Eusko Jaurlaritzak Dublingo International Social Housing Festival 2025 foroan aurkeztu du bizitegi-merkatu tentsionatuari erantzuteko bere bide-orria

0

Eusko Jaurlaritzak International Social Housing Festival 2025en parte hartuko du ostiral honetan. Foro hau Dublinen garatzen ari da ekainaren 4tik 6ra, etxebizitzari eta hiri-berroneratzeari buruzko politika publikoak partekatzeko, bizitegi-merkatuak gero eta tentsionatuago dauden Europako testuinguru batean.

Euskadiko ordezkaritzaren buru Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburua eta Ana Telleria Auzoak Berroneratzeko eta Hiri Agendako zuzendaria izango dira, eta biharko jardunaldian parte hartuko dute.

Itxasok Europako etxebizitza eskuragarriaren erronkei buruzko mahai-inguru batean egingo du. Ondoan izango ditu Grace McManus, Irlandako Gazteriaren Kontseilu Nazionaleko ordezkaria, Martin Colreavy, Irlandako Etxebizitza, Toki Gobernu eta Ondare Saileko Entrega Estrategikoaren eta Etxebizitza Eskuragarriaren arduraduna, eta Ciaran Mullooly europarlamentaria.

Eusko Jaurlaritza nazioarteko foro horretan egoteak, gainera, Etxebizitza Plan Zuzentzailea 2025-2027ren edukia proiektatzea du helburu. Asmo handiko ibilbide-orri horren ondorioz erregistratu da jada Eusko Legebiltzarrean Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren arloko Premiazko Neurriei buruzko Legearen proposamena. Arau honek Europako hiri handi guztiei eragiten dien bizitegi-merkatuko tentsionamenduaren fenomenoari erantzuten dio, eta funtsezko neurri hauek planteatzen ditu:

  • Etxebizitza publikoen parkea handitzea.
  • Hirigintza-izapideak arintzea.
  • Etxebizitzaren erabilera turistikoak kontrolatzea.
  • Hiri-jasangarritasuna sustatzea.
  • Bizitegi-merkatuko eremu tentsionatu izendatutako udalerrietan esku hartzea.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak gazteen emantzipazio-politikak azpimarratuko ditu, bere ekintza publikoaren lehentasunezko ardatza baita. Gaztelagun eta Emantzipa bezalako programak funtsezko tresnak dira gazteei etxebizitza duina eta eskuragarria izatea bermatzeko, bai alokairurako laguntzen bidez, bai zuzkidura-bizitokien moduko formulen bidez.

Bestalde, Ana Telleriak beste mahai-inguru batean parte hartuko du, non hiria berroneratzeko euskal eredua azalduko duen, herritarren parte-hartzean, jasangarritasunean eta tokiko gobernantzan oinarrituta. Bere hitzaldian, Telleriak balioan jarriko du Eusko Jaurlaritzak sustatutako Opengela programa, eraldaketa-prozesuan dauden auzoetako erdigunean kokatutako hurbileko bulego teknikoak bultzatzen dituena. Bulego horiek leihatila bakar eta zentro dinamizatzaile gisa lan egiten dute eraikinen birgaitze integralerako eta espazio publikoa hobetzeko prozesuan, hori guztia ikuspegi komunitario eta parte-hartzaile batetik.

International Social Housing Festival 2025 foroan parte hartzeak indartu egiten du Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak Europa mailako jardunbide egokien trukearekin, etxebizitza-politika publikoen berrikuntzarekin eta herritarren beharretara egokitutako irtenbide jasangarri, bidezko eta egokituen bilaketarekin hartua duen konpromisoa.