Nora Beltrán de Otalora Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapen, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Elikagaien Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak Arabako gizarteari dei egin dio “landa eta kirola bateratzeko datorren larunbatean, ekainaren 7an, Topa! Gasteiz jaian”, Arabako hiriburuko Matxete enparantzan, VI. Half Gasteiz Triatloiarekin bat egingo baitu.
Unai Agirre Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren koordinatzailearekin, Noemi Agirre Arabako Foru Aldundiko Nekazaritzako diputatuarekin, Beatriz Artolazabal Gasteizko Udaleko alkateordearekin, Maite Retolaza Euskal Sagardoa Jatorri Deituraren presidentearekin eta Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako ekoizle eta sagardogileekin batera, Eusko Jaurlaritzako Elikaduraren Kalitate eta Sustapeneko zuzendariak gaur aurkeztu du datorren larunbatean, ekainaren 7an, Matxete enparantzan egingo den eta euskal sagardoa protagonista izango duen jardunaldia.
“Topa! Gasteiz aukera paregabea da ekoizleek beren lana argitara emateko. Larunbatean bertan Alde Zaharreko kaleetan zehar korrikan arituko dira VI. Half Gasteiz Triatloiko korrikalariak ere. Lehen begiratuan, badirudi Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak ez duela zerikusi handirik Triatloiarekin, baina, egia esan, uste baino balio gehiago dituzte amankomunean”, aipatu du Beltrán de Otalorak.
Lana
“Larunbatean helmuga zeharkatuko duten triatletek hilabeteak edo urteak daramatzate entrenatzen, elikadura zaintzen, lesioak eta mugak gainditzen. Lan eta diziplina handia dago kilometro horien guztien atzean. Gauza bera gertatzen da gure sagardoarekin. Botila bakoitzaren atzean belaunaldi askoren lana dago, eta kalitatearen aldeko apustua, bertakoa denaren aldeko apustua eta gauzak ongi egiteko konpromisoa. Sagarra kontu handiz zaintzen da eta prozesuak pazientzia eskatzen du, eta denbora luzearen ondoren saria iristen da: gure lurraldeaz, bertako jendeaz mintzo den kalitate handiko produktua. Denborarekin eta arimarekin egiten denak aho zapore ona uzten du beti”, esan du zuzendariak.
Gaur, asteartea, egin den ekitaldian Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak 2024ko uztako sagardoa aurkeztu du Gasteizko Aihotz Plazan. Euskal Sagardoa Jatorri Deitura osatzen duten Euskadiko 48 sagardogilek egindako 110 produktu, 250 ekoizleren sagarrarekin eginak, guztiak desberdinak eta bere nortasun propioa dutenak.
“2024ko uzta aurrekoa baino txikiagoa izan da bolumenari dagokionez, eta guztira 1,3 milioi litro egin dira Jatorri Deiturarako, bildutako 2,3 milioi kg sagarrekin. Orokorrean, izaera duten sagardoak dira, ahoan luzeak eta oso aromatikoak”, adierazi du Unai Agirrek.
Sagardotegi bakoitzak eta sagardo bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Alde horretatik, aldaketak gertatzen ari dira sagardoaren sektorean produktu oso berezi eta berritzaileekin: sagasti bakarreko sagardoak, barietate bakarrarekin eginak, onduak eta egur ukitua dutenak. Sektorea etengabeko berrikuntzan eta dibertsifikazioan murgilduta dago, eta biak ere alderdi garrantzitsuak dira egungo merkatuan.
Jatorri Deituraren sustatzaileek azpimarratu dutenez, “urte askotako lanaren emaitza da hau, eta, batez ere, sagardoaren etorkizunaren aldeko apustu argia. Eta etorkizun hori elkarlan estuan lantzen ari dira administrazio publikoak eta sagarraren eta sagardoaren sektoreak.
Topa! Gasteiz
2024ko uzta berria, botilan, Gasteizko Matxete (Aihotz) enparantzanaurkeztuko da larunbatean, ekainaren 7an. Orain arte txotxean dastatu ahal izan diren eta botilan merkaturatzen hasita dauden sagardoak izango dira. Euskal Sagardoa Jatorri Deitura 2016an sortu zen, eta ordutik ibilbide luzea egin du garapenean eta hobekuntzan, bai sagastietan, bai produktuaren kalitatean eta ondorengo merkaturatzean.
