Urtero ekainaren 5ean ospatzen den Ingurumenaren Mundu Egunaren bezperan, Eusko Jaurlaritzako sailburuen taldea Añanako Gatz Haraneko instalazioetan bildu da, eta bertan lizitatzear daude gatz biltegi zahar bat (etorkizuneko Ekoetxea Añana-Gatz Harana) birgaitzeko obrak. Esparru horretan, Mikel Jauregi Industria, Energia Trantsizio eta Jasangarritasunaren sailburuak lurraldea klima-aldaketaren inpaktuetara egokitzeko ekimen aitzindari baten berri eman dio Gobernu Kontseiluari, eta horrek 27,5 milioi euroko funtsak mobilizatzea ekarriko du.
Zarauzko malekoian, Bakioko paduran, Gasteizko Astegietako meandroan, Bilboko itsasadarrean eta Txingudiko badian klima-aldaketara egokitzeko 5 proiektu erakusle hedatzea da helburua. “Horretarako, sailen arteko koordinazio-mahai bat eratu dugu, KAIA (Klima Aldaketaren InpaktuA) izenekoa, Natura Ondarea eta Klima Aldaketara Egokitzeko Zuzendaritzak koordinatuta, Ihobe sozietate publikoaren bidez. Bertan, Uraren Euskal Agentziak (URA), Lurralde Plangintzaren eta Hiri Agendaren Zuzendaritzak eta Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak (Euskalmet) parte hartzen dute, eta, fase honetan, Aztiren laguntza teknikoa jaso da. Mahai honen bokazioa da behar diren eragileak sartzea, publikoak zein pribatuak, proiektu erakusleak arrakastaz gauzatzeko eta beste leku batzuetan erreplikatzeko”, azpimarratu du Jauregi sailburuak bere hitzaldian.
KAIA mahaiaren eginkizun nagusia proiektu erakusle horien diseinua, definizioa eta ezarpena bultzatzea da, lehen etapan bost hauek eratuta:
- Zarautz, kostaldeko aurrealdea egokitzea: Narros-Munoa aldea birmoldatzea, errepidearen eta kontradikearen islapen-aurkako ingurua aztertzea, mendebaldeko hondartzako sarbideak birmoldatzeko aukera eta duna-sistemaren ingurumen-hobekuntza, bai eta esku-hartzearen ondorioak monitorizatzea ere. Epea: 2025-2028ko abendua. Aurrekontu zenbatetsia: 4,5 milioi euro
- Bakio, hiriko padura eta urpean gera daitekeen basoa: Estepona ibaian klima-aldaketara egokitzeko proiektua. Epea: 2025-2026ko abendua. Aurrekontu zenbatetsia: 3,05 milioi euro
- Txingudi erresilientea: San Lorentzoko padura handitzea, kirol-ekipamendua kentzea eta San Lorentzoko padurarekin lotzea, aukeren azterketa Mendelu auzoan, Jaizubiako padura handitzeko azterlana, eta esku-hartzearen ondorioak monitorizatzea. Epea: 2025-2028ko abendua. Aurrekontu zenbatetsia: 10,5 milioi euro.
- Astegieta, natura berreskuratzen: Astegietako meandro artifizializatua berreskuratzea, Gasteizen, eta uholde-arriskua murriztea. Epea: 2025-2028ko abendua. Aurrekontu zenbatetsia: 4,1 milioi euro
- Bilboko itsasadarra: gobernantza konplexua sortzea eta klima-aldaketak itsasadarrean dituen inpaktuak hobeto ezagutzea eta eragile guztiekin epe ertain eta luzera hartu beharreko neurriak aztertzea. Epe laburrean klima-aldaketara egokitzeko lanean ari garen bitartean, naturan oinarritutako konponbideak Kaiku puntan eta Zorrotza puntan. Epea: 2025 – 2030eko abendua. Aurrekontu zenbatetsia: 5,9 milioi euro.
