Zabaldu dute Multikirol eta JolasHezi programetarako izen-ematea Azpeitian

0
Herriko hiru ikastetxeek, Azpeitiko Udala bidelagun zutela, Azpeskirola elkartea sortu zuten iaz, herriko eskola kirola garatzeko. 2024-2025 ikasturtea izan da lehena, eta bi programetako saioak amaitu berri diren honetan, balorazio ona egin dute elkarteko ordezkariek.

“Azpeitiko Eskola Kirol planean jaso genituen eginbeharrak eta helburuak betetzeko lehen urratsak egin ditugu, eta oraindik zer hobetua badaukagun arren, bide zuzenetik goazela uste dugu”, esan du Ion Oteiza Kirol batzordeburuak. 600 ume baino gehiagok parte hartu dute Multikirola eta Jolas Hezi programetan.

Derrigortasunaren inguruko eztabaidaren ondorioz, albiste izan da eskola kirola azken hilabeteotan, eta egoerak “ziurgabetasuna” sortzen duen arren, Azpeskirolaren helburuak ez dira aldatu: “Herriko gaztetxoen beharrak ondoen asetuko dituen kirol hastapen eskaintza egitean jarri behar dela fokua uste dugu, eta hori da gure helburua. Horretarako, herriko gainontzeko kirol nahiz bestelako eragileekin elkarlanean aritzea ezinbestekoa dela uste dugu eta hori litzateke gure nahia”, adierazi du Mikel Segurola dinamizatzaileak.

Bi berrikuntza nagusi

Formatua aurtengo berbera izango bada ere, 2025-2026ko eskola kirolak bi berrikuntza nagusi izango ditu. Alde batetik, multikirol formatuaren onurak eta oro har kirol hastapenaren hausnarketarako elementuak plazaratzeko atal berri bat jarriko dute martxan webgunean, eta bertan gaiari loturiko artikulu eta lotura interesgarriak gehitzen joango dira.

Bestetik, zenbait entitateren laguntza izango dute. “Honela, zerbitzua hobetzeko baliabideak izatea ahalbidetuko da, ikasleei eta familiei ahalik eta esfortzu ekonomiko txikiena eraginez”, esan du Segurolak. Domusa, Rural Kutxa, Biele, Bertan merkatari elkartea eta GUKA izango dira laguntzaileak.

Kuota berberak

Multikirol nahiz JolasHezi programen kuota mantendu egingo dute: 75 euro Multikirolekoa eta 40 euro JolasHezikoa. Dagoeneko eman daiteke izena azpeitikoeskolakirola.eus atarian. Maila bakoitzean zer egunetan izango diren saioak ere jakinarazi dute:

LH1-LH2 (JolasHezi): asteazkenak
LH3: astelehen eta ostegunetan, 17:15-18:15
LH4: astearte eta ostiraletan, 17:15-18:15
LH5: astearte eta ostegunetan, 18:15-19:15
LH6: astelehen eta ostiraletan, 18:15-19:15