- Esportazioen hazkundea baldintzatuko dute AEBetako muga zergen mehatxuek eta Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gerrak areagotzeak
- Barne eskariak dinamismoari eutsiko dio eta langabezia tasak % 6,6ra jaisten jarraituko du datorren urtean, lanaldi osoko milioi bat lanpostuen muga nabarmen gaindituz
Beste hiruhileko batez, Euskadi sendo ari da aurrera egiten. “Euskal ekonomiak egonkor jarraitzen du, % 2,1eko hazkundearekin eta enpleguak gorantz”, nabarmendu du Mikel Torres Lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak, Ekonomia Zuzendaritzak egindako 2025-2026 aldirako aurreikuspen makroekonomiko berrien aurrean. EAEko BPGa % 2,1 haziko da aurten, Eusko Jaurlaritzak martxoan ezarri zuen hamarren bateko igoera sendotuz, eta % 1,7 2026an, duela hiru hilabete aurreikusitakoa baino hamarren bat gutxiago.
Beheranzko berrikuspen arin horren arrazoia da “esportazioek gorakada txikiagoa izango dutela ziurgabetasun egoeran eta hazkunde txikiagoa izango duten euroguneko herrialdeetan”, eta, oro har, herrialde garatuetan, AEBetako muga zergen mehatxuen eta Ukrainako eta Ekialde Hurbileko gatazka belikoak areagotzearen ondorioz, Iñaki Ruiz Ekonomia sailburuordeak azaldu duenez.
Testuinguru horretan, EAEko ekonomia batez ere barne eskariaren sendotasunagatik haziko da, % 2,3 aurten eta % 1,9 2026an. “Barne eskariaren bi osagaiek oreka handiko irudia eskaintzen dute”, baieztatu du. Ildo horretan, azpimarratu behar da “familien kontsumoak bizi duen une ona, enplegua sortzeari, inflazioa kontrolatzeari eta soldaten eta pentsioen erosteko ahalmena berreskuratzeari esker”. Azken kontsumoak % 2,3 egingo du gora, eta kapitalaren eraketa gordinak, % 2,4.
Enpleguari dagokionez, langabezia tasak jaisten jarraituko du eta egungo % 7,0tik % 6,6ra jaitsiko da 2026an, euroguneko batez bestekotik gertu. Era berean, lanaldi osoko lanpostuei dagokienez, gaur egungo egoerak % 1,4ko hazkundea aurreikusten du aurten eta % 1,1ekoa 2026an, beheranzko berrikuspenarekin, hamarren bat urteko. “Tasa horien ondorioz, 14.000 lanpostu sortuko dira aurten eta beste 11.000 datorren urtean, eta horrek nabarmen gaindituko du euskal ekonomian milioi bat lanposturen muga”, berretsi du Torres Lehendakariordeak.
Dinamismo handia zerbitzuetan
Dinamismo handia aurreikusten da zerbitzuetan, martxoan aurreikusitakoa baino are handiagoa, eta sektore horrek duen balio erantsiak % 2,5eko hazkundea izango du 2025ean, eta % 1,8koa 2026an. Aipatu hazkundearen galera txiki hori datorren urtean enplegua erritmo baxuagoan haztearen eta turismoaren hazkunde handia agortzearen ondorio izango da.
Egoera horretan, industria da ziurgabetasunak eta nazioarteko merkataritza gelditzeak gehien eragingo duten sektorea, kanpoko lehiak gehien eragiten dion jarduera izanik. Aurten % 0,9ko hazkundea aurreikusten da, eta 2026an % 1,4ra bizkortuko da, ekonomiaren batez bestekora hurbilduz. “AEBetako merkataritza politikak euskal industriari kalte egiten dion arren, finantza kostuak murrizteak, beste arlo batzuekiko merkataritza arloko Europako akordioek eta iragarritako zerga bultzadak Europako industriaren susperraldia bultzatuko dute, baita Euskadikoa ere”, iragarri du Torres Lehendakariordeak.