Hainbat jarduera egingo dira hirian maiatzaren 19tik 24ra
Maiatzaren 21ean, Elkarrizketarako eta Garapenerako Kultura Aniztasunaren Munduko Eguna ospatuko denez, Donostiako Udalak ‘Kulturen arteko Astea’ jarri du abian lehen aldiz. Maiatzaren 19tik 24ra bitartean izango da, eta gure hiriaren ezaugarri den kultura-aniztasuna ikusarazi, aitortu eta ospatzea du helburu.
Aste horretan, Donostiak jarduera-programa oso bat izango du –erakusketak, kontzertuak, zinema-proiekzioak eta dokumentalak, hitzaldiak, tailerrak eta sukaldaritza-ikastaroak–, herritarrei gonbitea luzatzeko gure hirian bizi diren kultura anitzen aberastasunaz gozatzera, eta hori partekatu eta ezagutzera.
«Donostia, batez ere, hiri anitza da: anitza bere kulturan, hizkuntzetan, tradizioetan eta herritarretan. Hiri irekia, mestizoa eta solidarioa da, egunero aberasten dena, jatorri, ibilbide eta errealitate desberdinetatik bertan bizi eta hiria eraikitzen laguntzen duten pertsonen ekarpenak jasotzen dituena. Kulturen arteko Astearen lehen edizio honek hain zuzen ere aniztasun horri balioa eman nahi dio, eta oinarriak jarri nahi ditu hitzordu hau urteko erreferente bihur dadin Donostiako kultura- eta gizarte-egutegian», azaldu du Aniztasuneko eta Inklusioko zinegotzi Iñigo Garcíak.
Lankidetza elkarteekin
Aniztasuneko eta Inklusioko Ordezkaritzak bultzatutako ekimen honek aukera eman du lehen aldiz programa bateratu bat antolatzeko, eta arlo horretan lan egiten duten elkarteek urte osoan egiten dituzten jarduerak bildu eta ikusarazten dira bertan. Parte-hartzaileen artean daude Agifugi, Bidez Bide, Decebal, Elkarrekin Koop., Emigrad@s Sin Fronteras, Haurralde Fundazioa, Jatorkin Al-Nahda, Kaebnai, Mestiza, Unión Cinco Estrellas eta SOS Arrazakeria Gipuzkoa. «Era berean, bizikidetza sustatzen duten, diskriminazioaren aurka borrokatzen duten eta pertsonen eta kolektiboen arteko laguntza-sareak ehuntzen dituzten proiektu komunitarioak, hezkuntzakoak eta kulturalak garatzen urteak daramatzaten elkarteen etengabeko lanari egiten zaion omenaldia ere bada Kultura arteko Aste hau, askotan, egiten duten lan hori ikusezina izaten baita.
Udalak lan hori aitortu eta ikusarazi nahi du, lan horri merezi duen espazioa eta babesa eman, eta elkarrekin etorkizun partekatu bat eraiki, aniztasuna hiri gisa dugun nortasunaren zutabe izan dadin”, adierazi du Garciak.
Topagunea
Era berean, zinegotziak nabarmendu duenez, ‘Kulturen arteko Aste’ honen helburua da kulturen arteko elkar ulertzea, errespetua eta onarpena sustatzea. Kulturarteko elkarrizketaren, inklusioaren eta berdintasunezko bizikidetzaren garrantziaz kontzientziatu nahi dugu. Baina keinu sinbolikotik harago ere joan nahi dugu: espazio erreala izan nahi dugu, topaketarako, elkarrengandik ikasteko, entzuteko eta aspalditik hiri kohesionatuago, bidezkoago eta pluralago baten alde lan egiten duten pertsonen lana aitortzeko”.
Jarduerak hiriko kultur etxeetan egingo dira. Dagoeneko bi erakusketa aipagarri daude martxan: «Etxeko lana eta zainketak» Okendo Kultur Etxean, eta «Gipuzkoako ijito herriaren imajinario kolektiboaren balioa azpimarratzea» Intxaurrondo Kultur Etxean. Horiez gain, dantza-ikuskizunak, proiekzioak eta hitzaldiak egingo dira, baita elkarlaneko mural bat ere Saguesko frontoian, maiatzaren 24an (larunbata). Gainera, hainbat elkarte gastronomikok kulturarteko sukaldaritza-ikastaroak egingo dituzte, «Su-artean, gure artean» izenburupean, kulturen artean partekatutako zapore eta jakintzak esploratzeko proposamen bat. “Diskurtso polarizatzaileek lekua irabazten duten testuinguru global batean, inoiz baino beharrezkoagoa da aniztasuna aberastasun kolektibo gisa aldarrikatzea eta ezagutzarekin, topaketarekin eta enpatiarekin estereotipoei aurre egitea”, azpimarratu du Garcíak.
Nazioarteko dimentsioa duen ospakizuna
Kultura Aniztasunaren Munduko Eguna 2002an aldarrikatu zuen UNESCOk, munduko kulturen aberastasunari balioa emateaz gain, kulturen arteko elkarrizketaren garrantzia ere azpimarratzeko, bakea, gizarte-kohesioa eta garapen jasangarria lortzeko funtsezko tresna den aldetik.
Donostiatik bat egiten dugu ospakizun honekin, hiri plurala, errespetuzkoa eta kohesionatua eraikitzen jarraitzeko borondate irmoarekin, non pertsona guztiak, beren jatorria, hizkuntza edo kultura edozein dela ere, gure komunitatearen parte aktibo eta aitortu sentitzen diren.