Finantzen Euskal Institutuak, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Sailari atxikitako finantza-erakunde publikoak, 20 milioi euroko mailegua eman dio CIE Automotive taldeari, automozioaren sektorean erreferentzia den Euskal Autonomia Erkidegoko industria-taldeari. Eragiketa hori gehitzen zaio 2024an talde berari emandako 20 milioiko finantzaketari, eta Eusko Jaurlaritzak garapen ekonomikoarekin eta herrialdeko industria-sarearen lehiakortasunarekin duen konpromisoa berresten du.
Bi mailegu horiei esker, CIE Automotive taldeak efizientzia, berrikuntza teknologikoa eta jasangarritasuna hobetzera bideratutako inbertsioak bultzatu ahal izango ditu, eta, bereziki, 2024-2025 aldian Euskal Autonomia Erkidegoko industria-plantetarako inbertsio-plana egikaritu ahal izango du.
Finantza-babes hori biltzen da Eusko Jaurlaritzak industriari eraldaketa teknologikoan, jasangarrian eta nazioartekoan laguntzeko estrategiaren barruan, betiere finantza-tresna itzulgarrien bidez eta merkatu-baldintzetan.
CIE Automotive taldeak 15 ekoizpen-lantegi eta I+G zentro bat ditu gaur egun Euskadin. Horietan 1.840 pertsonak lan egiten dute zuzenean, eta zeharka milaka lanpostu sortzen ditu tokiko 1.700 hornitzaileko sare zabal baten bidez. Hortaz, funtsezko trakzio-enpresa da Euskadiko industriaren ekosisteman.
Eragiketa, berez, merkatu-baldintzetan emango den mailegu itzulgarri baten bidez gauzatuko da, Finantzen Euskal Institutuak —Eusko Jaurlaritzaren finantza-tresna gisa— industria eta berrikuntza sustatzeko emandako aginduaren ildotik.
Eragiketa hori, halaber, Eusko Jaurlaritzak bultzatzen duen lankidetza publiko-pribatuko estrategiaren barruan sartzen da, zehazki lurraldearen erronka ekonomiko eta sozialei aurre egiteko zutabeetako baten barruan. Ildo horretan, Finantzen Euskal Institutuak CIE Automotive taldeari emandako babesa erakundeek, funtsezko arloetan aurrera egiteko helburuarekin, baliabide publiko eta pribatuak mobilizatzeko duten konpromisoaren ondorioa da. Izatez, eraldaketa industrialean, ekonomia zirkularrean eta garapen jasangarrian aurrera egin nahi da, eta, horretarako, hazkunde ekonomiko inklusiboa eta etorkizunerako ikuspegia sustatu.
Finantzaketa horren helburua guztiz bat dator berrikuntza, jasangarritasuna, nazioartekotzea eta kalitatezko enpleguaren sorrera sustatzen dituzten Eusko Jaurlaritzaren politika estrategikoekin. Testuinguru horretan, Finantzen Euskal Institutuak Euskal Autonomia Erkidegoko industriaren lehiakortasuna, erresilientzia eta garapen jasangarria indartzen dituzten proiektuei laguntzen jarraitzen du.
Finantza-laguntza horrek oinarri du, halaber, Euskal Finantza Aliantza abian jartzearekin partekatutako uste sendoa, “Euskal Autonomia Erkidegoko industria bultzatu eta errotu nahi badugu, eta energia-azpiegituretan eta azpiegitura zientifiko-teknologikoetan sakoneko inbertsioak egin nahi baditugu, gure finantza-ahalmenak bat etorrarazi eta fokalizatu behar ditugu”, aditzera eman du Noël d’Anjou Ogasun eta Finantzetako sailburuak.
CIE Automotive taldeari emandako mailegu horrekin, Eusko Jaurlaritzak automozioaren sektorearen aldeko apustuaren garrantzia nabarmentzen jarraitzen du, Euskadiko ekonomiaren funtsezko zutabe den heinean; izatez, industria-ekoizpenaren % 25 baino zertxobait gehiago da, eta 40.000 langile inguru biltzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan.
Horren beste adibide bat da berriki “emisio txikiko ibilgailuak» laguntza-programa abian jarri izana, Industriaren Defentsarako Taldearen barruan. Laguntza-programa horren bidez erantzun nahi zaie Euskal Autonomia Erkidegoko automozioaren sektoreak egungo muga-zergen gerraren testuinguru globalean dituen erronkei. Programa horrek Euskadi Europako abangoardian kokatzen du, Europar Batasuneko programarik osatu eta aurreratuenetako batekin eta errepidean zeharreko garraioaren deskarbonizazioaren aldeko neutraltasun teknologikoaren aldeko apustu irmoarekin —MOVES programaren bidez auto elektrikoaren alde egiten den apustuaren osagarri—.
“Euskadi Europako berrindustrializazioaren protagonista izan daiteke, bereziki funtsezko sektoreetan, hala nola automozioan. Industriak ongizatea, aberastasuna, aurrerapena eta kalitatezko lanpostuak sortzen dituela jakinik, finantza-gihar propioa aktibatzeko gai izan behar dugu, gure industria-sektorea indartze aldera”, adierazi du Mikel Jauregi Industriako sailburuak.