Lehendakariak euskal kooperatibismoa defendatu du “Euskadiren lehiakortasuna eta ongizatea jokoan jartzen dizkiguten enpresa-erronkei aurre egiteko”

0
PRUEBA
  • Konfekoopeko Batzar Orokorraren amaieran parte hartu du Imanol Pradalesek
  • Euskadik 1.400 enpresa kooperatibo ditu, 62.500 enplegu sortzen dituzte eta Industriaren Barne Produktu Gordinaren % 11 osatzen dute

Imanol Pradales Lehendakaria Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Konfederazioaren Batzar Orokorraren amaieran izan da gaur goizean. Arabako Parke Teknologikoan egin den ekitaldira bertaratu dira, baita ere, Mikel Torres bigarren lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburua; Elena Pérez Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuordea, eta Jokin Diaz Gizarte Ekonomiako zuzendaria.

Hitzaldian, “pertsonak eta komunitatea ardatz dituen” euskal kooperatibismo-sistema balioetsi du Lehendakariak. “Euskal eredu parte-hartzaileak oinarri sendoa du Euskadiren lehiakortasuna eta ongizatea jokoan ditugun enpresa-erronkei aurre egiteko”, azpimarratu du, etorkizuneko erronkei dagokienez. «Deskarbonizazioa, digitalizazioa, ekintzailetza, belaunaldien arteko erreleboa, fidelizazioa eta talentu gaztea erakartzea, lanpostuen kalitatea eta produktibitatea. Parte-hartzearen kultura hobetzen eta zabaltzen dugun heinean, askoz gertuago egongo gara erronka horiei guztiei arrakastaz ekiteko”, adierazi du.

Gaur egun, 1.400 enpresa kooperatibo ditu Euskadik, 62.500 lanpostu sortzen dituzte eta Industriaren Barne Produktu Gordinaren % 11 osatzen dute. “Parte-hartzea oinarri duen eredua da gure indarguneetako bat. Kalitatezko lanpostuak sortzen ditu, sustraitzea bermatzen du eta gorabeheretan behar bezala erantzuten du. Txalotzekoa da enpresa hauek erakutsitako erresilientzia: pandemian, Ukrainako gerran, hornidura-krisietan, eta baita egungo egoera korapilatsuan ere”, nabarmendu du.

Ildo horretan, Lehendakariak adierazi duenez, “Euskadik eskura duena jarriko Europaren zerbitzura, haren industria eta autonomia estrategikoa babesteko», hori guztia “aukerak, aberastasuna eta ongizatea sortuko dituen garapen-eredu inklusibo baterantz aurrera egiten jarraitzeko”. Eta, testuinguru horretan, kooperatibek izango duten “garrantzi handiko eginkizuna” azpimarratu du Imanol Pradalesek.

Azkenik, Lehendakariak baieztatu duenez, kooperatiben ahalegina “babesten jarraituko dugu», besteak beste, Jaurlaritzaren Gizarte Ekonomiako Sailarteko Planaren bidez.