Euskadiko Osasun Itunean parte hartzen duten eragileek izendatutako adituek Euskadin etorkizuneko osasunaren oinarri izango diren 24 ildo estrategikoetatik lehenengo zortziak gauzatu dituzte, aditu profesionalen eta pazienteen zortzi lantalde horiek landu eta adostu ondoren.
Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburu Alberto Martinez gaur Gasteizko Europa Jauregian egin den Itunaren Mahaiaren zazpigarren bileraren buru izan da. Bertan, gai hauen inguruko lehen dokumentu estrategikoak aurkeztu dira:
- Gaixotasun neurodegeneratiboak: arreta eta detekzio goiztiarra indartzea eta pazienteak eta familiak babestea
- Pertsonengan oinarritutako politika: atxikipena, fidelizazioa, parte-hartzea eta lidergo profesionala osasun-sisteman
- Osasun-arloko prestakuntza eta irakaskuntza: ezagutzaren zabalkundea eta profesionalen etengabeko trebakuntzaren sustapena.
- Eztabaida eta erabaki partekatuak hartzeko aukera: osasun-sistemaren kudeaketan herritarren parte-hartzea eta gardentasuna bultzatzea
- Osasun-arloko balioa eta emaitzak: sistema osasun-arloko emaitza hobeak lortzera bideratzea, efizientziaren eta ekitatearen ikuspegiarekin
- Gaixotasun arraroak eta diagnostiko genetikoa: diagnostikoaren hobekuntza eta tratamendu pertsonalizatuak jasotzeko aukera.
- Kronikotasuna: gaixotasun kronikoen kudeaketaren eta bizi-kalitatearen hobekuntza
- Antolamendu-berrikuntza eta laguntza-ereduak: eskuragarri dauden baliabide guztien efizientzia areagotu dezakeen laguntza integral eta integratuaren sustapena.
Talde bakoitza dinamizatzeko lanetan aritu diren profesionalek azaldu dituzte banan-banan gaur aurkeztutako ildo estrategikoak Itunaren Mahaiaren osoko bilkuran. Mahai horrek denbora eskatu du aurkeztutako dokumentuak aztertzeko, datorren asteko bileran berresteko. Bilera horretan, halaber, beste lantalde batzuen adostasun-dokumentu berriak aurkeztuko dira.
Kide guztiak printzipioen eta balioen inguruan ados jarri ondoren, Euskadiko Osasun Itunak hirugarren faseari heldu zion otsailaren 26an, Barakaldoko BECen egindako bileran. Bilera horretan 24 lantalde espezifikoak jarri ziren abian; bertan, 400 aditu, profesional eta paziente inguruk parte hartzeko aukera izan zuten.
Azken bi hilabeteetan, talde horiek aldi berean garatu dituzte foro honetako kide guztiek adostutako ildo estrategiko guztiak. Foro hori iazko irailean eratu zen, Imanol Pradales lehendakariaren aginduz, euskal osasuna hobetzeko, euskal osasun-zerbitzu publikoa indartzeko, ongizatean hazteko eta etorkizuna prestatzeko helburuarekin.
Hain zuzen ere, Osasuneko sailburuak berriro azpimarratu du parte hartu duten eragile guztien lana. Lan horri esker, «diferentziatik abiatuta, batzen gaituen horretan, hau da, euskal herritarren osasuna eta ongizatea hobetzean aurrera egin ahal izan dugu». Alberto Martinezek «goraipagarritzat» jo ditu hainbeste adituk fase honetan lanean emandako orduak, eta adierazi duenez «orain arte ezagutu ez den prozesu berritzaile baten aurrean gaude. Uste dut prozesua bera, berez, inspiratzailea eta pizgarria izaten ari dela parte-hartzaileentzat. Ziur nago gure osasun-sistemarentzat ere hala izango dela”.
Gainera, sortu zenetik Itunaren Mahaia osatzen duten guztien borondatea eta ahalegina eskertu ditu, bai pazienteen elkarteetako ordezkariena, bai osasun arloko adituena —Medikuen, Erizainen eta Farmazialarien elkargo ofizialak, Psikologoak, Odontologoak, Optikoak eta Optometristak, Gizarte Langileak, Fisioterapeutak, Biologoak eta Albaitariak, Medikuen Sindikatua, SATSE eta SAE—, bai alderdi politikoena, sindikatuena, Confebaskena eta unibertsitateena (EHU, Deustu eta Mondragon Unibertsitatea).
