Ricardo Arregi kazetaritza sariaren 2025 deialdia martxan da, 9.000 euroko bi sarirekin.

0

Azaroaren 26an emango dira ezagutzera 37. edizio honen irabazleak, Andoaingo Bastero Kulturgunean egingo den sari banaketa ekitaldian.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren aurtengo deialdia egin du Andoaingo Udalak, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren babesarekin. 37.edizioa da aurtengoa eta, aurten ere, bi sari izango dira: “Kazetaritza saria” eta “Komunikazio saria”. Honenbestez, finalistak izendatuko dira, Kazetaritza sarirako lau eta Komunikazio sarirako beste lau, gehienez. Sarituak izateko hautagaitzak proposatzeko aukera izango du edonork, nork bere buruaren edo beste norbaiten aldeko proposamena egin ahal izango duelarik, baina finalistak eta saridunak erabakitzeko ez da nahitaezko baldintza izango aldez aurretik hautagaitza aurkeztu izana. 2025eko edizioko irabazleak nortzuk diren azaroaren 26an jakingo da, Andoaingo Bastero kulturgunean burutuko den sari banaketa ekitaldian.

Aurtengo edizioan Gabriel Aresti ekarri nahi da gogora, idazlearen heriotzaren 50. urteurrenaren harira Rikardo eta Gabriel lotu nahi dira, elkarren artean harreman handia izan baitzuten, harreman pertsonal sakona baina, batez ere, garaian suspertu beharreko euskalgintza eta kulturgintzako lanetan harreman ezinbestekoa. Harreman sakon horren adierazgarri Gabriel Arestik Rikardori eskainitako Auhenez izeneko olerkia, andoaindarraren hileta elizkizunean Arestik berak irakurritakoa.

Aurtengo edizioaren aurkezpena Andoainen gauzatu da, Eguzkialde etxean, Arregitarren etxean. Ekitaldian parte hartu dute: Marta Lasak, Andoaingo Udaleko euskara zinegotziak; Josune Irabien, Eusko Jaurlaritzako Euskara sustatzeko zuzendariak; eta Mikel Arregik, Rikardoren anaia gazteenak.

Marta Lasak azaldu duenez, “Euskal Herriak 60ko hamarkadako susperraldian izan zituen kultura eragile nagusietako biri egin nahi diogu aurten gorazarre 37. edizioan, lankidetza hori, elkartasun hori estua izan baitzen, Arestik Bizkaitik eta Arregik Gipuzkoatik kulturgintza eta euskalgintza modernizatzeko ahaleginean gogo bakarra adierazi baitzuten, nork bere ñabardurekin, eta gogokidetasuna handia izan baitzen bien artean”.

Josune Irabienek eskertu nahi izan du 37. edizio hauetan zehar Andoaingo Udalarekin eta Rikardo Arregiren familiarekin izandako lankidetza kazetaritzaren eta komunikazioaren lana goraipatzeko. Izan ere, Rikardo Arregik egindako lanari esker kazetaritzako profesionalizazioa eta modernizazioa bultzatu nahi da, gizarteak behar duen informazioa euskaraz eta berrikuntza izan dadin. Eta honako hau adierazi du: “Sari honek kalitatea, berrikuntza eta eredugarritasuna, eredugarritasuna bilatzen ditu eta horretan ere lagundu nahi du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak. Gonbidapena luzatzen diegu euskarazko kazetaritza eta komunikazioan diharduten guztiei, beren lanak aurkeztera eta euskarazko komunikazioaren etorkizuna elkarrekin eraikitzera”.

