Ziurgabetasunaren aurrean, Euskadiko industriak deskarbonizazio adimendunaren alde egin du, lehiakortasuna eta segurtasuna areagotzeko, Deskarboniza 2025 planaren bidez

0

Aurkeztu da Euskadiko industriaren deskarbonizazio adimenduna bultzatzeko Deskarboniza 2025 plana, erakundeen arteko elkarlanean oinarritzen dena. Planak Eusko Jaurlaritzaren zenbait laguntza-programa eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek berriki onartutako kenkari fiskalak biltzen ditu. Barakaldoko BECen egindako aurkezpenean, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak eta Ekonomia Sustapeneko hiru foru diputatuek —Saray Zarate (Araba), Ainara Basurko (Bizkaia) eta Unai Andueza (Gipuzkoa)— parte hartu dute.

Haiekin izan dira Irantzu Allende Trantsizio Energetikoko sailburuordea, Jon Ansoleaga SPRIko zuzendari nagusia, Alexander Boto Ihobeko zuzendari nagusia, Mikel Amundarain Energiaren Euskal Erakundearen zuzendari nagusia, Xabier Ibarzabal Osakidetzako Ekonomia eta Finantzetako zuzendaria eta Xabier Basañez Bilbao Exhibition Centreko zuzendari nagusia.

Deskarboniza planak Eusko Jaurlaritzaren zenbait laguntza-programa biltzen ditu, 400 milioi euroko zuzkidurarekin. Horrek gure industria deskarbonizatzeko eta lehiakorragoa egiteko 1.200 milioiko inbertsioa erakarriko du legealdian. Planaren helburu nagusiak dira gure industriaren energia-efizientzia handitzea —segurtasun elektrikoa hobetu dadin— eta teknologia garbien aldeko apustua areagotzea —faktore bereizle gisa—.

Bi programa nagusiak industria-deskarbonizaziora (100 milioi euro) eta autokontsumora (160 milioi euro) bideratzen dira, nahiz eta mugikortasun jasangarrirako, energia-auditoretzetarako eta ekonomia zirkularrerako 40 milioi euroko beste programa batzuk ere barne hartzen diren, baita administrazio publikoentzako zero intereseko mailegu-lerro bat ere, 100 milioi eurokoa.

Autokontsumoaren arloan, orain arte Euskadik 150 MW-eko potentzia instalatua du, eta lau urteren buruan potentzia hori hirukoiztea planteatzen da, 450 MW-ra irits dadin. Horrela, 2030erako, autokontsumoaren aldeko apustuan aurreratuen dauden Europar Batasuneko herrialdeen artean egongo ginateke.

Hain zuzen, planaren aurkezpena BECen estalkian hasi da, bertan dagoen autokontsumorako instalazio fotovoltaikoaren bisitarekin —instalazio horrek Energiaren Euskal Erakundearen laguntza du—.

Batetik, BEC EGUZKI-ENERGIAREN INSTALAZIOA dago, BEC eta Energiaren Euskal Erakundea buru dituena eta Bilbao Exhibition Centreren kontsumo elektrikoaren parte estaltzera zuzentzen dena. Instalazio hori bi fasetan hedatu da, eta hirugarren fase bat ere izango du, 2025ean eraikitzen hasiko dena. Hirugarren fase horri esker, potentzia 2,68 MW-ra igo, eta BECen eskariaren % 25 beteko da —bateria-sistema bat instalatuko litzateke—.  Bi ekimen horiek, planta fotovoltaikoak eta etorkizuneko bateria-sistemak, Europako finantzaketa dute Life Urban Klima 2050 proiektuaren bidez, Euskadiko ekintza klimatikoko proiekturik handiena. Bestetik, BEC OSAKIDETZA instalazioa dago, Osakidetzak gidatzen duena eta Energiaren Euskal Erakundearen laguntza teknikoa duena. Instalazio horrek 4,9 MW-eko potentzia izango du, Gurutzetako Ospitalea gisako instalazio kritiko baten eskariaren laurdena ere elikatzeko adina. Instalazio horrek segurtasun eta erresilientzia elektriko handiagoa emango dio Euskadiko osasun-instalaziorik handienari.

