Horien %80a homofoboak izan dira
Maiatzaren 17an homofobia, lesfobia, transfobia eta bifobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Donostiako Udalak ostiral honetan aurkeztu du 2024an Donostian LGTBI+fobiak izandako intzidentziei buruzko laugarren txostena.
Dokumentu horren arabera, iaz 24 intzidentzia izan ziren Gipuzkoako hiriburuan LGTBI+ kolektiboko pertsonen aurka, eta horietatik % 79,2 homofoboak izan ziren, gehienbat gizonek eragindakoak eta pairatutakoak, eta batez ere espazio publiko eta erdipublikoetan egindakoak.
Sorginlore Elkarteak egindako txostenaren xehetasunak Ane Oyarbide Berdintasun zinegotziak eman ditu ezagutzera, eta 24 kasu horiek joera aldaketa dakartela azpimarratu du, azken 3 urteetan kasuek behera egin baitute: 19 izan ziren 2021ean, 18 2022an eta 15 2023an.
‘Zoritxarrez, errealitate gordin bati aurre egiten dioten datu batzuk aurkitzen ditugu: sexu orientazioagatik edo sexu identitateagatik soilik, arbuioz baztertzen dituzten jarrerak eta portaerak daude oraindik geure gizartean, XXI mendean. Eta nahiz eta batzuek arazo hori gaindituta dagoela uste, oraindik ere erasoak — hitzezkoak zein fisikoak —, bazterketak, isekak edo diskriminazioak gertatzen dira, bai lan-esparruan, baita hezkuntzan, sareetan eta kalean ere. Ezin dugu onartu. Ezin dugu beste aldera begiratu‘, adierazi du Oyarbidek.
Intzidentzia handiena ekainean, uztailean eta abenduan
Homofobia da oraindik kausa hedatuena, 19 kasurekin, hau da, % 79,2rekin. Ondoren, transfobia eta lesbofobia daude, 2 kasu bakoitzeko.
Txosten honen arabera, gizarte-interakzio handiena dagoen hilabeteetan gertatzen dira intzidentzia gehienak, udan, esaterako. Ekainean eta abuztuan, hain zuzen ere. Abenduan izandako intzidentziak ere nabarmentzen dira txosten honetan. Beraz, nolabaiteko urterokotasuna dagoela esan daiteke.
Gune publikoetan gertatzen dira kasu gehienak, bide publikoan zehazki 24 kasuetatik 10 eman ziren. Aurreko txostenetan jasotzen zen ildo beretik. Espazio erdipublikoak gehituz gero, 22 kasu daude ( % 91,7). Ondoren, espazio pribatuak (etxeak) daude, % 8,3rekin.
Eraso mota hedatuena hitzezkoak dira (% 41,9), ondoren fisikoak eta diskriminaziozkoak ( % 14 kasu bakoitzean) eta tratu apalesgarria (% 11,6). Beraz, zuzeneko erasoek gehiengoa batzen dute.
Intzidentzia edo eraso gehienak gizonek egiten dituzte, % 62,5a., jarrera eta portaera homofoboekin, batez ere hitzezko eraso moduan. Gizon erasotzaileen ehunekoak behera egin du 2023. urtearekin alderatuta (% 80ra iristen zen), baina gora egin dute erasoek gizon-taldeetan.
Kasuen % 70,8an biktima gizona da, % 12,5ean emakumea. 2024an zehar, ez da gorabeherarik erregistratu biktimek adierazpen edo nortasun disidenteak dituztenik. Bakarrik edo bikotekidearekin daudenean jasotzen dute normalean erasoa.
Tratu iraingarri gehiago emakumeen artean
Emakumeei eta gizonei eraso egiteko moduari dagokionez, emakumeek tratu iraingarria jasotzen dute gehiagotan, eta gizonek, berriz, hitzezko eraso gehiago izaten dituzte.
Beraz, ondoriozta daiteke datuak antzekoak dira, aldaketa txiki batzuekin eta azken 4 urteetako joerari eusten diote. Edonola ere, beharrezkoa litzateke denbora-tarte luzeagoz behatzea intzidentziak eta/edo euren erregistroak jakin ahal izateko beste joera bat hartzen ote duten.
Oyarbidek gogorarazi duenez, “LGTBIfobia gorrotozko diskurtsoez elikatzen da, umorez, balio tradizionalen defentsaz edo adierazpen-askatasunaren defentsaz mozorrotuta. Eta ezin dugu beste aldera begiratu, ezin dugu onartu, kolektiboko pertsonen eskubideen urraketa ez baita umorea, ezta adierazpen askatasuna ere..
Politika publikoetan aurrera egitea
Ildo horretan, azpimarratu du LGTBI+fobiko intzidentziei buruzko laugarren txosten honek bat egiten duela Donostiako Udala «politika publiko inklusiboen diseinuan aurrera egiteko egiten ari den ekimenekin, dibertsitateei balioa emateko, diskriminaziorik eza bermatzeko eta pertsona guztien aukera-berdintasuna bermatzeko, haien sexu-orientazioa, adierazpena edo genero-identitatea edozein izanda ere».
Gainera, abian da gorroto arrazista, xenofobo, anti-ijitu eta LGTBI+fobikoen aurkako gertakari eta delituen aurrean udal-protokoloa sortzeko prozesua, bai eta udal-langileentzat tratu-berdintasunari eta diskriminaziorik ezari buruzko prestakuntza ere. Ekainaren 28an, gainera, Askatasun afektibo/sexualaren eguna ospatuko da LGTBI+ elkarteekin batera.