Eusko Jaurlaritzak 11,4 milioi euro bideratuko ditu 2027 urtera arte Arabako lautadako trenbide zerbitzuak hobetzeko

0

2026an eta 2027an Arabako Lautadako trenbide-zerbitzuak hobetzeko 8.232.000 euroko konpromiso-kredituak sortzea onartu du Gobernu Kontseiluak, pasa den urtarrilaren 1ean Euskadiko aldiriko trenen arloko eskumenak Mugikortasun Jasangarriaren Sailak gain hartu ondoren.

Datozen bi urteetarako konprometitutako inbertsio horri gehitu behar zaizkio Eusko Jaurlaritzak 2025 urterako aurreikusitako 3 milioi pasatxo; Arabako Lautadako aldiriko trenen zerbitzuagatik Renfe Viajerosi ordainduko dizkio. Zerbitzua maiatzaren 30ean jarriko da martxan, eta astean 137 zirkulazio egingo ditu guztira —zirkulazio batzuk aurretik zeudenak izango dira (prezio merkeagoak izango dituzte), eta beste batzuk berriak—, eta geldialdiak egingo ditu tarte horretan geltokiak dituzten bederatzi udalerrietan. Orain arte bezala, Renfe izango da zerbitzuaren operadorea, eta Adif, berriz, azpiegituraren (trenbide eta geltokien) titularra.

11,4 milioi euro horietan Arabako aldiriko zerbitzuaren ibilbideen tarifak beheratzeko finantzaketa barne dago. Miranda Ebro eta Altsasu artekoa izango da ibilbidea, eta helburua da joan-etorri guztiek Aldiriko tarifak izatea —orain arte Distantzia Ertainekoak ziren—. Hala, % 30rainoko deskontua aplikatuko zaie eta joan-etorri berarentzako prezioa beti berdina izango da —orain arte tren motaren arabera prezioa ezberdina zen-.