Ibone Bengoetxea lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaur goizean bisitatu du Eusko Jaurlaritza birgaitzen ari den gunea, egoitza Bizkaian duten hemezortzi euskal kirol-federazioren egoitza birkokatzeko, Eusko Jaurlaritzaren jabetzako lokalean, Basurtuko Kaputxinoen kaleko 2. zenbakian (Bilbo). Lehendakariordearekin batera, bisitan izan dira Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, Angel Gurrutxaga Euskal Kirol Federazioen Batasuneko presidentea, Marta Iriarte obra-zuzendari fakultatiboa (API Arquitectura) eta Antonino Lopez obra-zuzendaria (ORMAK).
Bengoetxeak nabarmendu duenez, Gobernu honen konpromisoa da euskal kirol-federazioei babesa eta bultzada ematea: “Obra honekin egungo bulegoen egoera hobetzen dugu; haien arteko sinergiak sustatzen ditugu, guztiak espazio berean baitaude; eta federazio guztien irudi bateratua mantentzen dugu, kirol-komunitatearekin harreman profesionalagoa eta irekiagoa izateko. Izan ere, euskal kirol-federazioak eta euskal kirolariak gure herrialdearen nazioarteko irudia dira: gure identitatea dira, eta gure izateko eta jarduteko modua, gure herri-balioak, eramaten dituzte munduan zehar”.
Era berean, lehendakariordeak azpimarratu duenez, “Instalazio hauek eskaintzea federazioen lana zaintzeko eta aitortzeko modu bat ere da. EKFBrekin dugun harremana oso estua da, eta horri esker egin ditzakegu horrelako proiektuak”.
Eusko Jaurlaritzak 3.760.117,50 euro inbertitu ditu (BEZa barne) birgaitze-lanetan. Lanak 2024ko uztailean hasi ziren, eta 15 hilabeteko epean osatzea aurreikusten da. Beraz, 2025eko azken hiruhilekorako obra amaituta egongo litzateke, eta lokalak beharrezko altzariekin egokituta. Hala, federazioek 2026. urtearen hasierarako lekualdatu ahal izango lituzkete beren egoitzak lokal berrietara.
Bi enpresa dira proiektu honen esleipendunak: API OFICINA DE ARQUITECTURA SLPren ardura da proiektua idaztea eta ORMAK CONSTRUCCIÓN SLUren proiektua gauzatzea.
Proiektuaren xehetasun teknikoak
Lokala, Eusko Jaurlaritzaren jabetzakoa, 2.091 metro karratuko eremu garbia zen hasieran. Espazioan dagoen altuera handia kontuan hartuta, 521 metro karratuko gehieneko azalera izango duen solairuartea eraikitzea aurreikusten da, indarrean dagoen araudiak baimentzen duen gehienekoa.
Hori horrela, proiektuak espazioa 2.610,90 metro koadroko azalera eraikiarekin egokitzea jasotzen du, honela banatuta: fatxadak kristalezko aurrealde bat izango du, argi naturala barrura ahalik eta gehien sartzeko; kristalezko aurrealdearekin bat etorriz, atrio handi bat sortzen da, lokalaren altuera osokoa, programaren elementu egituratzailea izango dena. Horren inguruan antolatzen dira federazioen 18 lokalak, bi aldeetan, eta erabilera anitzeko aretoa atzealdean geratzen da, solairuartera sartzeko eskailera nagusiaren atzean, non lokal batzuk ere kokatzen diren. Bi solairuak bi eskailerekin lotuta daude, bata nagusia eta bigarren mailakoa, eta igogailu batekin. Lokal bakoitzak erdiko espazioan parte hartzen du kristalezko frante baten bidez, eta artxibatzeko eta biltegiratzeko espazio bat du mehelinaren hondoan. Programa osatzeko, bateria osagarri bat lokalaren mendebaldeko muturrean kokatzen da, eta komunak, ofizioa, biltegia eta gela teknikoak egongo dira bertan.






