Gobernu Kontseiluak 41,5 milioi euroko inbertsioa onartu du Gizarte Larrialdietarako Laguntzak finantzatzeko. Iazko diru-kopuru bera da.
2024an, Euskadin 55.790 pertsonak jaso zituzten Gizarte Larrialdietarako Laguntzak, 32.338k Bizkaian, 16.311ek Gipuzkoan eta 7.141ek Araban.
Bizikidetza-unitateei dagokienez, 28.124 bizikidetza-unitate onuradun izan ziren 2024an: 15.988 Bizkaian, 8.424 Gipuzkoan eta 3.712 Araban.
Maria Ubarretxena Gobernuko bozeramaileak azaldu duenez, Gizarte Larrialdietarako Laguntzak jasotzen dituztenek 18 urtetik gorakoak izan behar dute, gutxienez 6 hilabetez erroldatuta egon behar dute, eta ez dute ez Etxebizitzarako Prestazio Osagarriaren ez Gaztelagun laguntzen onuradun izan behar.
Laguntza hauen helburua gastu hauek ordaintzea da: etxebizitzen alokairua eta konponketak, zorpetzea, energia, kredituen amortizazioa edo etxetresna elektrikoak erostea edo konpontzea, besteak beste.
Udal-entitateak dira herri bakoitzeko etxebizitzaren ezaugarriak eta oinarrizko premiak hobekien ezagutzen dituztenak, eta horretan oinarrituta egiten dute Gizarte Larrialdietarako Laguntzen banaketa. Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saila arduratuko da gastu espezifiko bakoitzerako eman beharreko gehieneko diru-zenbatekoak ezartzeaz. 2025ekoak ez dira aldatuko aurreko urtearekin alderatuta.
Ubarretxena sailburuak adierazi duenez, “Gizarte Larrialdietarako Laguntzak behar-beharrezkoak dira inor ez dadin muturreko pobrezia-egoeran egon. Ez dugu nahi bizpahiru abiadurako Euskadi bat, non baliabide gehiago edo gutxiago izateak kolektiboen arteko arrakalak desberdintasun-horma bat sortzen duen”.
8,8 milioi euro ikus-entzunezko produkziorako laguntzetan
Eusko Jaurlaritzak % 21 handitu ditu ikus-entzunezko produkziorako laguntzak, 8,8 milioi eurora iritsiz.
Laguntza hauek film luzeen, film laburren eta serieen ekoizpena sustatzeko balioko dute.
“Eusko Jaurlaritzaren iritziz -azaldu du bozeramaileak- ikus-entzunezkoen sektorea sektore industrial garrantzitsua da gure herrian. Argi daukagu sortzaileak direla produktu horiek garatzen dituztenak, eta laguntza hauen bidez lan horiek argitara daitezen lagundu nahi dugu”.
Ubarretxenak gehitu duenez, artisten aintzatespena eta haien sormenezko garapena ahalbidetzea da Jaurlaritzaren lan-ildoetako bat.
Onekin programa, lehen sektorean berrikuntza sustatzeko
Gobernu Kontseiluak ontzat eman du elikaduraren eta zuraren balio-kateetan digitalizazio-, berrikuntza- eta ekintzailetza-proiektuak babesteko laguntza-programa bat. ONEKIN programak 500.000 euroko zuzkidura du.
Amaia Barredo sailburuak azaldu duenez, “negozioak abian jartzeko edo garatzeko aholkularitza-zerbitzuak kontratatzeko laguntzen deialdia egitea da aginduaren xedea”.
Patenteak eta bestelako aktibo immaterialak lortu, baliozkotu eta defendatzeko, elikagaien segurtasunaren arloko ziurtapen-estandarrak lortzeko eta berrikuntzaren eta digitalizazioaren arloko aholkularitza-lanak egiteko laguntzak dira.
Hitzarmena Zumaiako udalarekin
Gobernu Kontseiluak oniritzia eman dio etxebizitza babestuarekin lotutako izapideak errazteko Zumaiako udalarekin egin duen hitzarmenari.
“Akordio honen sinadura -azaldu du Maria Ubarretxenak- bat dator Jaurlaritzak administrazio hurbilagoa, errazagoa eta efizienteagoa finkatzeko duen helburuarekin”.
Bozeramailearen arabera, hitzarmenaren bidez, Etxebideko etxebizitza babestuen eta zuzkidura-bizitokien eskatzaileei buruzko informazioa eta laguntza indartuko dira.
Gainera, akordio honi esker, laguntza teknikoa eman ahal izango da etxebizitza babestua eskuratzearekin lotutako bitarteko elektronikoak erabiltzeko, adibidez: erregistroan inskribatzean, eskubide subjektiboa tramitatzean edo esleipen-prozesuetan parte hartzean.
Hitzarmen berri honekin, Zumaia batu egiten da Eusko Jaurlaritzarekin etxebizitza babestua eskuratzeko kudeaketan lankidetzan ari diren beste udal batzuen multzora, hala nola, Bilbo, Getxo, Basauri, Zarautz, Azpeitia edo Urretxu.