Torres lehendakariordeak defenditu du Euskadik “ekonomia sozial gehiago eta hobea” behar duela

0

Sailarteko Plan Estrategikoa nabarmendu du helburuak lortzeko ibilbide orri gisa, eta kooperatibismoa fiskalitatetik babesten jarraitzearen alde egin du, laguntza espezifikoekin, ikusgarritasunarekin eta euskal ereduaren hedapenarekin

Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak defendatu du Euskadik “Ekonomia sozial gehiago eta hobea” behar duela, “oinarri sendo eta positiboa delako garapen ekonomikoaren eta gizarte kohesioaren etorkizuna eraikitzeko”, eta adierazi du eredu hori ekonomia eta enpresa “ulertzeko beste modu bat” dela.

“Euskal kooperatibismoaren espirituan oinarrituta, eredu hori indartzea ez ezik, munduan zehar dauden beste esperientzia arrakastatsu batzuetatik ikasi eta aberastea ere bilatzen dugu. Horrela, Euskadik ere irabazten du”, adierazi du gaur Koofekoopek Gasteizen egindako Batzar Nagusian.

Horretarako, Torres lehendakariordearen ustez, Ekonomia Sozialaren Sailarteko bigarren Plan Estrategikoa da jarraitu beharreko ibilbide orria, eta sektore hori fiskalitatetik babesten jarraitzearen alde dago, laguntza espezifikoekin, ikusgarritasunarekin eta euskal ereduaren hedapenarekin.

Ekonomia soziala sektore “oso garrantzitsua” da euskal produkzio sarean, ia 4.000 enpresa eta 94.000 langile baititu. Izan ere, kooperatibismoa Euskadiko ekonomia sozialeko enpleguaren % 88 da; bestela esanda, EAEko enpleguaren % 6 eta industria sektoreko enpleguaren % 11.

Kooperatiben Nazioarteko Urtearen ospakizunetan murgilduta, Torres lehendakariordeak eskatu du “sustraitzean, lankidetzan eta elkartasunean” oinarritutako balio kooperatiboetan konfiantza izateko, “garai txarrenetan aurrera ateratzeko balio izan duten etorkizuneko balio gisa” eta “bizitzea tokatu zaigun mundu desordenatu honetan arrakasta izango dutenak izateagatik”.