Gaur goizean, Imanol Pradales Lehendakariak, nanoGUNEko zuzendari José Maria Pitarkerekin batera, nanoGUNEren bigarren dorrearen proiektua aurkeztu du: Dorre Kuantikoa. Dorre berrian, nanoGUNEren Hardware Kuantikoko ikerketa-talde berri baten laborategiak eta Quantum Motion enpresaren Donostiako filiala egongo dira. Enpresa hori aitzindaria da erdieroaleen teknologian oinarritutako txip kuantikoak garatzen.
Imanol Pradales Lehendakariak berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak duen konpromisoa, unibertsitateen eta ikerketa-zentroen arteko lankidetzan oinarrituta, zientzia, teknologia eta berrikuntzako ekosistema bat eraikitzeko. Gainera, Pradalesek azpimarratu du ahaleginak arlo estrategikoetan ardaztu behar direla: “Herri txikia gara eta, hortaz, hautatu egin behar dugu. Ahalegin berezia egin behar dugu indartsuagoak garen edo estrategikotzat jotzen ditugun arloetan”. Ildo horretatik, Euskadi nazioarteko erreferente bihurtzeko nahia adierazi du: «Ikerketa-ekosistema aurreratua eta mundu mailan erreferente izatea nahi dugu. Eragile garrantzitsu izan nahi dugu kontzertu akademikoaren hainbat arlotan. Hori lortzeko, unibertsitate onak izatea ez da nahikoa. Beharrezkoa da urrats bat gehiago ematea eta maila goreneko unibertsitate eta ikerketako erreferente bihurtzea”.
Halaber, nanoGUNE bezalako zentroek talentua erakartzeko eta ezagutzaren ekonomia bultzatzeko egindako lana nabarmendu du: “nanoGUNEk bi helburuak lortzen laguntzen digu”. Azkenik, kuantikaren inguruko ekosistema zientifiko bat garatzearen aldeko apustua azpimarratu du: “Apustu honek karrera kuantikoan urrats bat gehiago ematen laguntzen digu; gure asmoa Europa mailako erreferente izatea da. Horretarako, kuantikaren alorreko ekosistema zientifiko oso bat eraikitzen ari gara, eta haren inguruan industria eta ekonomia indartsu bat ere garatzen ari gara”.
NanoGUNEren dorre berria eraikita 1.500 m2 inguru handituko da eraikitakoa. Horren bidez, euskal zentroak nanozientzian eta nanoteknologian teknologia kuantikoetan duen jarduera sendotzeko eta indartzeko duen apustua bistakoa da. NanoGUNEko Jose Maria Pitarkek azaldu duenez, “nanoGUNEk beti egin du lan nanozientzia kuantikoaren arloan. Orain, Fernando González-Zalba buru duen Hardware Kuantikoaren talde berriak dorre berrian puntako azpiegitura izango du txip kuantikoak diseinatu eta garatzeko, eta, gainera, Quantum Motion enpresa britainiarrarekin lankidetzan arituko da”. Bertan garatuko dituzten konputazio kuantikoko prozesadoreek konplexutasun handiko arazoak konpontzen lagunduko digute, hala nola, botika berriak edo material jasangarri berriak diseinatzen.
Fernando González-Zalba Ikerbasqueko ikertzailea buru duen Hardware Kuantikoko ikerketa-talde berriak punta-puntako ikerketa-azpiegitura izango du Dorre Kuantikoan. Azpiegitura horrek tenperatura baxuko sistema aurreratuak eta zehaztasun handiko instrumentazio elektronikoa izango ditu, abangoardiako hardware kuantikoa diseinatu eta karakterizatzeko beharrezkoak. González-Zalbak azpimarratu duenez, helburua da “prozesadore kuantikoak ikertu eta garatzeko Europa hegoaldeko instalaziorik aurreratuena sortzea”.
NanoGUNEren apustua silizioaren teknologian oinarritutako txip kuantikoak dira —gure ordenagailu, telefono mugikor edo ibilgailuen mikroprozesadoreen parte den teknologia bera—, eta, horretarako, manufaktura-azpiegitura eta erdieroaleen industriaren ezagutza baliatzen ditu. Teknologia horrek elektroi bakar baten spina erabiltzen du transistore-motako egituretan, hala nola bit kuantikoetan —informazio kuantikoko oinarrizko unitatea da eta ordenagailu kuantikoak garatzeko funtsezko elementua—.Beste teknologia kuantiko batzuen eskala-arazoak konpontzen dituen hardwarea da, zirkuitu elektroniko estandarretan integratzeko aukera ematen du eta, hala, berrikuntza eta garapen teknologikorako aukera berriak eskaintzen ditu.
Quantum Motion enpresa britainiarrak nanoGUNErekin lankidetza-hitzarmena sinatu zuen ekainean, eta aitzindaria da teknologia horretan. Hitzarmen horri esker, enpresa Euskal Autonomia Erkidegoan ezarriko da, eta, hala, Dorre Kuantikoaren bulegoetan irekiko du Europako Batasunan duen lehen egoitza. NanoGUNEko Hardware Kuantikoko taldearekin lankidetza estuan lan egingo du. Aurreikuspenen arabera, nanoGUNEren talde berriak, González-Zalba buru duenak, Quantum Motionekin sinatutako hitzarmenaren esparruan oso ondo prestatutako 50 pertsonako talde bat izango du hurrengo urteetan.
NanoGUNEren dorre kuantiko berriaren eraikuntza bat dator Eusko Jaurlaritzak teknologia kuantikoak sustatzeko eta alor horretan nazioartean erreferente bihurtzeko duen estrategiarekin. Hala, abangoardiako azpiegitura zientifikoa eskaintzen du, Euskadiko zientzia, teknologia eta berrikuntzako ekosistema indartzeko.
Gaurko ekitaldian, Imanol Pradales lehendakariaz eta José Maria Pitarke nanoGUNEko zuzendariaz gain, Juan Ignacio Pérez Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak, Javier Martínez-Ojinaga nanoGUNEko presidente eta CAFeko kontseilari delegatuak, Adolfo Morais Zientzia eta Berrikuntzako sailburuordeak eta Maialen Agirre Berrikuntzako zuzendariak hartu dute parte. Aurkezpenaren ostean, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek bertatik bertara ikusi ahal izan dute eraikuntza-lanak, eta nanoGUNEko laborategiak bisitatu dituzte, Fernando González-Zalba Hardware Kuantikoko ikerketa-taldeko buruarekin eta Ainara García nanoGUNEko Teknologia Transferentziako zuzendariarekin batera.
NanoGUNE
NanoGUNE, Nanozientzia Ikerketa Kooperatiboko Zentroa Donostian dago, eta nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorretan bikaintasuneko ikerketarako -zentroa da. Euskadiko enpresen lehiakortasuna eta garapen ekonomikoa areagotzen laguntzen du. NanoGUNE Ikerketako Estatu Agentziak aitortutako María de Maeztu Bikaintasun Unitatea da.