Mikel Jauregi: “Deskarbonizazio adimentsuaren aldeko apustua egiten dugu, eta bide desberdinetatik hel gaitezke horretara”

0

Gaur goizean, Mikel Jauregi Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua elkarrizketatu dute Herri Irratiko mikrofonoetan, eta Euskadiko gaurkotasun ekonomikoa aztertu du.

Sare elektrikoa

“Industriaren deskarbonizazio-prozesua ona da planetarentzat eta gure enpresentzat, lehiakorragoak egiten baititu.Industriaren ekoizpen-prozesuak elektrifikatzen ari gara, eta, hartara, potentzia handiagoa behar da. Red Electrica erakundeak eta Ministerioak bost urtean behin planifikatzen dute sare elektrikoa, Euskadirekin elkarlanean. Hilabeteak daramatzagu elkarrekin lanean gure industriak eta proiektu berriek behar duten potentzia lortzen saiatzeko. Uda baino lehen bost urteko plan berrirako potentzia berriaren iragarpena espero genuen, baina, itzalaldiaren ostean, epe hori atzeratuko da”.

“Industria elektrointentsiboek edo bero bidezko ekoizpen-prozesuak dituzten industriek potentzia handiagoa eskatzen digute (gas-labeen ordez labe elektrikoak erabiltzen dituztenak, adibidez). Gainera, Euskadin finkatu nahi duten eta entxufea non dagoen galdetzen duten industria-proiektu berriak ere badaude”.

Energia berriztagarriak

“Euskadin gure kontsumoaren % 7 besterik ez dugu sortzen energia berriztagarrien bidez. Gehiago sortu behar dugu, subiranotasun energetikoagatik ez ezik, efizientzian sakontzen jarraitzeko ere bai. Sinetsita gaude elektrizitaterik onena erabiltzen ez den elektrizitatea dela. Gainera, autokontsumoaren aldeko apustua egiten ari gara, industria bakoitzak energia sor dezan. Eta, azkenik, parke eoliko edo fotovoltaiko handiak izatea da erronka. Hiru hankak behar ditugu”.

“Tamaina handiko parke fotovoltaikoek edo eolikoek lau baldintza bete behar dituzte. Behar besteko eguzkia edo haizea izan behar da, eta ez dago hori betetzeko leku askorik. Ingurumena zorrotz errespetatu behar da, eta inpaktua minimizatu. Parkeek sare elektrikoarekiko konexioa izan behar dute, eta gabeziak ditugu arlo horretan. Eta azkenik, parke hori ezarriko duten enpresek etekin ekonomikoa atera, eta proiektua errentagarri bihurtu behar dute. Ez da erraza lau baldintza horiek bete daitezen lortzea”.

“350 MW-eko potentzia instalatua dugu, eta, 2028rako, 900 MW-ra igo nahi dugu; horixe da legealdi honetarako gure helburua”.

Ekonomiaren deskarbonizazioa

“Europan, une honetan, eztabaidatzen ari da deskarbonizazioaren aldeko apustuari eustea, baina horretara iristeko bidea aztertzea. Guk neutraltasun teknologikoaren aldeko apustua egiten dugu. Berriztagarriak bai, baina beste apustu batzuk ere egin behar dira, hidrogenoarena adibidez”.

“Bihar guztiok auto elektrikorako aldaketa egingo bagenu, ez genuke non entxufatu. Gainera, auto hori elektrizitate marroiarekin elikatzen arituko ginateke, ez elektrizitate berdearekin. Elektrifikazioaren aldeko apustuan sinesten dugu, baina mugikortasunean emisio txikiago sortzeko gai diren beste teknologia batzuk ere behar ditugu. Eta elektrifikazio horri erantzuteko gai den sare elektrikoa izan behar dugu”.

Muga-zergak eta merkataritza-gerra

“Industriaren Defentsarako Taldea otsailetik ari da lanean, hain zuzen Trump Administrazioaren balizko muga-zerga berrien lehen iragarpenak hasi zirenetik. Nazio esportatzailea gara, gure barne-produktu gordinaren % 40 esportazioekin lotuta dago. Ildo horretan, Ameriketako Estatu Batuetako muga-zergek eragin zuzena dute gure esportazio-ahalmenean, eta ziurgabetasuna sortu dute industrian, eta aurreikusitako inbertsioak gelditzeko arriskua eragin. Industriaren Defentsarako Taldearen bidez, 500 milioi euro onartu ditugu industriarako laguntzetan, inbertsioak dinamiza daitezen, eta sektorez sektoreko azterketa egin dugu, eman beharreko laguntza sektorial zehatzak identifika daitezen. Adibidez, automozioaren sektorean emisio txikiagoko ibilgailuen erosketa sustatzeko plana onartu dugu”.

“Gure kasuan, gure industriaren % 6k zuzenean esportatzen du Ameriketako Estatu Batuetara, baina Frantziara eta Alemaniara egiten ditugun esportazioen herena Ameriketako Estatu Batuetara egiten diren zeharkako esportazioak dira.Hartara, laguntza berriak planteatzeko garaian, zuzenean edo zeharka esportatzen dutenak zaindu behar ditugu”.

“Euskal Finantza Aliantza gisako tresnak ditugu, 1.000 milioi eurorekin 4.000 milioi euro erakartzeko gai izango direnak, gure industriaren, bertan errotzearen eta eraldaketa digitalaren aldeko apustuan”.