Akordio historikoa Hezkuntza Sailaren eta gehiengo sindikalaren artean

0

Hezkuntza Sailak akordio ontzat du gaur lortutakoa, aurrerapen handia baita euskal eskola publikoarentzat.

Eusko Jaurlaritzak unibertsitateaz kanpoko hezkuntzaren arloko akordioa lortu du sindikatuen gehiengoarekin batera. Hainbat urtez negoziatzen aritu da eta negoziazio-jarduera handiko hilabeteak izan dira azken hauek. «Euskal eskola publikoak benetan behar duena lortu dugu» esan du Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak. Hezkuntza Sailaren ustez, akordioa «euskal eskola publikoa eraldatzeko akordioa da. Hezkuntza-sistema indartzen du, sistemak behar duena da, ikastetxeek eskatu digutena eta akordio honek behar dutena bermatzen die» azaldu du sailburuak.

«Lortu dugu, oso pozik gaude akordio on bat lortu dugulako», iragarri du Pedrosak. Lortutako adostasuna Eusko Jaurlaritzak azken hilabeteetan lortu dituen akordio iraunkorren testuinguruan kokatzen da. Zentzu horretan horretan, sailburuak balioetsi egin ditu orain arte lortutako adostasunak; Hezkuntza Bereziko ituna, 20 urteren ondoren (2024ko abenduan), Haurreskoletakoa 16 urteren ondoren (2025eko otsailean) eta sukalde eta garbiketako langileena 16 urteren ondoren (2025eko martxoan).

«Gogor lan egin dugu akordio berri hau posible izan dadin, hezkuntza herri-apustu ukaezina baita gobernu honentzat», adierazi du Pedrosak, eta gogorarazi du negoziatzen jarraitzeko konpromisoa hartu duela aste honetan bertan akordioa lortu arte.

Akordio horrek baliabide gehiago jartzea dakar irakasleentzat eta ikastetxeentzat, ikasleen emaitza akademikoak hobetzeko behar diren laguntza eta tresnak izan ditzaten. Horrela, Eusko Jaurlaritzak aurrera egiten jarraitzeko asmoa berretsi du, entzutearen, erantzukizunaren eta elkarrizketaren bidez, euskal eskola publiko indartsuagoa, inklusiboagoa eta erronkei erantzuteko gai izango dena sendotzeko. «Erabakitasunez jarraituko dugu aurrera, hezkuntza-sistema zaintzea, eraldatzea eta indartzea herrialdearen etorkizuna zaintzea dela sinetsita», amaitu du Pedrosak.