Amaia Barredok Bermeon proposatu du “jasangarritasunarekiko konpromiso eta kontrol handiagoa eskatzea Europa iparraldeko estatuetako arrantza-flotei”

0
  • Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua Arrain Egunean izan da
  • “Gure arrantzaleek legeak betetzen dituzte, kupoak zuzen betetzen dituzte eta jasangarritasunaren aldeko jokabide eredugarria dute”

Amaia Barredo Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuak Bermeon proposatu du “jasangarritasunarekiko konpromiso eta kontrol handiagoa eskatzea Europa iparraldeko estatuetako arrantza-flotei”. “Azken denboraldietan Bizkaiko Golkoan espezie batzuen kopuruek izan duten beherakadak zerikusia izan dezake gehiegizko arrantza horrekin, eta ez da bidezkoa gure arrantzaleek, Europar Batasuneko legeak eta esleitutako kupoak zuzen betetzen dituztenek eta espezieak mantentzeko jasangarritasunaren alde jokabide eredugarria erakusten dutenek, beste batzuen jarrera ez oso solidarioak jasatea”.

Amaia Barredok, Leandro Azkue Arrantza eta Akuikulturako sailburuordearekin batera, Bermeoko Arrain Egunean parte hartu du, eta aipatu duenez “oso beharrezkoa da EBk gehiago egitea legez kanpoko arrantzaren aurka, egia bada ere kontrol-sistemak ezarri direla, nahiz eta horien eraginkortasuna murriztu egiten den estatu kideek aplikatutako kontrol eta zehapen desberdinengatik”.

Europako Kontuen Auzitegiaren txosten batek zehaztu zuenez, “legez kanpoko, aitortu gabeko eta arautu gabeko arrantza da itsasoko ekosistemek duten mehatxu handienetako bat, eta arrantza modu jasangarrian kudeatzeko ahaleginak ahultzen ditu”. Lan horren arabera, “legez kanpoko arrantzari aurre egiteko ezarritako kontrol-sistemak neurri batean dira eraginkorrak; izan ere, arriskua arintzen duten arren, horien eraginkortasuna murriztu egiten da estatu kideen aldetik ezartzen diren kontrolak eta zehapenak uniformeak ez diren unetik”.

Behin eskatzea

“Era berean, txosten horrek gomendatzen zuen Batzordeak ikuskatzea ea estatu kideek euren kontrol-araubideak indartzen dituzten legez kanpoko arrantzako produktuen inportazioa prebenitzeko, bai eta estatu kideek legez kanpoko arrantzaren aurkako disuasio-neurriak ezartzen dituzten zaintzea ere. Europar Batasuneko estatuei eta Ipar Atlantikoko herrialdeei berriz eskatzeko garaia da”, adierazi du Barredok.

“Legez kanpoko arrantza itsasoko ekosistemek duten mehatxu handienetako bat, eta arrantza modu jasangarrian kudeatzeko ahaleginak ahultzen ditu. EBk, arrantzaren sektorean, 79.000 ontzi ditu, eta arrantzako produktuen munduko inportatzailerik handiena da: munduko merkataritza osoaren % 34, balioaren arabera neurtua. EBk konpromisoa hartu zuen Garapen Jasangarrirako Helburuetako 14.4 helburua betetzeko, legez kanpoko, aitortu gabeko eta arautu gabeko arrantzari amaiera emateko. Helburu hori ez zen lortu: jasangarria ez den arrantzak hor jarraitzen du, batez ere Ipar Atlantikoan eta Hego Atlantikoan, eta legez kanpo, aitortu gabeko eta arautu gabeko arrantzatik eratorritako produktuak EBko merkatuan saltzeko arriskua dago”, nabarmendu du Barredok Bermeon.

“Ipar Itsasoa Erresuma Batuaren, Norvegiaren, Danimarkaren, Alemaniaren, Herbehereen eta Belgikaren artean dago, espezie ugari ditu, hala nola, sardinzarra eta mihi-arraina, eta Islandiako uretan berdela eta legatza bezalako espezieak harrapatzen dira. Atlantikoa Lurreko bigarren ozeanorik handiena da. Hemendik egun batzuetara Ingurumenaren Munduko Eguna (ekainak 5), eta Ozeanoen Munduko Eguna (ekainak 8) izango dira, eta aukera ona dira egoera horiek aztertzeko”, aipatu du Barredok.