Laguntza-programak eta kenkari fiskalak

Industriaren, administrazio publikoen eta etxeen deskarbonizaziorako laguntzen eta zerbitzuen programak spri.eus/deskarboniza webgunean kontsulta daitezke, eta, informazio gehiago behar izanez gero, han eska daiteke. Laguntza-programak honela banatzen dira:

  • 160 milioi euro, Autokontsumoa
  • 100 milioi euro, Industriaren deskarbonizazioa
  • 100 milioi euro, energia-efizientziarako eta energia berriztagarrietarako zero intereseko maileguak
  • 23,7 milioi euro, Mugikortasun jasangarria (emisio txikiagoko ibilgailuak + MOVES)
  • 10 milioi euro, Enpresa txiki eta ertainetako eta administrazioetako azterketa eta auditoretza integralak
  • 6 milioi euro, Ekonomia zirkularraren arloko berrikuntza

Gainera, zerbitzuen atalean, Deskarboniza planak Foru Aldundien kenkari fiskalak barne hartzen ditu, eta, horiei esker, % 35erainoko desgrabazioa egin ahal izango da deskarbonizazioan eta ingurumen-jasangarritasunean egindako inbertsioengatik. Teknologia Garbien Euskal Zerrendan jasotako inbertsio guztiak kenkari horiei lotuta daude. Inbertsio horiek garapen jasangarria, ekonomia zirkularra, ingurumen-inpaktuaren murrizketa eta trantsizio energetikoa bultzatuko dituzte, askotariko teknologietarako kenkarien bidez.

Euskadiko industriek prozesuak eta produktuak deskarbonizatzeko egindako inbertsioen % 68raino aurreztu ahal izango dute, autokontsumo elektrikoko instalazioak ezarri eta lehiakortasuna areagotzearen bidetik.Laguntza-programen bidez gure enpresa txiki eta ertainei bereziki laguntzeko ikuspegia izango du planak; izatez, enpresa handiei emango zaizkien dirulaguntzen batez bestekoa % 23koa izango da, enpresa ertainei emango zaizkien dirulaguntzen batez bestekoa % 28koa eta enpresa txikiei emango zaizkien laguntzen batez bestekoa % 33koa. Horiei guztiei % 35eko kenkari fiskala gehituko litzaieke.

Adibide gisa: industria-enpresa ertain baten estalkietan 500.000 euroko inbertsioa duen instalazio fotovoltaikoa ezarri nahi da. Instalazio horrek enpresaren urteko guztizko kontsumo elektrikoaren % 10 eta % 15 artean sortuko luke urtero. Deskarboniza planean aurreikusitako laguntzei esker, jarduketa horrek inbertsioaren % 28ko laguntza jaso dezake, eta zergak % 35 arinduko lituzke. Enpresak, guztira, 320.000 euro aurreztuko lituzke, hau da, egin beharreko inbertsioaren % 37 baino ez luke ordaindu beharko.

Deskarbonizazio adimenduna bultzatzeko jauzi kualitatiboa

 “Deskarboniza planaren helburu nagusiak dira energia-efizientzia handitzea —energiarik onena kontsumitzen ez den energia da—, autokontsumoa handitzea —erresilientzia handiagoa izateko hornidura-berme gisa— eta teknologia garbien aldeko apustua areagotzea —faktore bereizle gisa—”, zehaztu du Mikel Jauregisailburuak. “Euskadi Europako abangoardian jartzen duen asmo handiko programa aurkezten dugu, Europar Batasuneko programarik osatu eta aurreratuenetako batekin; neutraltasun teknologikoaren aldeko apustu irmoa da. Deskarbonizazio adimendunean sinesten dugu, eta, horretarako, trantsizio energetikoan aurrera egin nahi dugu eta lehiakortasuna areagotu, mix energetiko baten bidez —elektrifikazioaren bidetik ez ezik, beste teknologia garbi batzuen erabileraren bidetik ere bai, hidrogeno berdearen erabilerarekin adibidez—”.

Deskarboniza planaren laguntzak hiru foru-aldundiek deskarbonizaziorako ematen dituzten beste laguntza batzuen osagarri dira.

