Eusko Jaurlaritza da Arku Atlantikoko Batzordearen 2025eko Batzar Nagusiaren buru

0

Batzarrak Atlantikoko fatxadaren orainerako eta etorkizunerako garrantzi handiko gaiak jorratuko ditu

Eusko Jaurlaritzak zuzenduko du Arku Atlantikoko Batzordearen Batzar Nagusia, gaur eta bihar Sevillan egingo dena.

Euskadi buru duen seigarren Batzar Orokorra da, 2020tik Arku Atlantikoaren Lehendakaritza duena. 2024ko urrian Maltan egin zen Itsas Eskualde Periferikoen Konferentziako (CRPM) Batzar Nagusiak Imanol Pradales lehendakaria izendatu zuen Arku Atlantikoko Batzordeko (CAA) presidente 2024-2026 aldirako.

Lehendakariak berak ezin izan du parte hartu bi jardunaldietan, bihar Bartzelonan egingo den Presidenteen Konferentziaren deialdia dela eta. Eusko Jaurlaritzaren izenean, Ander Caballero Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globaleko idazkari nagusia, Mikel Anton Europako Gaietarako zuzendaria eta Marta Marin Euskadiren Europar Batasunerako ordezkaria izango dira.

Batzarrak Arku Atlantikoa osatzen duten Europako lurraldeetako ordezkari politikoak biltzen ditu, Quebecekin batera, eta Atlantikoko fatxadaren orainerako eta etorkizunerako garrantzi handiko gaiak jorratuko dituzte. 2024an egindako lorpenak eta jarduera garrantzitsuenak berrikusteaz gain, barne-antolaketari buruzko lanetan aurrera egingo da, hala nola gobernantzan eta komunikazio-estrategian.

Bestalde, gaur egun EBn egiten diren eta Arku Atlantikoko Batzordeko kideei bereziki interesatzen zaizkien proposamen eta eztabaida sakonei heltzeko balioko du topaketak, 2027aren osteko Europako finantza-esparru berria edo EBren etorkizuneko portu-estrategia, horien artean.

Makroeskualde Atlantikoaren proiektuari dagokionez (euskal presidentziaren proposamen ikurra), haren ibilbide-orria onartzea da helburua, funtsezko urratsa baita Europako esparruan gure ahotsa eta anbizioa sendotzeko. Bilera amaitzeko, adierazpen politiko bateratu bat egingo da, Arku Atlantikoaren Batzordeko kideen arteko lankidetzan jauzi kualtitatiboa dakarten hainbat konpromiso ezartzen dituena.

Arku Atlantikoko Batzordea

Arku Atlantikoko Batzordea Itsas Eskualde Periferikoen Konferentziako (CRPM) sei batzorde geografikoetako bat da, eta bere ekintza, bere eskualde kideen itxaropenetarako espezifikoa bada ere, esparru orokorrago horretan kokatzen da.

Arku Atlantikoko Batzordea 1989an sortu zen Faron (Algarve, Portugal). Sei estatutako eskualdeek osatzen dute. 60 milioi biztanle inguru ditu, eta Europako biztanleriaren % 12 da.