Susana García Chueca Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak eta Rafael Cortés Navarro Renfe Viajeroseko zuzendari nagusiak ostiral honetan jakinarazi dute Arabako aldiriko tren-zerbitzu berria maiatzaren 30ean (ostirala) abiaraziko dela. Miranda Ebro eta Altsasu arteko ibilbidea da, eta Arabako Lautadako trenbide-sarea zeharkatuko du. Bide horretan geltokiak dituzten bederatzi udalerrietan egingo ditu geldialdiak.
Zerbitzuak 137 zirkulazio egingo ditu astean (ordutegiak .pdf-an eskuragai). Tren berriak gehituko dira aste barruko lehen orduan, eguerdian eta arratsaldean; zirkulazio berriak asteburuetan; noranzko batean edo bestean Arabako Lautada osoa zeharkatu gabe Gasteizen amaitzen zen tren-zerbitzua luzatuko da, eta distantzia ertaineko beste bidaia guztiek bere horretan jarraituko dute. Astean zehar, 41 tren luzatu eta 25 bidaia berri egingo dira, eta oraingo 71 zirkulazioak ez dira aldatuko; hortaz, guztien % 48 berriak edo gaur egun baino ibilbide luzeagokoak izango dira.
Sailburuak azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzaren helburua da “Arabako Lautadan trena ibilgailu pribatuaren alternatiba jasangarri bihurtzea, ezaugarri hauen bidez: erabilerari dagokionez erraza; lanera, ikastera edo kulturaz eta aisiaz gozatzera joateko eguneroko ordutegiei dagokienez bideragarria, eta baita poltsiko guztientzat eskuragarria ere; horiek dira herritarrek autoa etxean uzteko aukera ematen duten ezaugarriak”.
Eusko Jaurlaritzak urtean lau milioi euro inguruko inbertsioa egingo du zerbitzu horretan, eta zenbateko horri gehituko zaizkio ADIFek geltokiak hobetzeko egingo dituen jarduketak.
Hala, Bizkaiak eta Gipuzkoak bezala, Arabak ere aldiriko zerbitzuak Renfek operatuta eta Eusko Jaurlaritzak kudeatuta izango ditu, aurtengo urtarrilaren 1etik aurrera gertatu da hori. Transferentzia horren arabera, zerbitzuaren operazioa –gaur egun Renfek ematen du– eta haren ikuskapena, tarifa-politika eta erabiltzaileen eskubide eta betebeharren araudia sortu behar dira. Azpiegiturak, trenbideek zein geltokiek, Espainiako Gobernuaren esku jarraituko dute, ADIF trenbide-administratzailearen bitartez.
Eusko Jaurlaritzak prozesu horretan identifikatu duen hobekuntza nagusietako bat izan da Arabako aldiriko trenen zerbitzu berri hori lehendik dagoen ibilbidean egiteko beharra, geldialdiak Altsasun, Araian, Agurainen, Dulantzin, Gasteizen, Iruña Okan, Argantzunen, Manzanosen eta Miranda Ebron eginda. Arabako Lautadako aldiriak martxan jartzeak, halaber, geltoki guztietako atariak irekitzea esan nahi du; sailburuak nabarmendu duenez, horietako batzuk itxita egon dira orain arte.
Zerbitzua, eskuragarriago
García Chuecak dei egin die Arabako Lautadako herritarrei, gasteiztarrei barne, “beren egunerokoan trenaren alde egin dezaten; gure ohituretan aldaketak egiten baditugu soilik bete ahal izango dugu joan-etorriak deskarbonizatzeko helburua, hala mugikortasun jasangarrirantz egiteko”. Trena erabiltzea sustatzeko asmoz, hilaren 30etik aurrera tarifak beheratuko dituztela iragarri du sailburuak, % 30ra arte. Orain arte bezala, beharrezkoa izango da bidaia guztietan eserlekua lehenago erreserbatzea –Ares makinen bidez edo Renferen webgunearen bidez–, zerbitzu berrietan izan ezik.
Gainera, erabiltzaile berrientzat guztiz doakoa izango da ekainaren 30era arte, Aldirietarako eta Distantzia Ertainerako ezarritako abonamenduen bidez. Neurri hori Espainiako Gobernuak ezarri zuen Ukrainaren inbasioa eta 2022ko prezioen igoera zirela eta, eta indarrean jarraitzen du hainbatetan luzatu ondoren. Abonamendu-epean 8 bidaia egiten badira da doakoa, aurretik 20 euroko fidantza ordainduta; epe hori amaitu eta eskatutako gutxieneko bidaia kopurua bete ondoren itzuliko da fidantza hori.
Noizbehinkako txartelak, doako abonamenduak edo izapideak eta informazio-eskaera geltoki guztietan egin ahal izango dira, bai webgunean, bai erabiltzaileei aurrez aurreko arreta emateko Gasteizko bulegoetan, bai gainerako geltokietan (Miranda Ebro, Manzanos, Argantzun, Iruña Oka, Alegría-Dulantzi, Agurain, Araia eta Altsasun) jarritako Ares arreta telematikoko sistemaren bidez. Horren bidez, telematikoki jar daitezke harremanetan Renfeko langileekin, gaztelaniaz eta euskaraz. Langile horiek bideo-dei bidez erantzungo diete eskaerei, eta behar diren tituluak emango dituzte. Geltokietako makinak berak emango dizkie bidaiariei titulu horiek.
Alderdi horien inguruko xehetasunak eman dizkie sailburuak Manzanos, Iruña Oka, Gasteiz, Alegría-Dulantzi, Agurain eta Araiako udalei gaur goizean bertan, lan-bilera batean, Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriko foru diputatuarekin batera. Bilera horretan, azaldu die nola jarriko den martxan zerbitzua, eta lehen fase horretan laguntza eskatu die, herritarrek erabil dezaten.