Euskal Sagardoa merkaturatzeko bideak indartzeko aritu da lanean azken urteotan, bai linealetan, bai ostalaritzan, bai zuzeneko eta online salmentan. Azpimarratzekoa da Jatorri Deitura duten sagardoak saltzeko eta salmenta sustatzeko lankidetza. Helburua aurreko urteetan egindako bideari jarraipena ematea eta salmentak handitzea da. Horretarako, estrategiak garatzen dira Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan.
Afaria
Topa! Gasteiz jardunaldiko ekitaldien barruan, gaur arratsean afaria egingo da Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako sagardoekin Gasteizko jatetxean. Bertan parte hartuko dutenek jatorri-deituradun sagardo desberdinak dastatuko dituzte eta abian den dibertsifikazioa ezagutuko dute. Gainera, asmoa da Arabako ostalariek produktua hobeto ezagutzea eta “izen-abizenak” dituzten sagardo-kartak izatera animatzea.
Matxete (Aihotz) enparantzan larunbatean, ekainaren 7an egingo den Sagardo Egun herrikoian egun osoan dastatu ahal izango dira Gipuzkoako eta Arabako 11 sagardotegiren jatorri-deiturako sagardoak, eta produktuaren dastatze espresak egingo dira Mikel Garaizabalekin. Sagardo eguna goizez Mendialdeko Gaiteroak taldeak girotuko du eta arratsaldez La Txamak. Gainera, Eusko Label produktuen dastaketa ere izango da Txomin Parrillaren eskutik.
Honako sagardotegi hauek parte hartuko dute: Altuna (Urnieta), Añota (Azpeitia), Etxeberria (Astigarraga), Gurutzeta (Astigarraga), Isastegi (Tolosa), Iturrieta (Aramaio), Kuartango (Kuartango), Oiharte (Zerain), Petritegi (Astigarraga), Trebiñu (Askartza) eta Zelaia (Hernani).
Aihotz Plazako ekainaren 7ko programa (11:30-14:30 / 17:00-21:00): Euskal Sagardoa eta Eusko Label Pintxoak (Basatxerri solomoa pikillo-saltsarekin eta ajoarrieroa Euskaber arrautzarekin); dastaketa espresak: 12:00, 13:00, 14:00 17:30, 18:30 eta kontzertuak: 12:30 Mendialdeko Gaiteroak, 19:00 La Txama.
Informazioa
Euskal Sagardoa Jatorri Deitura Euskadiko sagarraren eta sagardoaren sektoreak eta administrazioek sustatutako proiektua da. Bere helburu nagusia da sagarraren eta sagardoaren sektoreari oinarri sendoa ematea, eta kontsumitzaileari, berriz, kalitate ziurtatua duen bertako produktua. Modu horretan, Euskal Sagardoa Jatorri Deitura jatorrian eta kalitatean oinarritu da.
Bertako sagarra: Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak 106 sagar-barietate homologatu ditu, eta horietatik 24 erabiltzen dira gehien. Barietate horiek dira sagardoaren sektorearen altxor nagusia, mendez mende transmititu eta transferitu direnak ondare naturala eta kulturala zaintzeko helburuarekin.
Kalitatea: Euskal Sagardoak kalitate-berme osoa eskaintzen digu, sagardotegitik hasi eta botilara arte. Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak analisi organoleptiko eta fisiko-kimikoak gainditzen ditu, Hazi Fundazioak kontrolatuta.
Katalogoa osatzen duten sagardotegiak: Araba: Kuartango, Iturrieta. Bizkaia: Axpe / Etxebarria / Uxarte. Gipuzkoa: Aburuza / Akarregi / Alorrenea / Altzueta / Altuna / Añota/ Araeta / Astarbe / Barkaiztegi / Begiristain / Bereziartua / Egi-Luze/ Eguzkitza / Ekain / Etxebarria / Etxeberria / Eula / Gartziategi / Gaztañaga / Gurutzeta / Iparragirre / Ipintza / Irigoien / Isastegi / Itxasburu / Izeta / Larrarte / Lizeaga / Mizpiradi / Oianume / Oiharte / Ola / Petritegi / Saizar / Sarasola / Satxota / Tximista / Txindurri-Iturri / Urbitarte / Urdaira / Zabala / Zapiain / Zelaia. Euskal Sagardoak elkarlanean dihardu Iparraldeko eta Nafarroa iparraldeko ekoizle eta sagardogileekin. + info info@sagardoa.eus