Saray Zarate Arabako foru diputatuak adierazi duenez, “Arabako industriaren erronka nagusia deskarbonizazioaren erronka da, eta horregatik, enpresei trantsizio energetikoan laguntzeko bide orria lantzen ari gara. Gure helburua da bide horretan lagunduko duen deskarbonizazioaren aldeko Arabako itun handia sortzea. 2 milioi eurotik gorako laguntza-ildoa prestatzen ari gara, gure enpresek soluzio eta teknologia berritzaileak izan ditzaten, eta, hala, karbono gutxiko ekonomiarako trantsizio-prozesuetan lagun dadin”.

Bestalde, Ainara Basurko Bizkaiko foru-diputatuak aditzera eman duenez, “deskarbonizazioa aukera paregabea da gure industria trantsizio energetikoaren abangoardian kokatzeko”, eta, gero, erantsi duenez, “energia garbien alde egiteak energiaren prezioa merkatzen du, eta horrek industriaren lehiakortasuna areagotzen du eta Bizkaia eta Euskadi inbertsiorako eta ekoizpenerako lurralde erakargarri bihurtzen ditu”.“Bizkaiko industria- eta zerbitzu-enpresa aurreratuei ekoizpen-eredu jasangarriagoetarako trantsizioa erraztuko dieten laguntzak eta baldintzak nahi ditugu. Hori dela eta, aurten 1,6 milioi euro jarriko ditugu Trantsizio Berdearen Programaren bigarren deialdirako, eta zenbateko horri gehituko zaizkio enpresen deskarbonizazioa eta lehiakortasuna hobetzeko onartu berri den berrikuspen fiskalaren ondoriozko finantzaketa-aukerak”. “Deskarbonizazioa hedatzea da klimaren krisiari aurre egiteko, industriaren lehiakortasuna bultzatzeko, erresilientzia ziurtatzeko eta talentua erakarri eta bertan atxikitzeko dugun modua”, eman du aditzera.

Azkenik, Unai Andueza Gipuzkoako foru diputatuak adierazi duenez, “Gipuzkoa bat dator, erabat, Deskarboniza planaren helburuekin, egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko funtsezko bi ardatz artikulatzen dituen ekimena baita: lehiakortasuna eta jasangarritasun energetikoa”. Ildo horretan, nabarmendu du lurraldeak proiektu estrategiko propioak ere sustatzen dituela, hala nola MUBIL, baita enpresetan ingurumen-jasangarritasuneko irizpideak aplikatu eta industria-lehiakortasuna hobetzeko beste laguntza-lerro bat ere. “MUBIL zentro aitzindaria da, Gipuzkoa eta Euskadi mugikortasun jasangarriaren arloan Europako abangoardian kokatzen dituena. Jasangarritasuna, berrikuntza eta enplegu kualifikatua uztartzen dituen proiektu eraldatzailea da, eta funtsezkoa izango da Euskadik Europan duen betekizuna indartuko duen sektore estrategiko bat finkatzeko”, erantsi du Anduezak. Gainera, Gipuzkoako enpresei deskarbonizazio-prozesuetan laguntzeko 1,5 milioi euroko laguntza-programa abian jarriko dela iragarri du, “ekonomia lehiakorrago, erresilienteago eta arduratsuagoarekin dugun konpromisoa berretsiz”.

Sare elektrikoak indartzeko premia

Mikel Jauregi sailburuak azaldu duenez, “joan den astean ikusi dugu itzalaldiak agerian utzi duela gure zaurgarritasuna. Deskarboniza programarekin energiaren arloan independenteagoak eta autonomoagoak izateko urratsak egiten ditugu. Baina ez da nahikoa, oraindik ere inbertsio handiagoa behar dugu sare elektrikoetan, eta energia berriztagarri propioa garatu behar dugu planta fotovoltaiko eta eolikoen bidez”.

 “Eusko Jaurlaritza aspalditik ari da buru-belarri maila guztietan lanean —bai Ministerioarekin, bai Sare Elektrikoarekin—, Euskadiko sare elektrikoan egin beharreko inbertsioak zehaztu daitezen. Hori funtsezkoa da gure industria deskarbonizatzeko, gure enpresen hazkundeari aurre egiteko eta industria berria erakartzeko”, adierazi du sailburuak.