Europako Kopako freestyle moto-kros proba, Azpeitian

0
Motor gidarien abilezia eta argi eta soinu ikusgarriak uztartuko dituen ikuskizuna izango da Azpeitian uztailaren 19an: lehen aldiz, freestyle moto-kros proba bat jokatuko da zezen plazan; gainera, Europako Kopako proba izango da. Lau motor gidari ariko dira lehian, nork trikimailu hobeak egin. Lau horietako bat Remi Bizouard frantziarra izango da, hirutan munduko txapeldun izan dena.

Gaur egindako aurkezpenean Ion Oteiza Kirol batzordeburuak azaldu zuenez, Gestevent Global enpresako ordezkariak jarri ziren harremanetan udalarekin, proba antolatu nahi zutela esanez. «Proposamena aztertu genuen, eta ikusiz herritarrentzat ekitaldi polit bat izan zitekeela, baiezkoa eman genien». Probarako hilabete baino gehiago falta den arren, dagoeneko sarrera asko daude salduta, eta Oteizaren hitzetan, horrek erakusten du «ilusioa» eragin duela probak.

Gauez izango da, 22:00etatik aurrera, ikusgarriago egiteko, eta ordu eta erdi inguruko iraupena izango du. 15 metrotik gorako jauziak egin ohi dituzte gidariek. Bizourdez gain, Diogo Ribeiro portugaldarra eta Rayco Diaz eta Dani Martinez espainiarrak izango dira Azpeitian.

Melody Llanos Gestevent enpresako ordezkariaren arabera, zezen plaza betetzea espero dute. «Motor zaleentzat ez ezik, umeentzat ere egokia da ikuskizuna». Euria egin arren ere, jokatu egiten da proba.

Sarrerak salgai daude dagoeneko, www.enterticket.es helbidean eta Azpeitiko Jim Clark tabernan. Prezio orokorra 25 euro izango da, baina merkeago ere eskuratu ahal izango dira, promozioen bidez. VIP sarrerak ere egongo dira, 50 euroan. Sarrera horiek erosten dituztenek entrenamenduetara ere doan joan ahal izango dute, kamiseta pertsonalizatu bat jasoko dute, gidariekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute eta ilararik egin beharrik ez dute izango.