Hurrengo bileretan —maiatzean zehar eta ekainaren zati batean gauzatuko den prozesuan— gainerako ildoak osatzea aurreikusi da. Ildo horiek 6 epigrafe nagusitan biltzen dira, zerrenda honetan jasotzen den bezala. Bertan, urdinez gaurko bileran aurkeztutako ildoak nabarmentzen dira:
I. OSASUNAREN PREBENTZIOA ETA SUSTAPENA
1.- One Health ikuspegia, osasuna eta klima-aldaketa: osasun-plangintzan gizakien, animalien eta ingurumenaren osasuna txertatzea.
2.- Osasunaren prebentzioa eta zaintza: detekzio goiztiarra eta osasun-mehatxuei eman beharreko erantzuna indartzea.
3.- Osasunaren sustapena eta ekintza komunitarioa: osasun-arloko ekitaterik ezaren murrizketa gizarte-determinatzaileetan oinarritutako ikuspegi baten bidez, haurrak, nerabeak, ugalketa-osasuna, emakumeak eta kolektibo kalteberak bereziki kontuan hartuta.
4.- Lehen mailako arretaren eta arreta komunitarioaren indartzea: arreta-eredu integral, eskuragarri, proaktibo eta luzetarako baten garapena, sistemaren gobernantzaren ikuspegitik.
II. GAIXOTASUNAREN ARRETA
5.- Denbora-Mendekotasuneko patologiak: denbora biziraupenarekin eta desgaitasunarekin zuzenean lotuta dagoenean eman beharreko laguntza-erantzunaren optimizazioa.
6.- Kronikotasuna: gaixotasun kronikoen kudeaketaren eta bizi-kalitatearen hobekuntza.
7.- Arreta soziosanitarioa: osasun-sistemaren eta gizarte-zerbitzuen arteko koordinazioa arreta integratua eskaintzeko.
8.- Bizitzaren amaierako zainketak: pertsona ardatz duen arreta duina.
III. LEHENTASUNEZKO OSASUN-ARLOAK
9.- Onkologia: minbiziari modu integralean aurre egitea, prebentzioa, arreta eta errehabilitazioa barnean hartuta.
10.- Gaixotasun kardiobaskularrak: gaixotasun-kargaren murrizketa prebentzioa eta tratamendua hobetzearen bidez.
11.- Osasun mentala. Sustapena, prebentzioa eta asistentzia-eredua optimizatzea.
12.- Gaixotasun neurodegeneratiboak: arreta eta detekzio goiztiarra indartzea eta pazienteak eta familiak babestea.
13.- Gaixotasun arraroak eta diagnostiko genetikoa: diagnostikoaren hobekuntza eta tratamendu pertsonalizatuak jasotzeko aukera.
IV. KALITATEA, BERRIKUNTZA ETA JASANGARRITASUNA
14.- Osasun-arloko balioa eta emaitzak: sistema osasun-arloko emaitza hobeak lortzera bideratzea, efizientziaren eta ekitatearen ikuspegiarekin.
15.- Antolamendu-berrikuntza eta laguntza-ereduak: eskuragarri dauden baliabide guztien efizientzia areagotu dezakeen laguntza integral eta integratuaren sustapena.
16.- Zerbitzu-zorroa.
17.- Osasun-arloko ikerketa, garapena eta berrikuntza (I+G+B): medikuntza pertsonalizatua eta terapia aurreratuak bultzatzea, besteak beste.
18.- Osasun-arloko digitalizazioa: teknologiaren erabilera laguntza, plangintza, kudeaketa eta ikerketa hobetzeko.
19.- Azpiegiturak eta lankidetza-eredua.
V. OSASUN-ARLOKO PROFESIONALEN GARAPENA
20.- Osasun-arloko prestakuntza eta irakaskuntza: ezagutzaren zabalkundea eta profesionalen etengabeko trebakuntzaren sustapena.
21.- Pertsonengan oinarritutako politika: atxikipena, fidelizazioa, parte-hartzea eta lidergo profesionala osasun-sisteman.
VI. GOBERNANTZA
22.- Eztabaida eta erabaki partekatuak hartzeko aukera: osasun-sistemaren kudeaketan herritarren parte-hartzea eta gardentasuna bultzatzea.
23.- Lankidetza publiko-pribatua eta hitzarmen-araubidea.
24.- Pazienteen eta profesionalen hizkuntza-eskubideak.