIZIKI korrikalari taldeko koordinatzaile Susana Ruizek aurten ilusio berezia sentitzen dela azpimarratu du: «50/50 helburua lortzeko motibazio berezia dago aurten. Gaur egun 11 entrenamendu talde ditugu martxan BIZIKIn. Talde mistoak badira ere, gehienak emakumeak dira, adin eta maila guztietakoak. Saio bakoitza pertsona bakoitzaren helburuetara egokitzen dugu, eta, talde integratuak direnez, guztion arteko motibazioak aurrera egiten laguntzen du. Emakume guztiak Behobia-Donostia lasterketan izena ematera animatzen ditugu; aurten ez ezik, urtero egitera ere”.

Donostiako Alkateak, Eneko Goiak, Behobia – Donostiaren lana ere balioetsi du. Ez bakarrik kirol-balioen transmisore gisa, baizik eta hiriaren ekitaldi garrantzitsuenetako batean helburu parekide hori lortzeko erreferente gisa.