UNESCOren ‘GEM-Report’ txostenaren Aholku Batzordearen batzarretan parte hartzen ari da Eusko Jaurlaritza; munduan hezkuntzaren jarraipena egitea da txosten horren xedea

0

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailaren, Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren Idazkaritza Nagusiaren eta Euskadiren Parisko Ordezkaritzaren hainbat ordezkari UNESCOk Frantziako hiriburuan duen egoitzan antolatzen ari den GEM (Global Education Monitoring) txostenaren Aholku Batzordearen X. bileran parte hartzen ari dira.

GEM txostena ospe handikoa da, eta 2015eko Hezkuntzaren Munduko Foroan 160 gobernuk adostutako aginduan du iturria; hain justu ere, Garapen Jasangarrirako Helburuei (GJH) jarraiki hezkuntzan aurrerapenak bideratu, ikuskatu eta jasotzeko agindu zuten gobernu horiek, 4. GJHren jarraipena egiteko esparruari arreta berezia eskainita. UNESCOren barruan 4. GJH ebaluatzeko eremua egina eta plazaratua dago jadanik, argitalpen-askatasun osoz.

Txosten honek datu, froga eta aholku zorrotz sorta bat eskaintzen die, bai politikan erabakiak eta ardurak hartu behar dituztenei, bai ikertzaileei, hezkuntzan elkarrizketa politikoa eta berdinen arteko ikasketa hobetu ahal izateko, bai eta hezkuntza-sistema, -plan, -politika eta -aurrekontuak indartu ahal izateko ere, betiere 4. Garapen Jasangarrirako Helburua erdieste aldera.

Era berean, txostenaren informazio eta datuek nazio barruko eta nazio arteko estrategiak aplikatzeko baliabide bat ere ipintzen du eskura, konpromisoen betetze-maila neurtzeari begira, Garapen Jasangarrirako Helburuen berrikusketa eta jarraipena egiteko prozesu osoaren barruan.

Euskadin, ‘GEM txostenak’ zabalkunde egokia izan du; izan ere, txosten hau urtean behin argitaratzen da, eta, horretaz gain, UN Etxeak euskarara itzultzen du.

Aholku Batzordea

Jutta Urpilainen Nazioarteko Elkarteen Europako komisario ohi eta Finlandiako Gobernuaren Ogasun ministro ohi eta presidenteordea buru delarik, Aholku Batzordeak hainbat gairi buruzko jarraibideak eskaintzen dizkio taldeari, hurrengo edizioetako eskemei buruz, txostenaren garapen osoari buruz, etorkizuneko gaiei buruz edo komunikazio estrategiei buruz, beste arlo batzuen artean.

Norvegia, Australia, Zeelanda Berria, Irlanda, Erresuma Batua, Kanada, Suedia, Suitza eta beste herrialde batzuekin batera, atzo eta gaur, hurrengo urteetarako txostenetarako ikuspegi berriez, produktu berrien gaiez eta produktu berri horiek komunikatzeko modalitate berriez eztabaidatzen dihardu Euskadik. Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak, Ander Caballero Kanpo Harremanen eta Euskadi Globalaren idazkari nagusiak eta Arantza Lopez de Munain Euskadiren Frantziako ordezkariak gidatzen dute Euskadiren ordezkaritza.

Aholku Batzordean UNESCOren eta Nazio Batuen agentziak daude, bai eta hezkuntzarekin, gazteriarekin eta haurtzaroarekin lotutako nazioarteko alde askotako zenbait erakunde ere, besteak beste, OCDE, Hezkuntzaren Aldeko Munduko Aliantza, UNICEF edo Munduko Bankua. Horiekin batera, honako eskualde mailako erakunde hauek ere Aholku Batzordearen parte dira: OEA, ASEAN, ALECSO, SADC, bai eta gizarte zibila ere Ikasleen Munduko Foroa, Hezkuntzaren aldeko Munduko Konpainia eta gisa horretako ordezkarien bitartez. Horiekin guztiekin hartu-eman aberasgarria izango du Eusko Jaurlaritzak eta munduko esparru desberdinetako hezkuntzari buruzko ikuspegi baliotsuak partekatu ahalko dituzte.

Aholku Batzordean estatu barruko entitateak sartu izana ekarpen berria izan da ‘GEM txostenaren’ ibilbidean, eta UNESCOk GEM lantaldeari tokiko izaera sendoagoa eransteko nahiari erantzuten dio, izan ere, UNESCOren arabera, ezaugarri lokal nabarmenagoak edukita, txostenaren eduki eta gomendioek eragin handiagoa lortuko dute.

Testuinguru honetan, Euskadi Aholku Batzordean sartu izana aukera paregabea da, 2030 Koalizioaren barruan Euskadik duen aparteko kokagunea balioan jartzeko eta erakunde horren barruan duen talaia berezi horretatik, estatuaren barruko erakundeek ‘GEM txostenari’ egin ahal dizkioten ekarpenen buru izateko.