Eusko Jaurlaritzak ibilgailu elektrikoak erosteko 15 milioi euroko laguntzak abiaraziko ditu

0

Eusko Jaurlaritzak, EEE – Energiaren Euskal Erakundea-ren bitartez, bihar,  ekainak 18, asteazkena argitaratuko du MOVES III 2025 trakzio elektrikoko ibilgailuak erosteko laguntza programa. Ekainaren 25etik aurrera egin ahal izango dira programa honetarako eskabideak. Deialdiak 14,9 milioi euroko aurrekontua izango du mugikortasun iraunkorra sustatzeko eta kargatzeko guneak ezartzeko helburuarekin. Auto bakoitzeko 7.000 eurorainoko dirulaguntzak emango dira.

Laguntza horien helburua da ibilgailuen parkea elektrifikatzea eta motorizazio elektrikoko 2.000 ibilgailu berri inguru erosten laguntzea. Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak nabarmendu duenez, «herritarrei emisio gutxiago sortuko dituzten ibilgailu berriak eskuratzen lagundu behar diegu, aldi berean, automobilgintzaren sektorea babestu dezagun, funtsezkoa dena euskal ekonomiarentzat, Euskadin 40.000 lanpostu sortzen baititu».

«Eusko Jaurlaritzak, mugikortasun jasangarrian aurrera egiteko, neutraltasun teknologikoaren aldeko apustua egin du – adierazi du sailburuak-, ibilgailu elektrikoei laguntzea beharrezkoa da,  jakina, baina baita emisio gutxiagoko beste ibilgailu batzuei ere laguntza ematea, garraioaren deskarbonizazio orekatua eta adimenduna bultzatzeko».

70 milioi Emaitek Industria Hobea eta Azpitek programetarako

Gobernu Kontseiluak onartu du, datozen egunetan, bi izapide abian jartzea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) zentro teknologikoei laguntzeko: Emaitek Industria Hobea programa batetik  (58,5 milioi euro) eta Azpitek programa (9 milioi euro), bestetik.

Eusko Jaurlaritzak denboran mantendu duen babes eta laguntzari esker, sarean modu osagarrian eta koordinatuan lan egitera bideratutako azpiegitura zientifiko eta teknologikoak sendotu dira, bai merkatuaren ikuspegitik eta baita bezeroarekiko hurbiltasunaren ikuspegitik ere. Horri esker, Euskadi Europar Batasuneko berrikuntza handiko eskualdeen artean kokatuta dago.

ZTBESen egiaztatutako foku anitzeko zentro teknologikoak egonkortutako ikerketa-azpiegiturak dira, eta ondo gaituta daude euskal industriari laguntzeko, balioa emango dioten soluzio teknologiko bikainak sortuz; elkarlanean aritzeko konpromisotik abiatuta,  elkarrekin, zientzia- eta teknologia-eskaintza integrala eta bikaintasunezkoa osatzeko.

Programa horien helburua da, beraz, enpresa-sektorearen lehiakortasuna handitzea eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean (ZTBES) integratutako ikerketa-eragileen emaitzetan bikaintasuna lortzea.

481 fundazio aktibo Euskadin

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernuko sailburuak, Gobernu Kontseiluaren aurrean aurkeztu du «Euskadiko Fundazioen Sektorea eta Onura Publikoko Asoziazionismoa» izeneko txostena, 2023. urteari dagokiona. “Fundazioen sektoreak pisu eta garrantzi handia du Euskadin, bai maila ekonomikoan, bai sozialean, 481 fundazio aktiborekin 2023an” adierazi du Mari Ubarretxenak. “7.800 milioi eurotik gorako ondare garbia dute, 700 milioi eurotik gorako balio erantsia sortzen dute eta 1.560 milioi euroko diru-sarrerak kudeatzen dituzte” gehitu du.

Euskadiko fundazioek %4,7 handitu zuten beren enplegu-tasa Euskadin 2023. Urtean, 700 lanpostu zuzen berri baino gehiago sortuz. Emakumeen enplegu-mailari dagokionez, Euskadiko fundazioetan %57koa da, eta erabaki-organoetan dagoen desberdintasuna murriztuz doa, emakumeak %36 izanik.

Dirulaguntza deialdi berriak kultur arloan

Gobernu Kontseiluak kultur arloko bi dirulaguntza deialdi onartu ditu gaur. Batetik, 2025erako, kultura-arlo desberdinetan jaialdiak antolatzeko deialdia; bereziki, musikan, arte eszenikoetan, liburugintzan, ikus-entzunezkoetan, arte bisualetan eta sormen-jardueretan. Ubarretxenak azaldu duenez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bikoiztu egingo du deialdi honetarako diru-zenbatekoa eta 800.000 eurokoa izango da aurrekontua.

Bestetik,200.000 euro bideratuko dira euskal kultura-ondarea —adierazpen immaterialak alde batera utzita— osatzen duten elementuei buruzko ikerketa-lanak egiteko deialdira 2025ean eta 2026an.  “Proiektuek %100eko dirulaguntza jaso ahal izango dute, baina 15.000 euro gehienez” adierazi du bozeramaileak.

Doakotasunerantz euskara ikasteko prozesuan

Gobernu Kontseiluak ia 3 milioi euroko partida bat bideratzea onartu du Euskadiko euskaltegietako ikasleen euskara ikasteko prozesua diruz laguntzeko, euskara ikastea doan izateko prozesuan Jaurlaritzak hartutako konpromisoan aurrera egiteko. Edozein mailatan komunikazio-gaitasuna lortzen edo egiaztatzen dutenek jasoko dute dirulaguntza hau: A1, A2, B1, B2, C1 eta C2.

Bizialdi osoko ikaskuntza ekintzetarako laguntzak

Azkenik, Ubarretxenak gaur onartutako bizialdi osoko ikaskuntza erabilgarriko ekintzak garatzen dituzten jarduerak egiteko laguntzetarako deialdiaren berri eman du. Honek 930.000 euroko diru-kopurua du guztira.

Deialdiak etengabeko ikaskuntzako bi jarduera mota finantzatuko ditu, jakintzaren edozein eremutan, pertsona helduen jakintza-maila, konpetentzia-maila eta trebetasun-maila handitzeko eta herritartasun aktiboa sustatzeko.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena