Eusko Jaurlaritzaren eta Trenbide Azpiegituren Administratzailearen (Adif) arteko hitzarmena sinatzea baimendu du Gobernu Kontseiluak, Mugikortasun Jasangarriaren sailburuak proposatuta, Euskal Trenbide Sareak (ETS) Astigarragako tren-geltoki berriko eta haren sarbideetako lanak egin ditzan.
Bidaiarientzako eraikin berria nasen eta trenbideen gainean kokatuko da, 420 metro karratuko azalera izango du eta oinezkoentzako 306 metroko pasabidetik sartu ahal izango da bertara; Astigarraga eta Donostiako udalerriak lotuko ditu, tren-azpiegiturak zein Urumea ibaia gaindituta.
Geltoki berriaren lanek 11,2 milioiko aurrekontua izango dute, eta Adifek ordainduko ditu oso-osorik. Bestalde, sarbide-pasabidearen kostua Eusko Jaurlaritzaren, Astigarragako Udalaren eta Adifen arteko hitzarmen espezifiko bidez finantzatuko da. Pasabidea egiteko, Eusko Jaurlaritzak 2,6 milioi ordainduko ditu, trenbidearen administratzaileak 1,2 milioi, eta Udalak haren titulartasuneko lurrak jarriko ditu eraikitzeko, eta pasabide osoa zaintzeaz eta mantentzeaz arduratuko da. Inbertsio osoa 15 milioi eurotik gorakoa da.
ETSk Astigarragako aldiriko tren geltoki berriaren exekuzioa hartuko du bere gain. Geltokia abiadura handiko sare berrian ere kokatuko da. Erakunde publikoak Gipuzkoako aldean plataforma eraikitzeko lanak amaitu ondoren hasiko dira obrak, Espainiako Gobernuarekin egindako kudeaketa-enkarguen bidez.