Euskadik itsasertza sustatzeko esperientziak trukatzen ditu beste erkidego batzuekin Tenerifeko Arrantza-taldeen Sarearen topaketan

0

Ixone Soroak, Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, Estatuko arrantza-taldeen sarearen osoko bilkuran parte hartu du. Bilera gaur amaituko da San Cristobal de La Lagunan, Santa Cruz de Tenerifen, Arrantzako Idazkaritza Nagusiko Arrantza eta Akuikultura Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak antolatuta, Tenerifeko Arrantzako Tokiko Ekintza Taldearekin eta Kanarietako Gobernuarekin lankidetzan.

Soroak, gainerako ordezkari autonomikoek bezala, euskal itsasertzaren garapenaren esparruan egindako ekintzak eta deialdiak azaldu ditu, arrantza-sektorean ekonomia urdina eta diru-iturrien dibertsifikazioa sustatzea helburu duten proiektuak babesten dituen estrategiaren barruan.

«Guztira berrogeita hamar bat proposamen onartu ziren iaz Tokiko Garapen Parte-hartzailerako Estrategien esparruan» azaldu die euskal zuzendariak beste erkidego batzuetako kideei. Enplegua sortzen laguntzeko proiektuak, jarduera ekonomikoa sustatzeko proiektuak eta bideragarritasun-azterlanak, azokak eta azterketa-bidaiak batuta, 1,8 milioi euro bideratu dira guztira, eta horietatik 1,2 FEMPA´k diruz lagundu ditu.

Euskadin 2025´erako aurreikusitako deialdia aurtengo uztailean argitaratuko da, baina urtarrilaren 2tik aurrera proiektuak bide telematikoz aurkezteko aukera gaituta dago, 3 milioi euroko finantza-zuzkidurarekin. Itsasgarapen da laguntzak kudeatzen dituen erakundea.

Estatuan 7.500 proiektu

Aurora de Blas Arrantza eta Akuikultura Antolamenduko zuzendari nagusiak osoko bilkuran nabarmendu duenez, Tokiko Ekintza Taldeek «funtsezko eragileak dira Arrantzako eta Akuikulturako Europako Itsas Funtsaren (FEMPA) gobernantzan».

Osoko bilkura «Bat eginda Tokiko Garapen Parte-hartzailearen alde» lelopean egin da. Eredu hori administrazio guztien eta sektore pribatuaren arteko lankidetzan oinarritzen da. Arrantza-komunitateetan lanean daramatzan 15 urteetan, 7.500 proiektu zehatz gauzatu dira.