“Proiektu horiek guztiek, lurraldearen erresilientzia handitzeaz gain, hobekuntza nabarmena ekarriko dute herritarren bizi-kalitatean eta eremu birsortuetako biodibertsitatearen hobekuntzan”, adierazi du Mikel Jauregi sailburuak. Lehorreko zein uretako espazioen naturalizazioak CO2 xurgatzeko gaitasuna handituko du, eta hori funtsezkoa da 2050erako edo lehenagorako Euskadiren neutraltasun klimatikoa lortzeko, Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legean jasotzen den bezala.
Euskadi, lurralde erreferentea Europan
Egokitzapen Misioaren urteko txostenak, Europar Batasunak 2025eko apirilean argitaratuak, Euskadi nabarmentzen du klima-aldaketara egokitzeko erreferentziazko eredu gisa, eta azpimarratzen du bere ikuspegia erreplika daitekeela eta adibide bat dela Europako beste eskualde batzuentzat. Aitorpen horren oinarria da Euskadik klima-arriskuei aurrea hartzeko eta kudeatzeko duen gaitasuna, plangintza aurreratu baten bidez, erakundeen arteko lankidetzaren bidez eta tokiko eta eskualdeko eremuetan soluzio berritzaileak ezarriz.
Hala jasotzen da Europako Batzordeak 2025eko apirilean MIP4Adapt plataformaren bidez argitaratutako Activity Report of the EU Mission on Adaptation to Climate Change txostenean. Bertan, eskualdeen eta hirien aurrerabidea ebaluatzen da, kasu arrakastatsuak identifikatzeko, praktika onak partekatzeko eta ekintza klimatikoa bideratzeko. Txostenak Euskadi nabarmentzen du, beste eskualde batzuekin batera, tartean Toscanarekin (Italia), Azoreekin (Portugal) eta CARDIMED eta CLIMATEFIT proiektuetan parte hartzen duten eremu mediterraneoekin batera, egindako aurrerapenengatik eta ezagutza beste herrialde eta eskualde batzuetara transferitzeko gaitasunagatik.
“Egokitzapenaren arloan duen ikuspegi integral eta aurreratzaileagatik aitortu da Euskadi, Eusko Jaurlaritzak garatutako plangintza klimatikoaren bi hamarkada baino gehiagotan oinarrituta. Arlo horretan aurrera egiten jarraitzeko, ekintza klimatikoaren arrakasta edo porrota gaur aurkezten ditugunak bezalako proiektu erakusleak sustatzeko gaitasunaren araberakoa izango da”, nabarmendu du Jauregik.
Proiektu erakusle horien helburua da Euskadin klima-aldaketara egokitzeko soluzio integratuen multzo bat ezartzea, honako hauek ahalbidetuko dituzten jardueren bidez:
- Arriskuei aurrea hartzea eta klima-aldaketarekiko erresilientzia handitzea.
- Lankidetza publiko-pribatuko esku-hartzeak garatzea, eragile guztiak prozesuan inplikatuz.
- Egokitzapenean egindako inbertsioa errentagarria dela eta proiektu horiek Euskadin zein Euskaditik kanpo erreplika daitezkeela erakustea, eta horrek gure enpresa-sarearentzat negozio aukera bat dakarrela.
Zarautz eta Bakioko jarduerak partzialki finantzatzen ditu LIFE IP Urban Klima 2050 proiektu europarrak. Era berean, Txingudiko jarduera batzuk Horizon Regions4Climate proiektu europarrak eta Next funtsek finantzatzen dituzte. Zarautz, Bakio eta Txingudiko proiektuetan falta diren partidak finantzatzeko aukerak bilatzen ari da orain Eusko Jaurlaritza, baita Bilbo eta Astegietako proiektuak abian jartzeko ere. Horregatik, aste honetan bertan, Josu Bilbao Ingurumeneko sailburuordea eta Adolfo Uriarte Natura Ondarea eta Klima Aldaketara Egokitzeko zuzendaria Nizara joango dira, Europako Inbertsio Bankuarekin (EIB) aldebiko bilera bat egiteko eta 5 proiektu erakusle horietarako finantzaketa erakartzeko aukerak aztertzeko.