Mikel Arregi Aranburuk esker oneko hitzak izan ditu bere anaiaren oroitzapenari eusten dion ekimen ororentzat eta, bereziki, jada 37 urte bete dituen sariarentzat: “guretzat ere aurten oso berezia gertatzen da Gabriel Arestiren heriotzaren 50. urteurrenarekin gogoratzea, Rikardoren heriotzaren unerik ilunenetan Gabriel gure artean izan baitzen eta bere poema aski ezaguna, Auhenez izenburukoa, Rikardoren hileta elizkizunean eman zigun ezagutzera, bertan ginen guztiok hunkituz. Une haiek ahaztezinak dira. Harreman handia izan zuten Rikardok eta Gabrielek; egin kontu Rikardo hil zen egunean Bilborantz zihoala Ramon Saizarbitoriarekin batera, zer eta Gabriel Arestiri erostera Txillardegiren Elsa Scheelen liburuaren edizioa, Arestik egindakoa, sortze bidean zuten Lur argitaletxearen lehen liburu gisa banatzeko. Ba al dakizue nola ordaindu behar zioten edizioa? Kotxe batez; hain zuzen ere Bilborantz zeramatzan Seat 850 Arestiren esku utziz. Kotxe horretan izan zuten Mendaron auto istripua.”

Bi sari nagusi banatuko dira: Kazetaritza saria eta Komunikazio saria. Kazetaritza sariari dagokionez, 2024ko irailaren 16tik 2025eko irailaren 15era arteko tartean egunkari eta aldizkarietan, agerkari digitaletan edo irrati eta telebistetan euskaraz plazaratu diren kazetaritza-lanek izango dute saria eskuratzeko aukera. Saria 9.000 eurokoa da, eta Xabier Lakak Sarirako berariaz egindako irudi artistikoa jasoko du saridunak.

Eta Komunikazio saria eskuratzeko aukera izango dute, euskarazko komunikazioa molde eta formatu berrituetara egokitu eta euskarazko komunikazioaren mesedetan haien aukeraz baliatzeko urrats berritzailetzat jotzen diren ekimenek. Betiere, 2024ko irailaren 16tik 2025eko irailaren 15era bitartean euskaraz sortu, ekoitzi eta, kasua bada, zabaldutako komunikazio ekintza bat, komunikazio proiektu bat edo komunikazio proposamen bat izan beharko da nahitaez. Epaimahaiak oso kontuan hartuko du ekintza edo proiektu komunikatiboak euskal komunitatea elikatzeko izan duen edo izan dezakeen inpaktua, eta horren ondoan kontuan hartuko du baita ere teknologiaren erabilera berritua. “Komunikazio saria” ere 9.000 eurokoa izango da, eta Xabier Laka eskultoreak egindako irudi artistikoa emango zaio irabazleari.

Gehienez ere zortzi finalista izango dira, eta finalistek, saridunek izan ezik, Xabier Lakak bereziki Rikardo Arregi Kazetaritza Sarirako sortutako irudiaren serigrafia jasoko dute.

Saridun izateko hautagaitzak (kazetaritza edo komunikazio lanak) irailaren 19ra bitartean aurkez daitezke, proposamenak Andoaingo Udalera posta arruntez bidaliz edota helbide elektroniko honetara igorriz: raks@andoain.eus. Finalista edo sariduna izateko ez da, halere, ezinbestekoa izango hautagaitza aurkeztea, epaimahaiak aukera osoa baitu bere proposamen propioak eztabaidatzeko, eta jasotako proposamenen eta epaimahaikideek beraiek  egin eta eztabaidatutakoen artean finalistak eta sariak erabakitzeko.

Epaimahaia ondorengo kideek osatuko dute: Miren Berasategi Zeberio (Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria), Eneko Bidegain Aire (idazlea eta Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateko irakaslea), Itxaro Borda Xarriton (idazlea eta prentsa kolaboratzailea), Angel Erro Jimenez (idazlea, itzultzailea eta prentsa kolaboratzailea), Pantxika Maitia (kazetaria) eta Libe Mimenza Castillo (UPV/EHUko irakaslea eta ikerlaria). Mahaiburua izango da Andoaingo Udaleko Euskarako zinegotzi arduraduna, Marta Lasa Goñi, eta idazkaria, Andoaingo Udaleko Euskara teknikaria.

37.edizio honetako finalistak nortzuk diren azaroaren hasieran emango du ezagutzera epaimahaiak, eta sari banaketako ekitaldia azaroaren 26an izango da Andoainen, Bastero Kulturgunean.