Amaia Barredok, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza sailburuak, egungo testuinguru nahasian elikadura-sistemak protagonismo eta erreferentzia handiagoa izatea proposatu du. Barredo´k Barakaldoko BECen egindako gosari batean parte hartu du, Food for Future kongresuaren barruan, Rogelio Pozo Azti´ko zuzendariarekin, Sergi Fabregat F4F kongresuko zuzendariarekin, Raul Perez Iratxeta, Iker Iglesias, Ioseba Mariezkurrena, Raimundo Ruiz de Escudero, Olatz Unamunzaga eta elikagaien industriako enpresa nagusietako hainbat CEOrekin batera.
«Ziurgabetasun garaiak bizi ditugu krisi klimatikoekin, tentsio geopolitikoekin eta kate logistikoetako disrupzioekin» esan du Barredok. «Testuinguru horretan, administrazio publikoek egonkortasunaren bermatzaile eta eraldaketaren motor gisa jardun behar dute. Eusko Jaurlaritzatik rol hori hartzen dugu: erantzunak ematen dituzten politikak gidatzen ditugu, aliantza publiko-pribatuak mobilizatzen ditugu eta elikadura-sistema sendo, seguru eta lehiakor batekiko konfiantza indartzen dugu «, gaineratu du.
Amaia Barredo sailburuak berretsi duenez, «elikaduraren balio-kateak sektore estrategiko gisa duen garrantzia, ez baita sektore ekonomiko bat bakarrik: ekoizleak, eraldatzaileak, banatzaileak, merkaturatzaileak, ikertzaileak eta kontsumitzaileak barne hartzen dituen sistema bat da».
Gainera, nabarmendu duenez, «katebegi bakoitzak balioa eta iraunkortasuna ematen dio multzoari. Kate hori, bere osotasunean, funtsezkoa da bere erresilientzia, lehiakortasuna eta erronka berrietara egokitzeko gaitasuna bermatuko duten politika publikoak bultzatzeko: klima-aldaketatik eraldaketa digitalera, elikadura-segurtasunera eta osasun publikora «.






