Nafarroako bederatzi ikastetxetako 700 ikasle inguruk GR-225 mendiko bi etapa zeharkatuko dituzte maiatzaren 8an eta 13an, 1938ko maiatzaren 22an San Kristobal gotorlekutik ihes egindako presoen urratsak jarraitzen dituen ibilbidea. ‘Askatasunaren botilak’ ekimenaren VII. edizioa da aurtengoa, eta Memoriaren Nafarroako Institutuak antolatzen duen ‘Memoria duten eskolak’ programa itxiko da ekintza honekin.
Aurtengo lehen jardunaldian, Ana Ollo lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak parte hartu du, eta IES Irubide, IES Navarro Villoslada, Iturrama BHI, Iruñeko Donapea IIP, Atarrabiako Paz de Ziganda Ikastola eta Mendabiako IESO Joaquín Romerako ikasleek GR-225eko lehen etapa zeharkatu dute, San Kristobalgo gotorlekutik Olabeko hobiraino. Martxaren hasieran, San Kristobal gotorlekuaren kanpoaldean, Fermin Ezkieta ikertzaileak gotorlekuaren eta ihesaren testuinguru historikoaren azalpena egin du.
Ana Ollo lehendakariordeak azpimarratu du Memoria jarduera dela ibilbide hau zeharkatzea, baina etorkizunez beteta dagoela, inork ez dezan berriro bertan jazotako basakeria hori errepikatu. «Horregatik atzera ere begiratu behar dugu: inoiz gertatu behar ez ziren akats eta izugarrikerien errepikapenak saihesteko. Eta zuek -jarraitu du lehendakariordeak-, etorkizuna zarete, aztertzen eta prestatzen ari zarete, eta gizarte justu eta demokratiko baten bermea ere bazarete, giza eskubideak, indarkeriarik eza eta justizia soziala oinarri nagusi izango dituena».
Ondoren, parte hartu duten ikastetxeetako ikasleek «askatasunaren botilak» jaso dituzte, Urepelera doan martxa osoa laguntzen duen sinboloa, presoen testigantzak eta argazkiak daramatzatenak, baita ikasleek eskaini dizkieten idatziak ere. Ibilbidean zehar, zeharkatuz joan diren parajeetan, ihesari buruzko xehetasun gehiago azaldu dira, batez ere atxiloketak eta hilketak izan ziren tokietan. Nafarroako Gobernuko Basozainak ere bertan izan dira.
Etapa Olaben amaitu da, atxilotu eta hurrengo egunean epaiketarik gabe hil zituzten 16 preso iheslariren gorpuzkiak, 2016an, lurpetik atera zituzten hobian. Orain arte, Mendabiako Francisco Lecea, haren senideekin batera bere herriko ikasleek bereziki omendu dutena, eta Gasteizko Máximo Sainz, Desojo herriko bizilaguna, baino ezin izan dira identifikatu. Nafarroako Memoria Historikoaren Leku honetan, omenaldi xume bat egin da, parte hartu duten ikastetxeek prestatutako jarduerekin.
Sorogaindik Urepelera
Datorren asteartean, maiatzak 13, Sorogaindik abiatuko da ‘Askatasunaren botilak’ martxaren bigarren etapa, 225-Ibilbide Luzearen azken etapa zeharkatuko duena. Oraingo honetan, Mendillorri BHI, IES Navarro Villoslada, Donapea IIP, Eunate BHI eta Iruñeko Jesuitinas eta Atarrabiako Paz de Ziganda Ikastolako ikasleek eramango dituzte Ezkabatik Urepeleraino abiatu ziren botilak. Bidearen azken etapa honetan, Jovino Fernández ihesaldia arrakastaz burutu zuten hiru iheslarietako bat iritsi zen Nafarroa Behereko Oinarrizko Eskolako haurren laguntza izango dute.
Etapa Jovino eta Ezkaba menditik igaro ziren preso guztien omenezko eskulturaren aurrean amaituko da. Bertan, parte hartuko duten ikasleek Xole Aire Urepeleko alkateari San Kristobal gotorlekutik eraman dituzten askatasunaren botilak emango dizkiote, eta ihes egindako presoen oroimenaren aldeko ekitaldi bat ere egingo da, Nafarroa Garaiko ikasleen eta Urepeleko eskolako haurren parte-hartzearekin. Ekitaldi honetan Mixel Aire, Xalbador II.a, bertsolaria ere gogoratuko da, ibilaldi honen aurreko edizioetako ohiko partaidea.