Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak nabarmendu du “Eugenio Elduayen patroi eta arrantzaleak, 16 urtean Gipuzkoako Arrantzaleen Federazioko presidentea izan denak, egin duen lana, eta sektoreko protagonistak batzeko erakutsi duen gaitasun ikaragarria”. Kofradiak sari berezia eman dio Elduayeni Donostiako Aquariumean egin den ekitaldian.
Kofradia-Itsas Etxea Sarien laugarren edizioak Euskadiko baxurako arrantzaren sektorea elkartu du, artisautza-arrantza babesten, zabaltzen edo sustatzen dutenei aitorpena adierazteko. Oraingo honetan, ekitaldia sektorearen urteko batzarraren ondoren egin da, eta esperientziak partekatzeko eta arrantza-komunitatearen barruan loturak sendotzeko topagune gisa finkatu da.
“Eugenio Elduayenek eskola sortu du itsasoaren eta itsasertzaren jasangarritasunean, eta hori funtsezkoa da Euskadiko baxurako arrantzaren garapenean eta oparotasunean”, adierazi du Amaia Barredok. Elduayen Ama Guadalupe, Guadalupe Izarra eta Itsas Eder ontzietako patroia izan da, eta Hondarribiko San Pedro Arrantzale Kofradiako Zuzendaritza Batzordeko kidea eta 16 urtean Gipuzkoako Arrantzaleen Federazioko presidentea.
Eredu
“Patroi handi honek sektoreko protagonistak batzeko gaitasun ikaragarria erakutsi du, eta horrek asko esaten du gure flotak Europar Batasun osoan ematen duen ereduari buruz”, azpimarratu du sailburuak. Gainera, gogoratu duenez, “hau ez da Eugeniori ematen zaion lehen saria; izan ere, 2024an Eusko Jaurlaritzaren Gonzalo Nardiz Sarien Galan saritu zuten”.
Gaur, larunbata, goizeko lehenengo orduan, sektorearen urteko batzarra ere egin da Donostiako Aquariumean, eta esperientziak partekatzeko eta arrantza-komunitatearen barruan loturak sendotzeko topagune gisa finkatu da.
Ekitaldiari Norberto Emazabelek, Gipuzkoako Arrantzaleen Federazioko presidenteak, eman dio hasiera, eta eskerrak eman dizkio “saridunari, bai eta bere familiari eta sektore osoari ere, emandako babesagatik eta bertan izateagatik”. Bideo batean Kofradia-Itsas Etxea proiektuak egindako ekintzak erakutsi dituzte, Euskadiko artisautza-arrantza balioesteko.
Ekaitz Apraizek, Kofradia-Itsas Etxearen gerente berriak, Kofradia-Itsas Etxearen datorren urterako proiektu berriak eta lan-ildoak partekatu ditu, sektorearen dibulgazioan lanean jarraitzearen garrantzia azpimarratuz. Juanjo Mujikak, Getariako Santana ontziaren armadoreak, nabarmendu du “zorte handia izan da bere ondoan lan egitea, eta ohorea sektorean bera bezalako ordezkariak izatea”.
Miren Garmendiak, OPEGI´ren presidenteak, Elduayen´ek sektoreari emandako babesa, laguntasuna eta ardura aitortu ditu. Andrés Olaskoagak, Hondarribiko Done Pedro Arrantzale Kofradiako idazkari ohiak, ere omenduaren lana eta ardura aipatu ditu, eta bere mirespena helarazi dio.
Goizari amaiera emateko, bertaratutakoek “arrantza-jarduera duintzen, prestakuntza ematen eta belaunaldi-erreleboan, bai eta jasangarritasunean eta baxurako arraina baliozkotzean ere, lanean jarraitzeko” konpromisoa berritu dute, “Euskadiko sektorearen etorkizunerako funtsezko zutabeak baitira”, esan dute.