“EIBk klima-aldaketarekiko ditugun zaurgarritasun- eta arrisku-analisiak ezagutzen ditu, eta Euskadiri laguntzeko interesa agertu du, gure egokitzapenaren bide-orria zabaltzeko. Ziur nago proiektu horien garapena eta haien sistematika eredu izango direla beste lurralde batzuetarako, eta Euskadiri eta haren ehunari beste merkatu batzuetan espezializatutako aholkularitza teknikoak eta enpresak kokatzen lagunduko diela. Sektore pribatua, finantza- eta aseguru-erakundeak eta herritarrak klima-aldaketara egokitzeko proiektuetan inplikatzeko erronka dugu. Proiektu erakusle horien garapenak erronka horri aurre egiteko aukera bat izan behar du”, nabarmendu du Jauregik.
Ekoetxea Añana-Gatz Harana ingurumen-zentro berria
Gobernu Kontseiluak, Ingurumenaren Mundu Eguna dela eta, gaur bere ohiko tokitik kanpo egin du bilera, Añanako Gatz Haranean, etorkizunean Ekoetxea Añana-Gatz Harana kokatuko den lekuan.
Euskadiko ingurumen-zentroen Ekoetxea Sarea bost zentro propiok osatzen dute gaur egun: Urdaibai eta Meatzaldea, Bizkaian; Txingudi eta Azpeitia, Gipuzkoan; eta berriki Añana, Sobrongo Uraren Museoaren instalazio zaharretan, Araban. Laster osatuko da Gatz Haranaren zentroarekin. Ekoetxea bakarra da, beraz, Ekoetxea Añana, bi azpiegoitzarekin: Ekoetxea Añana-Sobron eta Ekoetxea Añana-Gatz Harana.
Gatz Haranean kokatuko den zentroa “Biltegi Handi” zaharraren hondakinen gainean eraikiko da, eta oraindik dagoen egitura birgaituko da. Eraikinak sotoa, erdisotoa, beheko solairua eta lehen solairua izango ditu, 640 m2-ko azalera erabilgarriarekin eta 728 m2 inguruko azalera eraikiarekin.
Lizitazioa ekainaren amaieran argitaratuko da, eta obrak 2026ko udaberrian hastea espero da. Etorkizuneko Ekoetxea Añana-Gatz Haranaren obra gauzatzeko kontratuaren balio zenbatetsia 2,7 milioi eurokoa da.
Ekoetxea Euskadiko ingurumen-zentroen sareak funtsezko zeregina du ingurumenaren arloko sentsibilizazioan eta hezkuntzan, batez ere gazteenen artean, eta Añanako Gatz Harana leku paregabea da, bertako natura, kultura eta paisaiaren balioagatik eta urtean 90.000 bisitari jasotzeagatik.
Eskola Jasangarritzat aitortutako bederatzi ikastetxe
Gobernu Kontseilua amaitu ondoren, Euskadiko Eskola Jasangarriak-Escuelas Sostenibles sarean sartzen diren ikastetxeei aintzatespenak eman zaizkie. Ekitaldian buru izan dira Imanol Pradales lehendakaria, Begoña Pedrosa Hezkuntzako sailburua, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasunaren sailburua eta Josu Bilbao Ingurumeneko sailburuordea, Adolfo Uriarte Natura Ondare eta Klima Aldaketara Egokitzeko zuzendaria, baita Berritzeguneko lantalde teknikoa ere, Euskadiko hezkuntzako prestakuntzan eta berrikuntzan laguntzeko sarea.
Oraingo honetan, hiru lurraldeetako 9 ikastetxeri aitortu zaie berrikuntzaren, kalitatearen eta ingurumenarekiko konpromisoaren alde egindako apustua:
- La Inmaculada HLHI, Barakaldo
- Uribarri BHI, Basauri
- Assa Ikastola HLHI, Lapuebla de Labarca
- Nuestra Señora de las Mercedes HLHI, Leioa
- Muskiz BHI
- Jakintza Ikastola HLHI, Ordizia
- Otxartaga HLHI, Ortuella
- La Salle-San José HLHI, Zarautz
- Lizardi BHI, Zarautz