Eusko Jaurlaritzak bat egin du Zarauzko Udalak antolatu duen eta prebentzioa eta lehen sorospenak uztartzen dituen “Guztion eskuetan” kanpainarekin

0

Ertzaintzako agenteek, larrialdietako beste zerbitzu batzuekin batera, hainbat ariketa praktiko egin dituzte Gipuzkoako herri horretako malekoian

Ertzaintzaren Deba-Urolako Ertzain-etxeko eta Zaintza eta Erreskate Unitateko agenteek, larrialdietako beste zerbitzu batzuekin batera, prebentzioarekin eta lehen sorospenekin lotutako ariketa praktikoak egin dituzte Zarauzko malekoian, bertako Udalak antolatutako “Guztion eskuetan” kanpainaren barruan.

Kanpainaren asmoa da herritarrei larrialdi baten aurrean nola jokatu erakustea, istripuei aurrea hartzeko eta kasu bakoitzean jarduteko informazio baliagarria eskaintzen duen eskuorri bat etxeetan banatuta.  Horrez gainera, gaur egindako ariketa praktikoek larrialdietako zerbitzuek nola lan egiten duten erakutsi diete Zarauzko bizilagunei, erreskateekin, bide-segurtasunarekin edo BBB (bihotz-biriketako bizkortze) bat egitearekin lotutako jardueren bidez.

Ertzaintzaren eta SOS Deiak zerbitzuaren laguntza izateaz gainera, Zarauzko Udalak beste erakunde hauen laguntza ere izan du: Gurutze Gorria, DYA, Osakidetza, Gipuzkoako suhiltzaileak, Udaltzaingoa eta Zarauzko Zingira Babes Zibila.